MAR. 25 2019 Interview JULIO SOTO EZKURDIA 2019KO NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA «Kontentuen utzi ninduena finalean presente egon izana da, bizi izana» Autoan du bosgarren txapela. Ez daki nonbait jarriko duen. «Besteak jarrita neuzkan eta egun batean txapelekin haserretu, kendu eta geroztik gordeta dauzkat», aitortu du. Txapelekin baino gehiago, horien atzean egon diren bizipenekin, lanarekin, emozioekin, hain ongi atera ez diren egunekin ikasitakoekin gelditzen ahalegintzen da. Atzoko sentsazioak hagitz onak izan ziren. Zorionak, txapeldun! Last update: MAR. 25 2019 - 06:16h Maider IANTZI GORRITI Finala bukatu eta gero, afaltzera joan ziren bertsolari, gai-jartzaile, epaile, antolatzaile eta lagunak eta, goizeko bostak arte luzatu ondotik, goxo eta hiztun hartu gaitu biharamun arratsaldean Julio Soto txapeldunak. Kontent dago Tximeletenea etxeko tximeleta. Gorritiko paisaia zoragarriari begira, eta haren erritmoan, egin dugu elkarrizketa, patxadaz. Saio ona atera zen, ezta? Nik uste baietz. Egon naizenetan zortzikoteak osatu duen saio onena izan da agian. Zortzigarren egin zuenak ere bertso ederrak bota zituen. Hagitz gozatu genuen entzuten. Bai? Ondo pasa zenuen? Guk ere sentsazio hori genuen oholtzatik: ez zen inor erori. Normalean, finaletan beti erortzen da norbait. Xabatek ere zazpigarren egin zuen eta begira zer sentsazio utzi zuen. Eta zu zein gorputzaldirekin joan zinen Anaitasunara eta nola joan zen saioa garatzen zure barrenean? Urduritasuna eta tentsioa izaten dira. Bezperako eguna eta gaua, zozketak... Bereziak izaten dira. Gero, saioan, hasieratik sumatu nuen nire burua argi. Askotan aldrebesekoa nabaritu dut: lotuta, burua lausotuta, bertsotan bai baina inertziaz bezala. Atzo hasieratik nahiko erraz irudikatzen nituen bertsoak buruan. Eta saioa aurrera joan ahala ikusten nuen disfrutatzen ari nintzela bertsoa sortzeko momentu horretan. Egia da bertso batzuetan arantzatxo batekin eseri nintzela, bizpahirutan errazkeriara jo izanaren haserrearekin nire buruarekin, nahi ez nuen bertso bat bota izanaren haserrea, baina gero horrek lagundu zidan hurrengo bertso edo bertsoaldian nire buruari gehiago exijitzen. Borroka horretan ibili nintzen arratsalde osoan baina, egia esan, disfrutatu nuen, kontziente nengoen, finalean presente, tokatu izan zaizkidalako finalak edo saioak out sentitu naizenak. Baina atzo han nengoen eta kontziente nintzen zer ari nintzen egiten eta zer egin behar nuen. Alde horretatik oso pozik gelditu nintzen. Neukan erronketako bat zen neure buruari bataila irabaztea, beldurrei eta egin nahi horrek sortzen duen antsietateari. Partida dexente irabazi nion eta horrek poza eman zidan bertsoaren sorkuntza disfrutatu ahal izan nuelako. Ilusioa neukan buruz argi eta aske samar kantatzeko. Gauzak ongi egiteko. Baneuzkan nire beldurrak, baina ilusioek gain hartu zieten. Alde horretatik nahiko aseta geratu nintzen. Kontentuen utzi ninduena finalean presente egon izana da, finala bizi izana. Zein bertsorekin ez zinen hain gustura gelditu? Adibidez, hamarreko txikiko azken bertsoa ez nuen gustura bota [Xabat Illarregirekin aita-semeen paperean osatu zuen ariketan]. Beste zerbait eskatzen zuen. Bertsolariok