MAR. 22 2019 Entzuteko dantza Aiko taldeak «Garaikideak» ikuskizuna estreinatuko du igandean, Agoitzen, Korrika Kulturalaren baitan. Ohiko erromerietatik harago joanda, ikuskizuna da orain taldeak dakarrena. Entzuteko dantza dela dio Sabin Bikandi musikariak, baita ikusteko kontzertu bat ere. A.K. DONOSTIA Ertz desberdinetan lanean aritu ohi da Aiko taldea. Dela eskolak eta ikastaroak ematen, dela formazioaren alorrean, dela erromeriak gauzatzen... Dantzan egiteko jotzen aritu izan da orain arte Aiko. Zuzeneko dantza zuten ardatz eta dantza maisuak behar zuenaren erantzunez egin izan dute beren jarduna. Horri guztiari uko egin gabe, ordea, bestelako formatu batekin lanean hastea erabaki zuten. «Faltan sumatzen genuen musikariok zerbait landuagoa, patxada gehiagorekin egitearena, iparra galdu gabe, guk dantzarako musika egiten baitugu», adierazi du Aiko taldeko musikari Sabin Bikandik. Interesgarria zitzaien ingurukoei dantza beste modu batera gozatzeko aukera eskaintzea eta horretarako ikuskizun formatua izan dute baliagarriena. Hortik dator “Garaikideak”, igandean Agoitzen (19.00, Kultur Etxea) estreinatuko den kontzertu-dantzaldia. Ez da hori bakarrik proiektu horren sorburua. «Ikusten genuen gure erromeria eta dantzaldiak oso gauza etiketatuak edo zehatzak direla. Dantzazaleentzako erromeriak, dakitenentzako erromeriak. Badirudi gaur egun dantzan egiteko jakin egin behar dela, espezializatuta egon behar dela. Eta gure helburua guztiz kontrakoa da. Guk dantza zabaldu nahi dugu eta mundu guztiari zabaldu nahi dizkiogu dantzako ateak», nabarmendu du. Bere ustez, «egoera kontraesankorra bada ere», ikuskizun formatuak erraztu egin dezake edonorentzat ikuskizunera hurbiltzea, musika entzutera hurbiltzea, baina era berean dantzarako musika denez, herriko plazan egiten dugunean gure ikuskizunean edonork parte hartu ahal izango du». Izenari dagokionez ere eman ditu azalpen batzuk. «Bizirik gaudela aldarrikatzeko balio du ikuskizunaren izenak. Gaur egungoak garela eta guk egiten dugun musika eta dantza garaikidea ere badela. Tradizioan inprobisazioa, sorkuntza eta sormena hor egon dira beti, tradizioa ere beti garaikidea izan da, garaikoa, eta uste dugu gure lengoaia tradiziozko horretan gauza asko dagoela egiteko, esateko eta gaur egun oso baliagarriak direla». Ikusteko kontzertua dela defendatzen du Bikandik, baita entzuteko dantza bat ere. «Agoitzen antzoki barruan izango da, baina plazan egiten dugunean... nahi duena dantzan jar dadila!». “Garaikideak” ikuskizunean haiek sortutako musika izango da protagonista, hainbat estreinaldirekin. Baita kanturako abestiak ere. «Musika instrumentala egin izan dugu, baina kantuak ere indarra dauka». Onintza Enbeitak idatzi ditu gero haiek musikatu dituzten kantuetako batzuk.