Immoralitateaz
Hauteskundeen atarian, PPren azken burutazioak auzo-lotsa ezin gorriagoa eragin digu duintasuna eta pertsonen oinarrizko eskubideekiko begirunea bizitzako funtsezko kontutzat ditugunoi. Inolako eskrupulu eta kontzientziarik gabe bota die emakume migratzaileei beren seme-alabak adopzioan ematen badizkiete ez dituztela herrialdetik kanporatuko. Alegia, «amatasuna laguntzeko» legearekin, neonazi hutsa bera, pobreen abortua zigortu eta jaiotza-tasa handitu nahi du, egoera zaurgarrian dauden andreei beren haurrak lapurtuz.
Bada, andre horiek eurek argi eta garbi erantzun diete popularrei ez direla merkantzia, nahiz eta Atzerritarrei buruzko Legeak legez kanpo eta esplotatuta bizitzera kondenatu. Gaitzetsi dute, halaber, hauteskundeak direla-eta oro har immigrazioa eta zehazki andrazko migratzaileak erabiliz egiten den adierazpen oro, eta errespetua exijitu dute. Izan ere, geratzeko etorri ziren, eta aurrez aurre izango dituzte (gaituzte) arrazistek, xenofoboek eta klasistek kalean eta erakundeetan, migratzailea izatea ez delako delitua.
Emakumeon gorputzarekin loturiko halako proposamen edo eztabaidek gauza bat nabarmentzen dute: gure haragiak borroka-eremu izaten segitzen duela, eta gure amatasunak, arma politikoa. Amatasunaz dihardute, baina ez hori ahalbidetzeko baldintza materialez, ezta bizitzako gainerako alderdiekin batera garatzeko benetako aukerez ere. Politikariek jaiotza-tasa handitu, eta ama izan nahi duten andreei lagundu nahi badiete, ingurua behatu beharra dute: Espainiako estatuan 35 eta 44 urte bitarteko emakumeen erdiek baino gehiagok seme-alaba gehiago eduki nahiko lukete, baina hiru arrazoi dituzte ez izateko: dirua, lana eta kontziliaziorik eza. Baina ez dute inongo interesik hori guztia hobetuko lukeen M8ko proposamen feminista, alegia, bizitza eta zaintza erdigunean jartzea, legealdi honetan gauzatzeko, ezta etorriko direnetan ere.
Bada garaia behingoz deuseztatzeko amatasuna ezinbesteko zori edo zori zoriontsuagoa delako ideia hori, jendarteak amei esleitzen dien nagusitasun moral hori, ez garenok gaizto edo berekoi edo arau-hausletzat jo bitartean kulpak eta konplexuek ez digutelako burmuina karraskatzen. Familia eta amatasuna onak dira, ama izan ala ez erabakitzeko eskubidea bezainbeste. Egun, administrazioak ez dira neutralak, eta familia eta familia-harreman zehatz batzuk baino ez dituzte saritzen, politika fiskal eta sozialen bidez. Bada garaia immoralitate horrekin, horrekin bai, betiko amaitzeko.