badugu joera dena perfekzioan errematatu nahi izateko. Eguna ongi ateratzen denean ere goizean jaiki eta burua oraindik hobetzen saiatzen ari da. Orokorrean gizakiok ikasi beharra dugu autoexijitze horretan konformatzen ere jakiten eta deskantsua ematen buruari. Eta ongi eginarekin pozten. Bizitzaren aldeko aldarria egin zenuen azken agurrean. Bai. Anaiaren heriotza 2015ean izan zen eta txapelketako finala handik bi hilabetera. Final nahiko iluna izan zen eta orain bi urtekoa ere nahiko gogorra izan zen niretzat. Aurten bizitzako beste fase batean nago, pozik nago, nire problema eta nahi eta ezin guztiekin, baina batik bat nire pozekin. Orduan, beste argitasun batetik kantatu nahi nuen. Batik bat, argitik bizi nahi dut. Orain bi urteko finala baino aurtengoa izan da berriz ere bizira atera nauena. Agurra horri heldutakoa izan zen. Bizitzan pozak eta penak daude, jendea sortzen da, jendea hiltzen da ondoan, baina bizitza ederra da, poza ederra da, mina ere ederra da, dena da ederra eta denetik ikasi behar da. Eta orainaldiari erreferentzia egin nion uste dudalako hor dagoela pertsona aberats izateko gakoa, buruari ez uztean gehiegi aurrera edo atzera joaten, azkenean bizitza buruan bizi dugulako, iraganean geratuta edo etorkizuneko pelikulak egiten. Bizitza orainean gertatzen da eta orainean bizi denari gauzak askoz ederrago etortzen zaizkio. Gogoa nuen bi erreferentzia horiek kantatzeko eta batik bat kantatu nuen hori nire bizitzan aplikatzeko. Inori aholku eman nahi gabe nire buruari ere kantatutakoa zen. Hori esateko gogoa neukan eta asebeteta utzi ninduen. Mezu ona dela uste dut. Aitzinekoan Gaur8n aipatzen zenuena ere bai: txarretik ona ateratzen ahal dela, on hori deskubritzen asmatuz gero. Gauza ez da zer gertatzen zaizun, baizik eta zuk zer egiten duzun gertatzen zaizun horrekin eta etxean zoritxar batek zorioneko lezio asko eman dizkigu eta ikasita atera gara denak, nahiz eta mingarria den. Denbora behar dute doluek eta ezin zaio eskatu min bat jasaten ari denari segituan lezioa ikasteko. Denborak aukera ematen dizu gertatu den horretatik irakaspen bat ateratzeko eta den-denak du irakaspen bat, nahiz eta momentuan ez zaizun iruditzen. Gertatzen zaizun guztiari egin behar diozu ongietorria. Halako mezu sakonak transmititzeko argitasuna behar da. Beldurrek zenbateraino irabazten dizuten partida, hor egoten da egun horretako zure argitasunaren proportzioa. Nahi ez dugula ere, egoak harrapatzen gaitu: lehiatu nahi dugu, fokuan egon, behin fokuan gaudela hori galtzeko beldurra sartzen zaigu, txapel bat irabaztean galtzeko beldurra dator… Beldur asko izaten ditugu eta borroka zailena hori da, beldur horiei aurre egitea libre kantatzeko, libertate horretatik etortzen delako bertsoaren magia. Askotan gertatzen da libre zaudenean, argi, zure burua ere harritzera eramatea kantatzen ari zaren horrek. Batzuetan badirudi kantatzen ari zaren hori ez duzula zuk kantatzen. Egun argia duzunean eta inprobisazio totalean ari zarenean, ez zarenean kontroletik ari, bertsoak kontroletik ez baitauka ezer eta hori beldurgarri zaio bertsolariari, ez edukitzea segurantziarik ez zer gai entzungo duen, ez zer bertso botako duen, baina horri aurre egin eta bertsoa erabateko