APR. 10 2019 GAURKOA Basogintza eredu agortua Mikel Kormenzana, Judit Gartzia eta Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Gure basoen egoera oso kezkagarria dela begi bistakoa da, lurraldearen %60tik gorako eremuaz ari gara, gainera. Orain arteko basogintza eredu honen epe ertain-luzera begirako ondorioak ezagutzen ditugu dagoeneko eta nahitaez ibilbide horrek eman duenetik ikastea dagokigu. Udaberria ate joka, eta arazoak areagotuko diren susmoek norabide aldaketa ausartaren beharra agerian uzten dute. Eredu jasangarriagoak eta iraunkorragoak ahalbideratzeko proposamenak egitea eta horiek aurrera eramateko baliabideak martxan jartzea administrazioaren ardurapekoak dira. Halaber, EAEko administrazio ezberdinetako gobernuek arazoaren dimentsioa zein arazoaren jatorria onartu gabe jarraitzen dute. Berriz ere monolaborantza eta horren ustiapen intentsiboa sustatzeko asmoz. Jakinda, gainera, ikuspegi ekonomiko huts batetik ere, eta bereziki lursail txikiak dituzten milaka jabeen kasuan, ekonomia globalizatu honetan hemengo estrategia dagoeneko ezin dela egur merkearen ekoizpenean oinarritu. Joan den udaberrian mendien egoera larria denon begien aurrean lehertu zenetik, EAJ-PSE gobernuak, ereduari eusteko eta horren makineriarekin jarraitzeko, banda marroi gaixotasunarekiko intsinis erresistenteak edota eukaliptoa irtenbide gisa planteatzera mugatu dira. Horretarako, lehenik eta behin, urtean hiru bat aldiz, klimatologiaren arabera, eta hamarkadetan zehar lurraldea fumigatu beharko litzateke, ez gaixotutako zuhaitzak salbatzeko, baizik eta, bereziki, dagoeneko gaixotu gabe dauden landaketak babesten saiatzeko, oraindik tratamenduaren efizientzia zein izango den ez baitakigu. Gero gerokoa, arazoak sortu ahala uneko erantzuna bilatuko da eta. Neurri horrekin kasu onenean arazo sanitarioaren parte txiki bat eta epe motzean bakarrik konponduko litzateke. Aldaketa klimatikoak arlo honetan zalantzazko etorkizuna marrazten baitigu, besteak beste, gaixotasun berrien ugaritzeari dagokionez. Eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan monolaborantzek eta lur gorrien maldek ez dute ekarpen onik egiten. Tratamenduaren legezkotasuna oso zalantzan dago, une honetan ez dago horretarako baimen legalik, eta osasun zein ingurumenarentzako kalteak direla medio, mesfidantza eta alarma sortzen du jendartearen sektore ezberdinetan. Baina EAJ-PSE gobernuek eutsi egiten diote neurriari, ez omen dute B planik. Behin eta berriz entzun dugu Gipuzkoako eta Bizkaiko baso lurraren jabegoaren ia %80 duten jabeek lurra abandonatzerik nahi ez badugu, etekin ekonomikoa ekarriko duen eredua ezartzea ezinbestekoa dela, eta horretarako aukera bakarra omen dago. Diskurtso honekin irudikatu nahi dute beharrezko eta posiblea dela, berriz ere, basogintza etekin ekonomiko handia emango duten espezie bakar batzuetan oinarritzea eta errealitateak begi bistara ekarri dizkigun arazo guztiei jaramonik ez egitea. Dirulaguntzei dagokienez, azkeneko bi urte hauetan Gipuzkoako eta Bizkaiko basogintzako laguntzen aurrekontuak gero eta larriagoak diren arazo sanitario zein ekonomikoak konpentsatzeko biderkatu egin dira. Hala ere, Gipuzkoaren kasuan, adibidez, ehunka jabek ez dute gaixotasunak eragindako kalteak konpentsatzeko laguntzarik jaso, gaixotutako pinudia bota eta gero laguntzarik gabe geratu dira. Gogoratu nahiko genuke laguntzaren oinarrien arabera, zenbat eta hektarea gehiago izan, orduan eta laguntza handiagoa kobratzen dela eta oraindik espedienteko batez besteko laguntza kopururik altuena makineria erosteko eta baso pistak irekitzeko lerroetakoak direla. Administrazioak dauzkan baliabide guztiak martxan jarri beharko lituzke mendien kudeaketa jasangarria, askotarikoa eta gardena garatzeko, baso mistoak eta espezie autoktonoak abiapuntutzat hartuta eta biodibertsitatean oinarrituta. Honetaz gain, ikerkuntza arloan sakontzeko premia agerikoa da: ikerketa gune berriak zabalduz espezie dibertsifikazioarentzako, aprobetxamendu mikologikoa, zur autoktonoko espezieen karakterizazio teknologikoa, espezie autoktonoen hobekuntza genetikoa, egur industriaren birmoldaketa, eta abar. Eredu eta kudeaketa hauen onurak termino ekonomikoetan ere kuantifikatu daitezke, zuraren etekinari dagokionaz gain, baita gainontzeko arloetan egiten diren ekarpen guztietan ere: uraren kalitatea, higadura murriztea, egoera sanitarioa, suteen kontrako gaitasuna, paisaia, aisialdia edo ingurumena, baita enpleguari dagokionez sortzen diren aukerak ere. Eta ildo horretatik, zenbat jabe egongo lirateke prest administrazioarekin hitzarmena sinatzeko eta beraien basoaren kudeaketa esku publikoetan uzteko? Sektoreko soziologia asko aldatu da eta jabe askorentzako irtenbide egokia izango litzatekeelakoan gaude. Mendi jakin batzuetatik hasita, jabeen interesa hedatu ahala kudeaketa publiko jasangarria zabaltzea planifikatu eta programatu daiteke: talak, landaketak, zonifikazio ezberdinak ezaugarri fisiko eta ekologikoen arabera (kontserbazioa, ekoizpena, aisialdia, eta abar), eremu babestuak, lanpostu berrien sorrera... Eta gainontzeko jabeek, zer baldintzetan, zer politiken bidez, areagotuko lukete ingurumeneko zerbitzuen aldeko lana beraien baso eremuetan? Gaur egun kontzeptu honetara laguntza planaren %0,5 bakarrik bideratzen da Gipuzkoan, eta Bizkaian ez dago horrelako laguntza lerrorik. Baserritarren kasuan, zer-nolako hitzarmena sinatu daiteke ingurumeneko ikuspegi batetik beraien lana behar bezala sustatzeko eta baloratzeko? Nekazaritzatik bizi diren baserritarrak ez dira jabeen %20ra iristen eta ez dago beraiekiko diskriminazio positiborik. Interes orokorraren aldeko lanak behar bezala baloratzean eta baliabide publikoak horretara bideratzean dago gakoa. Eztabaida arlo honetan zentratzea komeni zaigu denoi. Administrazioak dauzkan baliabide guztiak martxan jarri beharko lituzke mendien kudeaketa jasangarria garatzeko, baso mistoak eta espezie autoktonoak abiapuntutzat hartuta eta biodibertsitatean oinarrituta