Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Ezohiko igoera Matterhorn mendiko mendebaldeko aurpegian

Joan den hilean, bi eguneko jardunean, Marco Majori eta Marco Farina italiarrek laumilako mitikoaren «Ottin-Daguin» bidea edo «direttissima eskalatu zuten. Marraren neguko bigarren igoera sinatu dute.

Euskal Herrian bezala, Alpeetako hainbat mendilerrotan ere antizikloi sendo batek baldintza egokiak eskaini ditu alpinismoaren praktikarako. Cervino edo Matterhorn mendian (4.478 m), adibidez, Marco Farina eta Marco Majori italiarrek neguko ezohiko igoera egin dute laumilakoaren mendebaldeko aurpegian. Hain zuzen ere, bi protagonistok “Ottin-Daguin” bidea eskalatu dute. Marra historiko horrek bisita gutxi izan ditu, eta baieztatuta dauden igoeren artean protagonistok sinatu dutena neguko bigarrena da.

Bide historikoa dela esan dugu, eta aurreratu behar dugu ere historia berezia zein liluragarria duela oso. Berez, direttissima deitzen diote. Baina sormen lan hori dezepzio batetik jaio zen. Haren sortzaileak Renato Daguin eta Giovanni Ottin mendi gidariak izan ziren. 1961. urtean, mendiaren italiar isuritik lehen igoera sinatu nahi zuten. Baina saioa bertan behera utzi behar izan zuten, besteak beste, taldekide batzuek lanera itzuli behar zutelako. Etsipen hori askatzeko, Daguin eta Ottinek mendebaldeko aurpegian bide berri bat sortzea erabaki zuten. Baina, lan kontuak zirela tarteko, berriro ere helburua alde batera utzi behar izan zuten. Hurrengo urtea izango zen arrakastarena. Hala, abuztuaren 13an, alpinistok Matterhornek igo gabe zuen aurpegia lehen aldiz igotzeko aukera izan zuten. Garai haiek izateko, lehen lerroko jarduera izan zen.

Hamasei urte igaro behar izan ziren direttissima horren lehen errepikapena heltzeko. Eta igoera horrek ere badu istorio berezia. Batetik, neguan eskalatu zelako. Eta bestetik, tragediak harrapatuta egon zelako. Eskalada ikusgarri horretan zazpi alpinistek hartu zuten parte. Den-denak italiarrak: Rolando Albertini, Marco Barmasse, Innocenzo Menabreaz, Leo Pession, Augusto Tamone eta Arturo eta Oreste Squinobal anaiak. Bi egun behar izan zituzten bigarren igoera hori sinatzeko. Eguraldia lagun izan zuten goranzko bidean, baina, gailurretik gertu zirela, bat-bateko ekaitz batek harrapatu zituen. Jaitsieran, erorikoa izan eta zendu egin zen Albertini. Barmassek, berriz, hanka bat hautsi zuen. Bibaka egin eta gero, aukera izan zuten Carrel aterpera iristeko. Eguraldia oso gaiztoa zenez, lau egun geroago, helikopteroz erreskatatu zituzten.

Jakina, Farina eta Majorik bakartuta dagoen eta oso hotza den murruaren istoriook ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Farinak berak honakoa aitortu du: «Matterhorneko mendebaldeko aurpegiak betidanik erakarri nau. Ipar isurian dauden Bonatti zein Pilloryren bideak eskalatu ondoren, mendebaldeko aurpegiko direttissima horretan saiatzea otu zitzaidan. Marra hori behin baino gehiagotan aztertu dut. Eta zalantzarik gabe aitor dezaket 1962ko lehenengo igoera eta 1978ko lehen errepikapenaren kontakizunak ondo ezagutzen ditudala. Mendebaldeko aurpegia ikusteak soilik zirrara sortzen du. Marco eta biok paretaren oinarrian geundela, ohartu ginen aurretik genuen igoera ez zela batere samurra izango. Eta hala izan zen».

Baldintza egokiak

Farinak onartu duenez, direttissima-k hortzak erakutsi zizkien. Nahiz eta 1962. urtean zabaldutako bidea izan, protagonistok errespetu guztiarekin eskalatzen hasi ziren. Hots, ez zuten batere gutxietsi nahi bidearen sortzaileen lana: «Bagenekien zer garaitan sortu zen, eta, agian horregatik, eskalada samurragoa espero genuen. Ez genuen muturreko zailtasuneko pasarterik espero, eta bai lasaiagoak. Agian, artifizialean luzeren bat. Baina marraren barruan ginenean, egoera erabat aldatu zen. Lehen zatian, arrokan egin behar ziren luzeak izoztuta zeuden. Eta horrek erritmoa mantsotu zuen; izan ere, geure buruak babesteko lekuak ez ziren batere agerikoak».

Lerrootako bi protagonistok Cerviniatik goizeko zortziak inguru irten eta eguerdirako mendebaldeko aurpegiaren oinarrian ziren. Aldez aurretik, ipar horma aztertu zuten, baina, oso lehor zegoenez, direttissima-ra joan ziren. Bidearen lehen zatiak oso zaila ez den korridore bat du. Ondoren, italiarrek beste goulotte batzuk eskalatu behar izan zituzten. Sekzio gehienak mistokoak eta oso tenteak ziren. Bigarren zati horretan, une arriskutsuak igaro zituzten: «Izotzaren zailtasuna ez zen oso gogorra, baina, nahiko hauskor zegoenez, torlojuak jartzeko komeriak izan genituen. Horietako bat sartzen genuen bakoitzean, izotza puskatu egiten zen».

Sekzio hori gainditu ondoren, protagonistok 3.560 metrora dagoen elur zelaira heldu ziren. Arratsaldeko seietan, erlaitz bat antolatu eta gaua han igarotzea erabaki zuten. Hamar orduko eskalada egin zuten lehen egunean. Biharamunean, lehenik eta behin, mistoko luzeak zituzten aurrez aurre: «‘Banda horiak’ izena hartu duen sekzioa zen. Luzeok babestea zaila izan zen. Arroka hauskorrean hiru luze gogor egin genituen. Bi pausu izan ezik, luzeok librean atera genituen. Ondoren, behin ‘Banda horiak’ gaindituta, Matterhorneko ‘burura’ iritsi ginen. Gainditu beharreko luzeak ez ziren oso samurrak izan. Ondoren, gailurra zapaldu genuen. Azken 400 metroetan bazirudien udaran eskalatzen ari ginela».

Tontorra 18:30ean egin zuten. Hamasei ordu jarraian eskalatu ondoren, mendebaldeko aurpegiaren sarrerara iritsi zirenean, eskiak jarri eta Cerviniara jaitsi ziren. Italiarrek onartu duten bezala, oro har, jarduera osoan zortea izan zuten lagun: «Tenperatura altuak izan genituen edonon, eta, zorionez, mendebaldeko aurpegian ere egokiak izan ziren. Ez zuen muturreko hotzik egin. Zero azpitik hamar gradura iritsi ginen, baina, lo-zakuak eraman genituenez, gaua erosoa izan zen. Bestalde, ‘Banda horietan’ ziri bat aurkitu genuen. Eta iltze bat azken arrokazko sekzioan; ziur aski, lehen igoeran erabili zutena».