APR. 07 2019 JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK IRAKATSIZ IKASI ETA KONFIANTZAZ TRATATU, HEZKUNTZAREN BI GAKO IKASKUNTZA KOLEKTIBOA, HEZKUNTZA-PROZESUAN SORTZEN DIREN HARREMANEN KUDEAKETA, KONFIANTZA, BERDINEN ARTEKO IKASKETA ETA IRAKAS-IKASKUNTZA. ASKOTARIKO GAIAK JORRATU ZITUZTEN OSTIRALEAN DAVID DURAN ETA CARLES PARELLADA HEZKUNTZAN ADITUEK, IKASTOLEN ELKARTEAK ANTOLATUTAKO 26. JARDUNALDI PEDAGOGIKOEN BAITAN. Maddi TXINTXURRETA Ikastolen Elkarteak antolatutako 26. Jardunaldi Pedagogikoen bigarren txandaren karietara, 180 irakasle, arduradun pedagogiko eta zuzendari inguru elkartu ziren joan den ostiralean Hernaniko Orona Ideo Fundazioaren egoitzan. «Hezkuntzan ElkarERAGITEN» lema duten jardunaldion baitan, iragan asteko ostiralean Bilboko Bizkaia aretoan elkartu ziren, eta gelaren eta arrakastaren kudeaketa izan zituzten hizpide nagusi. Ostiraleko saioan, ideia horietan sakontzeaz gain, ikasleen ikasketa prozesuan sortzen diren harremanetan alde kognitiboaren eta afektiboaren arteko desberdintasunak ekiditeari zein «irakasten ikastea» helburu duen pedagogiari buruz jardun zuten, besteak beste. Ikasleen hezkuntza-garapena ardatz, ikasketa prozesuei buruz hausnartu zuten bertaratutakoek, hitzaldi nahiz talde-lan praktikoagoen bidez, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Hezkuntzaren Psikologian espezializatutako David Duranek aipatu kontzeptua ekarri zuen aretora: «Irakasten ikasi». Hala, ikasketan ez ezik, irakaskuntzan eta «berdinen arteko» tutoretzan ikasleen parte-hartze aktiboak ikasketa sakonagoa ahalbidetuko lukeela esplikatu zuen Duranek, betiere, zehaztu zuenez, irakaskuntza hori nola egiten den baldintzapean. Finean, ikasleek beraien gelakide batekin edo batzuekin irakasle-tutore papera hartzea. «Zerbait ikasteko modurik hoberena berau irakastea al da? Segun eta nola irakasten den», argitu zuen. Irakasten ikasi Irakasleen komunitateak aspaldi barneratuta dauka ikaskuntza kooperatiboa bultzatu beharra dagoela, ikasketa-modu «funtzionala» delako, talde-lana bultzatzen duelako eta aniztasuna aintzat hartu eta zaintzen duen metodologia delako. «Askotan esaten da besteei erakustea modu egoki bat izan daitekeela norberak ikasteko», esan zuen hizlariak, baina, oraindik ere, «arazoak ematen dituen pedagogia» dela ohartarazi zuen, uste zabaldua delako «zailtasunak» dituzten ikasleei egiten diola mesede prozesu honek, eta ez horrenbeste «trebetasuna dutenei». «Nola ikasten duten irakasten zaienean, horri buruzko informazio asko daukagu. Baina nola ikasten duten irakasten dutenean, horri buruz, oso gutxi». Metodologia honen abantailak zein desabantailak agertzeko, gaiaren inguruan egin diren hainbat ikerketa aurkeztu zituen, mailakatuta, haur eta gazteek ikas dezaketenaren arabera. «Beste pertsona batzuei irakasteko helburuarekin ikasten dutenek gehiago ikasten dute norberarentzat soilik ikasten dutenek baino», ondoren aurkeztu behar den zerbait barneratzerakoan «prozesu kognitibo sakonagoak» pizten direlako. Egiaztapen horretatik abiatuta, Duranek erantsi zuen berdinen arteko (ikasleen arteko) irakaskuntza-ikaskuntza kooperatiboaren baitan, tutore lanak egiten dituen ikaslearen irakasteko moldeak baldintzatuko duela hartzailearen ikasketa-maila, baina baita bere buruarena ere. Tutore papera hartu duen gazteak ikasi duena bere gelakideen aurrean