APR. 22 2019 JOPUNTUA Lurreko zutarriak Arantxa Manterola Kazetaria Pariseko Notre Dame katedralaren kea apenas desagertuta, beste gune sutsua sortu da berehala: berreraikitzeko dirua biltzeko lasterketa. Enpresari eta familia aberatsek, jende boteretsua, bertako eta atzerriko erakundeek, herritar soilek... berebiziko korrikaldiari ekin diote milioika euro eskainiz. Bost urte. Hori da Macronek iragarri duen epea kiskalitako katedrala «are eta ederrago» berreraikitzeko. Frantsesa «eraikitzaileen herria» dela eta Errepublikaren grandeur-az harro, ekinaldi kolektibo horri tinko helduko diotela esan du, hain premiazko duen nazio kohesioari bultzada ederra emanda. Izan ere, Txaleko Horiek jarri duten atakatik ateratzeko justu neurri berriak jakinaraztera zihoala, katedralaren sutea erdi-erdian gurutzatu zaio. Probidentzialki esatera hausnartzen naiz. Barne egoera zailetan, herritarren haserrea gori-gorian dagoela, batzuetan, ezustean, denari gaina hartu eta arreta guztia bereganatzen duten halako jazoerak tartekatzen dira. Atentatuak, gerrak, natura hondamendiak, istripu handiak, esaterako. Oraingoan zorigaitzeko sute hau salbamenduko txalekoa bilakatu da Macronentzat. Beroaldi hau ere igaroko da eta eguneroko politikako gorabeherek berriro beren lekua hartuko dute. Halaxe aitortu du presidenteak berak. Baina beroaldian hartutako delibero batzuek (diru ekarpenen zati handia zergetatik salbuestea bezalakoak) garrak berpiztu ditzakete. Ez, ez noa ekuazio sinplista eta populisten tentazioan erortzera, «horretarako dirua ba al dago eta beste arazo ‘gordinagotarako’ ez?» diotenak, alegia. Argi izan dut beti horretarako, eta gizarteko hamaika arazoetarako ere, dirua izan, badela. Kontua da nork, nori eta nola banatzen duen. Eta zergen salbuespenek «betikoak» kaltetuko dituztelakoan nago. Halere, lehentasunen zerrendan jartzen dut gizateriaren ondare hori berreskuratzea. «Lurreko zutarriek» eutsitako monumentu horrek nondik gatozen, nor garen erakusten digulako; mendeetan gizakiaren handitasunaren eta ergelkeriaren lekuko isil baina adierazgarria izan delako... eta izugarri gustatzen zaidalako. Oraingoan zorigaitzeko sute hau salbamenduko txalekoa bilakatu da Macron presidentearentzat