GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Errua


Jende hobea izaten saiatzen gara egunero. Ez politikaren zentzu handian bakarrik, adibidez askatasuna defendatuz, edo antikolonialismoa, baizik gauza txikietan. Azken lata arte birziklatzen dugu, auzo elkartean izena ematen dugu auzokideen bizitza mejoratzeko. Kilometroak eta Araba Euskaraz asmatzen dugu ikastolen alde baina gero gazteek gehiegi edaten dutela salatzen dugu, Durangoko azoka asmatzen dugu geure kultura bizi dadin, baina gero azokaren merkantilizazio handiegiak “kezkatzen” gaitu. Ezin da eskisitoagoa izan. Neure buruari galdetzen diot izaera aingerutar hau zinezkoa ote den edo beste norbaiti ezer demostratzeko ahaleginak egiten ari ote garen etengabe. Seguruen gu erruduntzat gauzkatenak konbentzitzen ariko gara, bestela zaila da ulertzen. Eta ongi dago, zeure burua errugabetuz, azkenik, de facto errugabe bilakatzen baitzara. Baina balioko al du gu erruduntzat gauzkan horrek gu barka gaitzan? Ez dirudi. Kontua da geure erruduntasunaren marra non dagoen, hain behean ze kasik hurkoa serioegi agurtzean jada hasten baikara pentsatzen euskaldunak ez ote garen serioegiak, edo itxiegiak, edo erromanizatu gabeak. Baina jai dugu gainantzezpen hipermoralista honekin inor konbentzitzea pentsatzen badugu. Epailea konbentzitzen ibiltzen baino, hobe dugu hari arrazoia eman: basatiak gara, bai, eta zer?