inprobisazioan daramazunean, alanbre gain horretan ari zarenean, gertatzen da bertsoa zuk kantatzen duzula sentitu beharrean bertsoa kantatua izaten ari dela sentitzea. Nahiko sentsazio ederra da hori. Atzo momentu batzuetan sentitu nuen hori. Adibidez, puntu-erantzunetan eta kartzelakoan. Finalean emakumezko bertsolaririk egon ez arren, lanketa feminista sumatzen zen. Zortzi gizon bertsolari ginen. Gaur egun atentzioa ematen du eta horrek esan nahi du ez dela ohikoa hori. Mundua dardarka jarri du iraultza feministak eta borroka horri esker beste borroka batzuk berraktibatu dira: antikapitalista, antiarrazistak... Gizon bertsolariok ere astindu gaitu eta oraindik ere emakume bertsolariek dakarten diskurtsoaren aurrean, egiten ari diren lanketa izugarriaren aurrean geure burua kokatu nahian ari garela esango nuke. Gizonok ere lanketa feminista egin behar dugu. Finalak alde horretatik gauza interesgarriak izan zituen bai gaien aldetik bai entzun ziren zenbait bertsoren bidez. Uste dut gero eta kontzienteago garela egin behar dugun lanaz eta guretzat opari bat izan dela iraultza feministak begien aurrean jarri digun aukera. Inportantea da bertsolariak zer esaten duen, bertsoaren balioetako bat delako gizartea hobetzeko eginahala, baina inportanteena eguneroko bizitzan aplikatzea da. Helburua horrek behar du, oro har gai guztiekin. Kantukide bakoitzaz hitz batzuk errateko eskatuko dizut. Eneko Lazkozek, beti bezala, zoragarri egin zuen bertsotan. Bertsolari bikaina da, berezia, bertsoa josten Euskal Herrian dagoen onenetakoa. Pertsonalki berriz ere buruz burukoa berarekin kantatzea pozgarria izan zen, lagun handia dudalako aspalditik. Xabier Terreros nire beste lagun izugarri bat da. Harreman oso bihotzekoa egin dut. Oso ongi eta garden ikusi nuen bertsotan. Begirada oso berezia du. Ezagutzen dudan pertsona koherente eta zintzoenetakoa da eta hori bertsotan ikusten da. Joanes Illarregi altxor bat da. Lehendabiziko finalean izugarri egin zuen bertsotan. Nafarroako bertsogintzara arnasa berri eta salto kualitatibo bat ekarri du eta ekarriko du. Julen Zelaietak beti ematen dio finalari kolorea. Jendeak izugarri estimatzen du oholtzan egotea. Freskotasuna eta bere bertsokera berezi hori ekarri zituen. Eneko Fernandezek disfrutatu zuela uste dut; berarekin kantatu nuen zortziko handian eta biok ere gustura geratu ginela uste dut. Bide ederra egiten ari da. Oso seguru eta ongi ibili zen. Xabat Illarregi, gaztetasun totala, Joanesekin batera, freskotasuna eta indarra ekarri zuen, arnasa berria, ahotsa, eta, batik bat, talentua eta gogoa. Beste batzuekin batera uste dut aro bat markatuko dutela Nafarroako bertsogintzan. Xabi Maia oso ongi ikusi nuen, nahiko libre. Gauza ederrak egin zituen; adibidez, zortziko txikian. Bertsotan gero eta hobeki egiten duela erakutsi zuen. Beldur asko izaten ditugu eta borroka zailena horiei aurre egitea da, libre kantatzeko, hortik sortzen delako bertsoaren magia Nik uste gizon bertsolariontzat opari bat izan dela iraultza feministak begien aurrean jarri digun aukera. Inportanteena egunerokoan aplikatzea daIkasi beharra dugu autoexijitze horretan konformatzen ere jakiten eta deskantsua ematen buruari. Eta ongi eginarekin pozten