JUN. 10 2019 ZIRIKAZAN Kirola (ere) borrokan Josebe EGIA Irakurtzen duzunean «Birritan hartu du parte, futbolean, Olinpiar Jokoetan, hirutan Munduko Txapelketan; Nike eta Coca-Cola erraldoien irudia izan da; munduan eraginik handiena duten 100 pertsonen artean dago; luzaroan, hobekien ordainduetako bat izan zen bere jardunean; Michael Jordan mitoak berak bezala, berari buruzko film bat eta guzti dauka; bere herrialdeko selekzioarekin, hiru aldiz irabazi du Munduko Kopa; eta, duela gutxi, ‘Time’ aldizkariaren azala izan da», burura datozkizu Cristiano Ronaldo, Messi, Neymmar edo futbolari buruzko elkarrizketetan-eta beti denen ahotan izaten diren horiek, eta ez beti, tamalez, futbolaz ari direla; ez datorkizu andre bat gogora, curriculumean halako lorpenak izan balitu eta nazioartean hain ezaguna balitz, ezagutuko zenuke-eta, izena, behintzat. Baina ez, orain izan duzu haren berri lehenengoz: Alex Morgan. Eta, unisex izen horrekin, FIFA bideo-jokoaren azala ere izan dela eta balentria hori lortzen lehenengo emakumea dela irakurri duzun arte, ohartu ere ez zara egin emakume futbolari batez ari direla, Munduko Kopa jokatzen ari den honetan. Izan ere, batetik, Munduko Kopa bat eta bakarra da zuretzat, betikoa, lau urtean behin futbolaren presentzia ohi baino gehiago areagotzen duena, aurretik «gizonezkoen» zehaztapenik behar ez duen hori, alegia; bestetik, irakurgaiaren puntu jakin bateraino, soldata-arrailaz, berdintasunik ezaz, borroka feministaz, amatasunaz edo -tasun horren ezaz eta, izan kirolari zein enpresari zein politikari zein, praktikan, oihartzun mediatikoa duen edozein -ari, itxura denez emakumeoi baino ez dagozkigun kontuez hasten diren puntu horretaraino, hain zuzen, lehen beste batzuk izan ziren bezala egun futbolean fenomeno hutsa den norbaitez, gizon batez, ari direla pentsatzen duzulako, pentsatu ere egin gabe, berez, natural. Eta halako amorru bizia eragiten dizu, ohartzen zarelako zeure buruak ere, mundu zabalak bezalaxe, oraindik hainbeste eskema eta muga handiago zein txikiago puskatu beharra duela, inportantzia duelako berez, natural, pentsatu gabe, zeuk ere hor zehar erreproduzitzen duzun horrek, nahi gabe. Baina hori ez da aitzakia, ezin du izan. «Kirola borrokan» irakurri dut lehentxeago nire hiriko auzo bateko kiroldegi kanpoan, horman, idazkera gaztetxoz nabarmen. Bada, eguna poztu dit, ondorengoen ikusmirak askoz zabalagoak datozelako, eta, batez ere, neskatilek ere badutelako nori egin so, nor miretsi, noraino iritsi amets egin, aurrekoek urraturiko bidetik aurrekoak baino hobeto iritsi ere.