EAEko euskarazko hedabideen aldeko apustu sendoa
10,5 milioi euro emango dituzte Lakuako Gobernuak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aldundiek. Euren artean lana banatuko dute dirulaguntzen fluxua hobetzeko. Maiatzerako sinatu nahi duten akordio hau 2017ko hasieran hasi zen gogoeta baten emaitza da.
Instituzioek argi dute euskararen normalizaziorako eta hedapenerako ezinbestekoak direla euskarazko hedabideak. Hori dela eta, 2017an martxan jarri zen proiektu bat akordio batean gorpuztu dute. Testuaren zirriborroa aurkeztu zuten atzo, Donostian, instituzioetako zein euskarazko hedabideetako ordezkariek.
Duela bi urte, Gipuzkoako Aldundiak eta euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak komunikabideen etorkizunari buruzko gogoeta abian jarri zuten. Gerora Lakuako Gobernuak eta Araba eta Bizkaiko diputazioek bat egin zuten ateratako ondorioekin. Hala, guztiek bat egin eta euskarazko hedabideei sustapena emateko akordioa lortu dute, 2019-2021 eperako balioko duena. Maiatzaren 26ko hauteskundeak baino lehen sinatzea espero dute.
Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan zuenez, akordio hau «azpimarragarria» izango da eta premiazkoa da, hizkuntzak «euskarazko hedabideak behar» dituelako: idatzizkoak eta ikus-entzunezkoak, orokorrak eta espezializatuak, tokikoak eta nazionalak, pribatuak eta publikoak. Dirulaguntza publikoak emateko azken deialdian, 2016-2019 eperako balio zuena, 137 hedabidek aurkeztu zituzten euren proiektuak eta horietako 117ri eman zieten laguntza.
Aurkeztu duten akordioaren xedea laguntza fluxu hori hobetzea da, eta horretarako, lan egiteko modua aldatuko da. Denera 10,5 milioi euro bideratuko dituzte instituzioek, orain arte baino 3,1 milioi gehiago. Hiru aldundiek beren lurraldeetako idatzizko hedabideak sustatzeko eta diruz laguntzeko ardura hartuko dute. Lakuak, berriz, «euskararen lurralde osoa hartzen duten izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak babestuko ditu, baita lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak ere».
Jomuga berbera
Akordio horren barruan bi atal desberdintzen dira. Alde batetik, ohiko deialdia egingo dute, euskarazko hedabideek beren proiektuak aurkeztu ditzaten. Bestalde, Lakuak lankidetza hitzarmena sinatuko du “Berria”-rekin. Guztiaren funtzionamendu egokia ziurtatzeko, jarraipen batzordea eratuko da.
Aurkezpenean Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundietako ordezkariak izan ziren eta guztiek «adosgunea» txalotu zuten. Garbiñe Mendizabalek (Gipuzkoa) esan zuen akordio honetan «gobernantza kolaboratiboaren eredu bikaina» lortu dela, eta Joseba Koldo Perezek (Bizkaia) akordioak lurraldean aurreko urteetan emandako pausoekin bat egiten duela. Era berean, Ana de Castrok (Araba) lurraldean euskarazko hedabideak errotzea beharrezko ikusten duela esan zuen.
Hekimen-etik Igor Astibia koordinatzaileak hartu zuen hitza, eta berak nabarmendu zuen elkarteko kide diren 133 komunikazio proiektuek «egunero milaka lagunei euskaraz bizitzeko aukera» ematen dietela. Izan ere, euskarazko komunikazioa 200.000 herritarrengana iristen da. Zera gaineratu zuen, ordea: «Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira eta horrek sektorearen biziraupena zailtzen du. Herritarren laguntza eta ekarpenei esker egin ahal izan dugu aurrera».
Akordioaren zirriborroa irakurri ostean, Astibiak uste du «aurrerapauso handia» izango dela, nahiz eta denborak esango duen ea balekoa den.
Iban Arantzabal Tokikom-eko zuzendari nagusiak ohartarazi zuen Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian hutsunea dagoela oraindik, baina EAEn ematen ari diren pausoak txalotu zituen.
Iban Arregi Berria Taldeko kontseilariak akordioa «pozgarria» dela esan zuen: «Hitzarmenak indarra hartzeko eta hainbeste eman duten langileen baldintzak hobetzeko balioko du». Bestalde, gogorarazi zuenez, kontsumo joerak direla medio aldaketak egin eta batzuetan ez da asmatu, eta gainera «justizia ere ez dugu alde izan, hor dugu GARAren azkena».
Amaitzeko, Lorea Agirre “Jakin” aldizkariko zuzendariak esan zuen «eredu berri honek oinarri eta egiteko modu egokia» duela. «Jomuga konpartitzen badugu, bidea egiten joango gara», esan zuen aurkezpena borobilduz.