aurkeztu behar badu, baina hartzaileak kontuan izan gabe, hots, ikasitakoa bere gordinean esplikatu edo sinpleki transmititzen badu, tutoreak berak barneratuko duena mugatuta egongo da. Aitzitik, ikasleak «kuestionatuz eta esplikatuz» ikasten badu, «hartzaileari denbora eskaintzen badiote, adibidez, galdera konplexuak egiteko, irakasten duenak ikasteko aukera izateko egoerak sortzen ari gara». Gako nagusi bat eman zuen Duranek: interakzioa. Ikasleen arrakastaren bidean, eman eta jasotzen dutenen artean «zenbat eta interakzio handiagoa izan, orduan eta emaitza hobeak lortzen dira», bi aldeentzat. Elkarren arteko truke hau erdiesteko eta modu egokienean egiteko eskoletan espazioak sortzeko beharra aldarrikatu zuen katalanak, eta tailer txiki bat antolatu zuen aretora agertutako irakasleekin, berdinen arteko estrategiak landu eta esperientziak partekatzeko. Konfiantza harremanetan Eguerdi aldera, kafea hartzeko atsedena eginda, ikastolen sareko profesionalak aretora itzuli ziren, oraingoan beste katalan baten hitzak entzutera. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasleen Formaziorako taldeko kidea da Carles Parellada, ibilbide luzeduna pedagogia sistemikoan, eta atzo irakasleen eta ikasle eta familien arteko harremanez mintzatu zen Ikastolen Elkarteak jarritako oholtzan. Ikasleen hezkuntza prozesuan askotariko harremanak sortzen dira, ez soilik ikaslearekin berarekin, baita irakasle eta familien artean ere. Eta, harreman horietan, sarritan «erresistentziak» agertzen direla aipatu zuen Parelladak, entzuleek buruarekin baietz egiten zuten bitartean. Hizlariak gako batzuk eman zituen harreman horiek ahalik eta osasuntsuenak izan daitezen, betiere premisa bat ahaztu gabe: «Gurasoek eta irakasleek, denok, ikaslearentzat hoberena nahi dugu, eta ahal dugun hobekien egiten dugu». Hala, nabarmendu zuen ikasle, guraso, eta irakasleen arteko harremanak «konfiantzan» oinarritu behar direla, biek helburu bera baitute. Hala ere, bi aldeak, familiarena eta irakaslearena, argi bereizita egon behar direla ohartarazi zuen. «Bakoitzak funtzio bat dauka. Irakasleok ezin dugu gurasoen funtzioa bete, ezta alderantziz ere, askotan tentazioa izaten dugun arren». Ikastetxeek jakintza nahiz kultura sortuko dituen espazioak izan behar dutela defendatu zuen Carles Parelladak, «zentzua» eta ikaslearen bizitzan «erabilgarritasuna» izango duten elkarrizketak sortu behar direla bertan. Nabarmendu zuen, halaber, harreman horietan tokia eman behar zaiela umoreari, alaitasunari, eskertzari, elkarri begi onez begiratzeari eta «bihotzetik jokatzeari», sor daitezkeen erresistentziak gainditzen saiatuz. Eskolak haur, irakasle, nahiz familientzat hezkuntza komunitatea sortzeko espazio eroso eta aberatsak izan behar dira, finean, aditu katalanaren ustez. Carles Parelladaren hitz-hartzearen amaieran, Euskal Herriko esperientziek hartu zuten hitza Jardunaldi Pedagogikoetan. Zehazki, Arizmendi eta Uzturpe ikastoletako Amaia Anterok eta Uxue Sukiak «begiradaren eraberritzearen» bitartez praktikan bizitako elkarreraginaren agerpenen esperientzia ezberdinak azaldu zituzten. Carles Parellada: «Gurasoek eta irakasleek ikaslearentzat hoberena nahi dugu, eta ahal dugun hobekien egiten dugu» David Duran: «Eman eta jasotzen dutenen artean zenbat eta interakzio handiagoa izan, orduan eta emaitza hobeak lortzen dira»