Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Bestalde honetan

Urrezko Baloiaren emakume irabazleak ez du Munduko Txapelketa jokatuko, garrantzitsuagoa iruditzen zaiolako, garaipena, aitorpena eta dirua irabaztea baino, futbolean gizon eta emakumeen artean dagoen desparekotasuna salatzea, bai eta bere balioen arabera bizitzea ere. Ez du nahi futbolaren giderrak eskuetan dituztenen aldean egon, zerbait eraldatzeko aukera izanik deus egin ez, baloia beti besteren teilatuan balego bezala jokatu. Txapelketa gorena jokatzeko uko hori, emakumeen aldeko keinu hori, egundoko baieztapena da benetan: «Garaiak aldatu dira, andreok zutik gaude; beraz, mandatari ar horiek, hasi zeuek ere aldatzen».

Duela urte asko, norbere barrua betiko aldarazten duten gauza horietako bat gertatu zitzaidan, txosna batean lanean nengoela. Oso ezagun nuen mutil-kuadrilla bateko morroi bat txosnara etorri, eta izugarrizko errespetu falta erakutsi zigun barraren bestaldean geunden hiru neskoi. Katxi bat garagardo nahi zuen, prezio beheratuan, ‘lagunak’ ginela-eta gauak aurrera egin ahala dena debalde eskura zezakeelakoan. Nik eman nion katxia, hirukoteko beste batek ezetz eta ezetz esan arren, morroia oldarkor jarrita ere pikutara bidali behar genuela behin eta berriz esan arren, erabat haserretu zitzaidan arren. Baina nik beldurra nuen, eta halako kezka bat, edo desira, hobe esanda, ere bai: ez nuen nahi gaizki moldatu ergel haren adiskideak zirenekin, lagun zuten mozkor biolento harekin gure alde ezer egin ez zutenen estimua izaten jarraitu nahi nuen. Penagarria, ezta?

Izan ere, omisio bidezko onespena halakoen aldean egotea da, haiei bide ematea, haien oso gaizki ulerturiko botere-gosea elikatzea. Neure jarrera koldar hark, egoera nazkante hura iraultzeko ezer egin ez izanak, otzantasun lotsagarri hark, luzaroan iraun zidan ezinegona eragin zidan, barne-lotsa bizia, keinu txikiena ere beharrezkoa denean burutzearen garrantziari buruzko gogoeta sakona. Denon keinuak dira beharrezkoak, denen batuketa, azken emaitza aldatzeko; oihartzun publikoa dutenenak heroikotzat jotzen ditugun bezala, gu geu ere heroiak, nork bere barraren bestalde honetan zanpatu nahi gaituen orori aurre egiten diogunean, horrela pixkanaka bai norbera bai kolektiboa indartzen dugunean, eta, ondorioz, justizia soziala zapuztu eta zapuztu ari direnak ahultzen ditugunean, gero eta gehiago. Hala dela sinetsi besterik ez dugu egin behar, ikasi gal dezakegunak ez duela sekula izango irabaziko dugunaren, guztiok irabazi ere, balio bera.