MAY. 31 2019 JOPUNTUA Guztiak boto baliodun Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Hauteskunde ziklo luzea bukatu denean, aste batzuk emango ditugu emaitzak aztertzen eta itun posibleen inguruan hitz egiten. Biziki jarraituko ditut berri horiek; halere, oraingoan ez dut aipatu gabe utzi nahi historikoa izan den gertakizuna. Azken bozketan adimen urritasuna duten pertsona gehiagok izan dute bozkatzeko aukera: Nafarroan 2.000 pertsona inguru eta EAEn, berriz, 6.300. Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Konbentzioaren 29. artikuluak haien boto eskubidea bermatzen du, gainerakoen baldintza berberetan. Hala eta guztiz ere, betekizun hori gauzatzeko beharrezkoa izan da urteetako borroka luzea, eta Hauteskunde Araubidearen Lege Organikoa aldatzea. Aldaketa horrekin batera, adimen urritasuna duten guztiek bozkatu ahal izan dute, bereizkeriarik gabe; oraingoan lortu da. Gizartean bete-betean eta eragingarritasunez parte hartzeko, boto eskubidea onartzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Konbentzioak dioen moduan beharrezkoa da prozedurak, instalazioak eta materialak eskuragarriak eta ulerterrazak izatea. Administrazioaz gain, alderdiek ere badute zer hobetu, esaterako, euren programak Irakurketa Errazera moldatu eta eskaintzea. Finean, aldaketa honen oinarrian, eta konbentzioaren beraren oinarrian, urritasunaren gizarte eredua dago. Eredu horren arabera, arazoa ez da zer muga izan ditzaketen norbanakoek, baizik eta gizarteak zer zailtasun duen egokitzeko. Urritasuna dutenak gizartearen beharrei laguntzeko gai dira, betiere sortutako trabak desagertzen badira. Horrexegatik, esan dezakegu urritasuna etengabeko bilakaera duen kontzeptua dela, eta sortu egiten dela gabeziak dituzten pertsonen eta pertsona horiek gizartean parte hartzeko dituzten oztopoen elkarrekintzatik. Horregatik, ausartuko naiz esatera egiteko asko badago ere hauteskunde ziklo hau benetan historikoa izan dela. Gure gizartea aberastu egin da, eta hein batean bada ere, urritasuna murriztu egin dugu. Eredu horren arabera, arazoa ez da zer muga