MAR. 04 2019 Trinketea Hirugarrena Ducassouk Finalaren erdira arte Ospital izan da aitzinetik, baina Itsasukoak bere indarra baliatu du (40-27) irabazteko. Jon ORMAZABAL Trinketak gaur egun badu izen nagusi bat eta hori, ezbairik gabe, Battitta Ducassou da. Itsasuko atzelariak denboraldi bikaina borobildu zuen atzo Hazparnen jokatutako finalean Frantziako buruz buruko txapela jantzi eta garaipen hori Bartzelonan lortutako Munduko Txapelketari eta Superprestige torneoko garaipenari batuz. Aurtengo berezkoen txapelketa nagusia arraro samarra izan bada ere –lesioek asko baldintzatu dute lehiaketa–, Ducassouk urte bakoitiak maite dituela berretsi du, eta, 2015ean eta 2017an lortutakoen ondoren, hirugarren txapela eskuratu zuen bere lagun Mathieu Ospitali irabazita. Aurretik elkarren aurka buruz buru jokatutako sei partidak Ducassouk irabaziak zituen eta horrek faborito egiten zuen. Baina azken markagailuak aditzera ematen duena baino gehiago sufritu behar izan zuen garaipena eskuratzeko mukuru betetako Berria trinket eraberrituan. Hasiera urduria Hiru aste baziren bi pilotariek partidarik jokatzen ez zutela, eta, urduritasunak ere tarteko, Ospitalek askoz hobeto ekin zion finalari. Erremateetan oso zehatz eta jokoa ahal beste nahastuz, Urepelekoa 1-6 aurreratu zen eta aurtengoan Ducassouren horma botatzeko aukera izan zezakeela ematen zuen. Baina jokoan ezer berezirik egin gabe, txapelduna pixkanaka-pixkanaka konfiantza hartuz joan zen, aurkariak markagailuan alde handiegirik hartzen ez zuela ikusita. Hala, berehala eman zion buelta kontrako emaitzari eta zazpinakoa izan zen lehen berdinketa. Hortik aurrera finala oso orekatua eta lehiatua izan zen, kintzeak alde batera zein bestera joten zirelarik. Bakoitza bere estiloari fidel izan zen, indartsuago Ducassou eta artistago Ospital. Horrela heldu ziren, 19-19kora, partidako zazpigarren eta azken berdinketara. Atzelariak ez zuen joko ikusgarririk egin, baina jakitun zen partida gogortzea komeni zitzaiola eta erditik aurrera bere indarra eta fisiko itzela baliatu zituen markagailuan aurrera egiteko. Botez ere nahikoa asmatu zuen eta lehen pilotakadarekin ez bazen, bigarrenarekin min handia egiten zion Ospital bere lagun handiari. Urepelekoak ez zuen etsi, baina beste aukera baten zain geratu beharko du. URTE BIKAINA Denboraldia benetan bikaina izaten ari da Itsasuko atzelariarentzat, Bartzelonako Munduko Txapelketan urrezko domina, Frantziako buruz buruko txapela eta Superprestige torneoa irabazi baititu oso hilabete gutxian.