MAR. 25 2019 MENDIKO ESKIA Munduko Txapelketetan lehen euskal dominak iritsi dira Suitzan jokatutako hitzordu nagusietan Nahia Quincocesek eta Iñigo Martinez de Albornozek podium bana eskuratu zuten. Errelebo lasterketan, mendexarrak zilarra lortu zuen, eta donostiarrak, aldiz, brontzea etxeratzeko aukera izan zuen. Andoni ARABAOLAZA Ez da batere ohikoa izaten, guztiz kontrakoa, euskal eskiatzaileak Mendiko Eskiko Munduko Txapelketetan dominak eskuratzen ikustea. Egoera hori azken hitzorduan irauli egin da; hain zuzen ere, Suitzako Villars-Sur-Ollonen jokatutako Munduko Txapelketetan. Eta hori diogu, Fedmeren edo Espainiako Selekzioaren izenean lehiatu diren Nahia Quincocesek eta Iñigo Martinez de Albornozek podiumera igotzeko aukera izan dutelako. Hain zuzen ere, errelebo lasterketan. Mendexarrak zilarra lortu zuen, eta donostiarrak brontzea. Hilaren 9tik 16ra, aipaturiko egoitza horretan lau lasterketa jokatu ziren: bertikala, indibiduala, erreleboak eta esprinta. Ohi den bezala, indibiduala izaten da proba izarra. Lehen lehia egunari dagokionez, 30 herrialdetako 200 eskiatzailek hartu zuten parte. Esprint modalitatean nor baino nor aritu ziren; hain zuzen ere, 70 metroko goranzko desnibela zuen ibilbide batean. Eguraldi kaskarra izan zuten, baina ikuskizunak ez zuen hutsik egin. Proba honetan mendexarrak ez zuen parte hartu; bai, ordea, donostiarrak. Nagusien mailan, hamahirugarrena izan zen, eta promesetan seigarrena. Ondoren, arreta handiena jasotzen duen proba jokatu zen: indibiduala. Aurrekoarekin alderatuta, eguraldia lagun izan zuten. Hala eta guztiz ere, ibilbide luze eta gogor bati egin behar izan zioten aurre. Eskiatzaileek oso kontzentratuta jardun behar izan zuten; izan ere, trantsizio asko izan zituzten eta elurraren baldintzak ez ziren oso onak. Quincocesek ez zuen jardun ona izan. Lac de Bretave izeneko igarobidetik bederatzigarren postuan zihoan, baina aldaketek eta eroriko batek top 10etik aldendu zuten, eta helmuga puntuan hamalaugarren postuan amaitu zuen. Mutiletan ere, lehiakideek asko estutu behar izan zuten. Sei igoera zein jaitsiera izan zituzten, eta 1.600 metroko goranzko desnibela. Gainera, ibilbide teknikoa prestatu zuten. Une jakin batean eskiak bizkarrera eraman eta couloir bat igo behar izan zuten. Donostiarra, seniorretan, 25. postuan sailkatu zen; promesetan, seigarrenean. Lehen dominak Lasterketa gogor horren ostean, eskiatzaileek atseden hartzeko beta izan zuten. Indarrak berreskuratu ondoren, bertikal edo kronoigoerari ekin behar izan zioten. Ibilbideari dagokionez, aurreratu behar dugu ezohikoa izan zela. Nazioarteko probetan markatzen diren baino desnibel gutxiago izan zuen. Hori gutxi ez, eta eskiekin irrist egiteko aukera zabala izan zuten. Hots, eski nordikoa gustuko dutenentzat oso aproposa. Nesken kategorian, ibilbidearen ezaugarri horiekin Quincoces ez zen batere eroso sentitu. Hala eta guztiz ere, bizkaitarrak Top 10ean amaitu zuen; hain zuzen ere, zazpigarren postuan. Nahiko atzean ibili zena gipuzkoarra izan zen. 36. postuan sailkatu zen. Eta promesetan, bederen, hamargarrena izan zen. Laugarren eta azken probak, erreleboenak, euskal dominak ekarri zituen. Ez da proba garrantzitsuena, baina, bederen, euskal ordezkariek emaitza bikainak erdietsi zituzten. Ibilbide luzea jarri zieten: bina igoerekin zein jaitsierekin. Quincocesek, adibidez, Marta Garcia eta Claudia Galicia taldekide izan zituen. Hirukotea zilarraz jabetu zen. Irabazleek 31 minutuko aldea atera zieten. Gogoratu behar dugu ez dela mendexarrak denboraldi honetan lortu duen domina bakarra. Munduko Koparen laugarren proban, Txinan jokatutakoan, bi garaipen lortu zituen. Baina kontuan hartu behar da, bi lehiakidek soilik hartu zutela parte. Martinez de Albornozek, berriz, Antonio Alcalde, Oriol Cardona eta Marc Pinsachekin jardun zuen. Laukoteak brontzea eskuratu zuen.