MAR. 30 2019 HAUR LITERATURA Hitz kateatuen josteta Lore AGIRREZABAL Nadia Budde (Berlin, 1967) ilustratzaile alemanaren lehen album ilustratua euskaraz argitaratu du Pamiela-Kalandrakak. Pozgarria benetan euskal irakurleontzat, nire iritzian, gure haurrentzako ezinbesteko liburu horietakoa baita hau. Liburu honekin, hain zuzen, 2000. urtean Alemaniako Haur- eta Gazte Literatura Saria eskuratu zuen Buddek. Alemanez “Eins, zwei, drei, Tier” (Bat, bi, hiru, Animalia) titulua jarri zion, eta “Bat, bi, hiru, txiru-liru!” hitz jokora ekarri du Xabier Olasok liburu hau itzultzen eta moldatzen egindako lan bikainean. Izan ere, horixe da album honen bereizgarrietako bat, testua laburra izan arren −adjektibo eta aditzondo soltez osatua−, hizkuntza bakoitzaren lexikora eta jolas fonetikoetara moldatzen dela. Ingelesez, esaterako, “One, two, three, me” (Bat, bi, hiru, ni) titulua eman zioten; gaztelaniaz “Un, dos, tres, ¿qué ves?” (Bat, bi, hiru, zer ikusten duzu?) eta katalanez “Un, dos, tres, qui es?” (Bat, bi, hiru, nor da?). Tituluaren egitura berbera jarraitzen du liburu osoak. Testua ez dago paragrafotan emana, hitz kateatuen bidez baizik. Hitz errimatuz eta jolas fonetikoz osatuta dago; hitz multzo bakoitzaren amaieran pertsonaia berri bat agertzen da eta azken horrek hasiera ematen dio hurrengo atalari, eta horrela behin eta berriro: (...) xagu maratza, kapeladuna, mozorroduna, trapuzko mihia, katu zolia; nekaturik, gaixorik, irribarretsua, txakur sutsua... Patxikurekin hasi, otso handi, ertain eta txikitxoekin segi, ilaje desberdineko txerritxoak ezagutu, mozorrotutako saguak ikusiz katuengana iritsi, haien piurarekin barre egin, eta, jolasean, ia kantari, irakurtzen jarrai dezakegu amaiera arte. Izan ere, umore handiko liburu txiki jostagarria da. Kartoi gogorrekoa denez, gorputz sendoa du eta haurrek orriak beren kabuz pasatzea errazten du horrek. Horrez gain, biribildutako ertzak edukitzeak umeentzat oso erabilgarri bihurtzen du liburua; jolaserako beste objektu bat gehiago izan daiteke. Txikienei irakurriz gero, barre pixka bat eginez eta elkarrekin hitzen kateak osatuz jostatzeko liburu paregabea da. Lehen irakurleek, berriz, euren kabuz irakurtzeko erraza da, hitz soltez eta letra larriz emana baitago. Ilustrazioak bikainak dira, umorea darie ertz guztietatik eta Budderen estilo markatua dute: lerro lodiko irudiak eta perfektuki inperfektuak; haur batek marraztuak balira bezalakoak. Horrez gain, hondoan beste xehetasunik ez izateak irakurlearen atentzio guztia irudira, informazio guztia dagoen lekura, bideratzen laguntzen du. Testuari dagokionez, jatorrizkoan ere umorea da nagusi, baita itzulpenetan ere. Hala ere, hizkuntza bakoitzean itzultzaile lanetan aritu denaren hizkuntza-aberastasunaren baitakoa izango da emaitza. Euskararen kasuan, Xabier Olasok itzuli du liburua, gure haur literaturako hitz jolasen maisuetako batek, alegia. Hori dela eta, emaitza zinez paregabea da, hiztegi oso aberatsekoa: xagu maratza, katu zolia, mihi-arraina... Adituek diote jolastuz ikasten dugula beste edonola baino gehiago. Bada, proposamen interesgarria da liburu honena: balio du hitzen eta irudien bidez adjektiboak (handia, ertaina, txikitxoa) eta aditzondoak (ezkerretara, eskuinetara, buruz behera jarria) bereizten hasteko, hitzen errimen doinura kate osoa buruz kantatzeko, baita komunikatzeko eta psikomotrizitatearekin harremanetan dauden beste hainbat gaitasun garatzeko ere. Lehen begiratuan liburu sinple eta bitxi samarra dirudien arren, txikienentzako eta lehen irakurleentzako benetako altxorra iruditu zait. Testuaren eta ilustrazioen arteko tandemak eta hitz errimatuek musikaltasun handiko irakurraldia eskaintzen dute, azaletik bertatik kontrazaleraino, biak ala biak irakurgarri baitira. Gainera, hasiera bezain xelebre eta indartsua da amaiera bera ere: Etxean, ilargian, urlia eta sendia lagun, aupa txapeldun!