MAY. 29 2019 JOPUNTUA Miserableak Fredi Paia Miserablea zorigaiztoko jendea da, errukia zor zaio. Victor Hugok, 1882an, gaiari buruzko maisulana idatzi zuen. Pasaiako etxe batean ondu zuen idazkuna, zenbaiten esanetan. Gaur, ostera, gizaki batzuen alde ona irensten duen miseria moralari buruzko pasadizo argigarri bat kontatu gura dizuet. Eguerdiro, Jokoen Teoriarekin jolasteari utzi, eta inguruko tabernaren batera jotzen dut albiste eta alpiste bila. Lehengoan, bikote bat, pertsona bi, sartu ziren tabernara. Bietako batek berbeta beroa zekarren, amorratu antzean, bien ezaguna ei zen hirugarren pertsona bat, Urlia deituko dioguna, larrutzen zebilen keinu amorfoekin. Ozen hitz egiten zuen, tabernan lau katu geunden, eta ezinezkoa zen hura nola larrutzen zuen ez entzutea. Gizakiaren alderik ilunenaren melodia. Kafea tragoan amaitu eta alde egitera nindoala, ordea, ordura arte entzulearena egin zuenak ahoa ireki eta argia egin zen. –Baina kontatzen ari zaren hau guztia Urliarekin kontrastatu duzu? Berari entzuteaz arduratu zara, badaezpada? Larrutzaileak, miseriaren naturaltasunez, ezetz erantzun zion. –Ez, aspaldi ez dut ikusi. Eta orduan argia tximista bilakatu zen. –Gainera hori? Aspaldian ez duzu ikusi eta sarritan ikusiko bazenu legez larrutzen zabiltza? Ba, orduan zuri berdin zaizu egia zein den, miserable hutsa zara. Zuk gura duzun gauza bakarra Urliari kalte egitea da, zu ondo sentitzeko. Zuk jakingo duzu zergatik. Oso frustratuta bizi behar duzu esaten ari zarena kontrastatu eta aktualizatu gabe halako amorruarekin hitz egiteko. Azken ordu erdian argi utzi didazun gauza bakarra da zure miseria morala zure alde ona baino indartsuagoa dela. Tabernan erabateko isiltasuna egin zen, eta nik txalo jo nuen. Biak konturatu ziren ez zeudela bakarrik eta argigileak kobratzeko eskatu zion tabernariari. Orduan, erronda nik egingo nuela esan nion eta ostatutik irten aurretik eskerrak eman zizkidan, gonbitagatik. –Ez, eskerrak zuri. Gizakiarengan sinisteko aukera berri bat eman didazulako. Ozen hitz egiten zuen, tabernan lau katu geunden, etaezinezkoa zen Urlianola larrutzen zuenez entzutea. Gizakiaren alderik ilunenaren melodia.