GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Uda giro beterako aproposa


Nahaspilen eta katramilen zale da Jokin Mitxelena, istorioak kontatzeko garaian, bederen. Ondo korapilatzen eta askatzen ditu, gainera, bai irudiz, bai hitzez. Lerro fin eta etenduraz beteak osatzen dituzten ilustrazioak bere irudimenaren isla direla esango nuke, hala iruditzen zait berak idatzitako istorioak irakurtzean. Bere kontakizunak adina mugimendu, anabasa eta umore izaten dute beti marrazkiek. Zuzenekoak, freskoak eta kaotikoak izan ohi dira.

Dena dela, ez gaude idazle-ilustratzaile tandemean Mitxelena bakarrik ikustera ohituta. Izan ere, euskarazko haur eta gazte literaturako ehunka istorio ilustratu baditu ere, lauzpabost baino ez dira bere-bereak, besteak beste: “Xaguxarrarena” (Aizkorri, 2002), “Saguzarrak egunez” (Aizkorri, 2011), “Puka, erleak eta traktorea” (Elkar, 2015) eta aurten argitaratu berri duen “Puka eta Mateoren oilarra” (Elkar, 2019). Azken hori, “Puka” zakurraren aurreko istorioa bezalatsu, udako oporraldiak eskaintzen dizkigun asperralditxoetatik ateratzeko ezin aproposagoa da.

Hain zuzen, horrelako asper une batetik, udako egun bero batez, bere kideak nola atera ziren kontatzen digu oraingoan liburuko protagonistak, “Puka” artzain zakurrak. 8-10 urteko bost neska-mutil ditu lagun, eta, zakurrek ohi duten moduan, bakoitza bere izen eta usainez ezagutzen du: Marina Mostaza, Nora Ketchup, Kepa Piper, Blas Amuarrain eta Lizar Txanpu.

Bada, beste ezertarako pizgarririk gabe, bostak herriko plazako iturrian oinak freskatzen zeuden egun bero hartan, Mateo okinaren oilarra azaldu zitzaien iturrira, zalapartatsu, nagusiaren atzaparretatik ihes egin nahian arratsalde kiskalgarri hartako bakea hautsiz. Okinak oilarra afaritarako nahi izan balu, boskoteak ez luke behatz bakar bat ere mugituko hura harrapatzeko, baina kontua da hurrengo eguneko jatorduetako ogia zegoela jokoan. Izan ere, “Ronaldo” oilarra zen okinaren lankiderik finena, lanean hasteko eta amaitzeko “sirena” jotzen ziona; hura gabe Mateo ez litzateke ohetik lanera altxatu ere egingo, eta, herriko okin bakarrak ogirik egingo ez balu ez zen giro izango herritarren artean. Hortaz, ia hil ala bizikoa iruditu zitzaien neska-mutilei oilar hura atzematea, eta, atzetik segika hasi zitzaizkion haiek ere.

Bada, “Ronaldo” oilarraren ihesaldi saiakera eta hark sortutako periplo guztia da “Puka”-k xehetasun handienarekin –pertsonaia eta leku bakoitzaren usainak deskribatuz− kontatzen duena liburu honetan, animalien hizkuntza ulertzeko gai denez, oilarraren pentsamenduen berri ere ematen baitu narratzaile orojakile honek. Hala dakigu “Ronaldo” oilarrak herrian buelta bat eman nahi izan zuela egun hartan eta bazter guztiak hankaz gora jarri zituela atzetik segika zituenen erruz. Mateo okina lehenbizi, iturriko haurrak gero, arrandegiko Jaxinta ondoren, Bittori arropa dendakoa, On Benantxio apaiza, botikaria, tabernaria eta karta jokoan ari ziren lau gizonak, harakina, medikua...

“The Benny Hill Show” umore saioaren amaiera ekarri dit gogora istorio honen hariak. Saio bakoitzeko pertsonaiak Benny Hillen atzetik nola, hala joaten baitira hemen ere guztiak “Ronaldo” oilarraren atzetik; hura pasatzen den leku bakoitza hankaz gora utziz eta tokian tokiko arduraduna ere atzetik korrika jarriz. Ilara luzea osatzen da azkenerako, eta, kalejiran nahikoa ibili ostean, okindegiko patioko intxaurrondora igo eta deskantsua hartzea erabakitzen du protagonistak.

Istorioak ez du bestelako misteriorik, baina umore handikoa da, dibertigarria eta oso irakurterraza. Hizkuntza aberats eta freskoan idatzia, irakurriz bakarrik ere usain eta irudika daitezke artzain zakurrak ikusten eta entzuten dituen denak. Eta horri Mitxelenaren ilustrazioak eransten badizkiogu, pantailarik piztu beharrik ez dute izango gure haurrek, irudimenak aseko baititu. Irakurketaz gozatzeko eta asperraldiak gainditzeko liburu bikaina da.