Hordagoko delitua
Lan berezi baterako deitu zioten Maria adiskideari: goiz batez, etxe bateko izarak garbitu eta lisatu (kabalak, segituan: zenbat izara eduki ditzake familia batek?!). Goiz hotza zegoen, euritsua. Hitzarturiko orduan txirrina jo, eta etxeko ugazabandreak esan zion egoteko hamar bat minutu kalean, familia gosaltzen ari zela eta, gainera, bera erabat prestatu barik zegoela, alegia, orraztu eta makillatu barik. Tabernarik ez han inguruan, kafetxo azkarra hartzeko; kafetxo-itxaropenik ez, mihise distiratsu zaleen eta adeitasun-izpirik gabeen etxean. Etxeko Langileen Nazioarteko Egunean izan zen, gauzak zer diren.
Lanaren nekeak, hala ere, nagusia ez izatea preseski munduko pertsonarik jatorrena, ezta sikiera adeitsua ere; hierarkia garbiak maite izatea, eta lankideak barik berak langileak izatea, mendekoak, eskola zaharreko lan-giroari eutsi zalea. Bueno, eramangarria izan dakiguke, langileon eskubideak goitik behera betetzen dituen bitartean, langile eta esklabo nahasten ez baditu, gutxieneko errespetua eta duintasuna bermatuta dizkigularik. Nagusia ergel hutsa izatea ez da desiragarria, baina delitua ere ez.
Delitua bada, ordea, etxeko langileekin egiten dena, hainbeste eta hainbeste andrazko langile horiekin, gure etxeak txukundu eta senideak zaintzen dizkigutenekin. Atzerritarrak gehienak, legezko egoera behar bezala finkatuta ez dutenak, kanoi-bazka ederra soldata miserableak ordaindu ahal izateko, kanporatzeko mehatxuaz beldurtzeko eta, finean, langile barik neskame bilakatzeko: ez dute agintariengana joko, ez dira harrotuko, ez eta ozenegi kexatuko ere, hilaren bukaeran familiarentzako diru apur bat izango badute. Etxe barruko harremana izateak, gainera, besteren begietara ikusezina, ederki laguntzen dio enplegatzaile boteredunari bere giza miseria(k) ezkutatzen, beste lotura-mota batzuetan bezala… eta hemen ere, ez joan urrunegi bila, inguruan ugari izango dituzu eta.
Emakumeak beti jomugan. Delitua bada gobernuek ezer ez egitea, behingoz, halako enplegatzaileei beren esklabotza-erresuma eragozteko, delitua bada egunero edonon gertatzen den errealitate horri, langile horiei guztiei, ez ikusiarena egiten segitzea, lan-harreman horien zaintza zorrotza ez egikaritzea, eta delitua bada, hordagokoa, gobernuek zirkinik ez egitea gure etxeak eta gertukoak zaintzen dituzten emakumeek, nagusiki, langabezia-laguntzarako eta bestelakoetarako eskubidea izan dezaten, eta ez daitezen kaleratuak izan, etxeko zaborra ateratzea bezain erraz, inolako arrazoirik adierazi gabe.