Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Haur zein gazteek ikuskizuna eman zuten

56 eskalatzailek hartu dute parte Nafarroako abiadura eta zailtasun txapelketetan.

Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioak asteburu oparoa eskaini diete eskaladako lehietan jarduten duten lehiakideei. Bi hitzordu ofizial antolatu zituen: abiadura eta zailtasun txapelketak. Era horretara zirkulua itxi du; izan ere, iragan maiatzaren 8an blokekoa jokatu zen.

Ohi bezala, txapelketa horiek Kirol Jokoetako zirkuiturako baliagarriak izan ziren. Gogora dezagun maila horretan kategoria txikienek protagonismoa izaten dutela. Beraz, Nafarroako federazioak lehiakideei begira egiten duen apustua txalogarria da. Horrekin esan nahi dugu adin guztietako eskalatzaileek dutela tokia; benjaminen kategoriatik (8 urte) seniorretara.

Maiatzean jokatutako blokeko hitzorduak Bihatz rokodromoa (Iruñea) izan zuen egoitza. Abiadurakoak eta zailtasunekoak, berriz, Rocopolis (Berriobeiti). Jakina, han izan behar zuen, besteak beste, abiadurako egitura bakarra baita. Are gehiago, Espainiako Estatuan abiadurako egitura ofizial bakarra Rocopolisen dago.

Joan den asteburuan, beraz, eskaladako bi modalitate horiek jasotzen dituzten txapelketak jokatu ziren. Denera, 56 eskalatzailek bat egin zuten nafar federazioak eginiko deialdiekin. Horietako asko eta asko talde ezberdinetako eskalatzaileak dira. Hain zuzen ere, zazpi taldek bidali zituzten ordezkariak: Rocopolis, Bihatz, Atarrabia, Antsoain, Mendiz Mendi Medillorri, Zangoza eta Paz de Ziganda Ikastolak.

Jakina, talde horiek guztiek egiten duten lanak txapelketa horietan isla izan zuen.

Ikuskizuna

Lehen lehia eguna abiadurakoa izan zen. Gogoratu behar dugu modalitate horrek Euskal Herrian “hutsune” handia duela. Azpiegiturarik egon ez denez, eskalatzaileen gabeziak asko nabaritu dira. Baina, aurreratu dugun bezala, Rocopolisek hutsune horrekin amaitu du, eta aipaturiko taldeek abiadurari bultzada handia eman diote.

Txikienek bi bidetan jardun zuten, eta nagusienek ofiziala den batean. Irabazleak honakoak izan ziren: Leire Ruiz de Argandoña eta Iker Carrera, seniorretan; Lucia Arlanzon eta Unax Uterga, kadeteetan; Alix Artola eta Maren Velazquez, infantiletan; Irati Aso eta Aitor Sanz, alebinetan; eta Naroa Ayerdi eta Alex Jaso, benjaminetan. Aipatzeko modukoa da murru olinpiko horretan Utergak Nafarroako errekora ezarri zuela: 8,726 segundo.

Zailtasun probari dagokionez, nabarmentzekoa da bertaratu zen ikusle kopurua: zaleak, lagunak eta senitartekoak. Eta onartu behar da adin ezberdinetako lehiakideek ikuskizun ederra eman zutela. Txikienenentzat (benjamin eta alebinentzat) Ion Gurutz Lazkoz eta Ander Gardeazabalek sei bide ekipatu zituzten. Eta abiaduran bezala, sasoikoenak Jaso, Ayerdi, Sanz eta Aso izan ziren.

Beste kategoriek Rocopoliseko “arkuan” jardun zuten. Ekipatzaileek proposamen ederrak prestatu zituzten, eta lehia estuak ikusteko aukera egon zen. Podiumaren goreneko lekura igo ziren infantilak Velazquez eta Artola izan ziren. Kadeteetan, berriz, Arlanzon eta Unai Artola. Jubeniletan mutilek soilik jardun zuten. Garaipena Carrerarentzat izan zen.

Eta seniorretan, azkenik, Zuriñe Amatriainek nagusitasun osoz irabazi zuen. Sailkapeneko bi bideetan top egin zuen, eta finalekoan ere oso fin aritu zen. Mutiletan, bestalde, Oscar Robles sailkapenetan erregularra izan zen, eta finalean puntu bat gorago jardun zuen.

Azken sailkapen bat eman behar dugu: overall izenekoa. Blokeko, abiadurako eta zailtasuneko hitzorduetan lorturiko puntuak batu ondoren, overallean onenak honakoak izan dira: Jaso eta Ayerdi benjaminetan, Aso eta Sanz alebinetan, Artola eta Velazquez infantiletan, Arlanzon eta Artola kadeteetan, Carrera jubeniletan eta Ruiz de Argandoña eta Mikel Gorraiz seniorretan.

Nafarroako federazioko antolatzaileak pozik daude hiru hitzordu ofizialek izan duten jarraipenarekin: «Ingurumari honetan bakarrak gara hiru modalitate horiek antolatzen. Nazioarte mailan formatu hori nagusi da, eta gu hor gaude».