Arantzazu FERNANDEZ
ANTZERKIA

Hiru proiektu, probokazio bat edo

Egungo dramaturgien lerroetatik abiatuta, eta, Metrokoadroka, Horman Poster eta Espe Lopezen gidaritzapean, 25 antzezlek sormen prozesuan jardun dute “Aldarri”, “Eraikitzen gaituzten hitzak” eta “La mirada” ikuskizunak sortzeko. Eztenaren deialdi honetan argi ikusi dugu aipatu gidariek estetika ezberdinetatik lan egin dutela, baina, aldi berean, teatro etikoa aldarrikatzen duen planteamendu garaikide komunari ekiten diotela, non antzerkiak egiatia, demokratikoagoa, izan nahi duen.

“Aldarri” performanceak herriko kale kantoietan poesia bisuala zabaldu zuen. Bertan uztartutako hiru oinarri nagusiek (gorputza, poesia eta musika) Errenteriako herriari berak emandakoa itzultzea zuten helburu. Lelo bat erabili dute “Itsusia zarela diote baina...” eta “baina” horretan arrakalak ireki dituzte testu labur gisa istorio hunkigarriak aletuz. Proposamena guztiz poetiko-politikoa bilakatzen da ibilbidean zehar, eta, horrela, gertutasunaren itzalean asmatutako irudiek eta hitzek zauri emozionalei gainkarga arindu diete. Happening gisa bukatu baino lehen, itsustasun moral zein arkitektonikoari aurre egiteko, komunitateak edertasuna zein elkartasuna aldarrikatu egin ditzakeela erakutsi digu “Aldarri”-k.

“Eraikitzen gaituzten hitzak” jolas teatrala izan da, non Errenteriako Ausin-Ugartemendia familiak identitateari buruzko pieza eskaini digun, paper fabrikaren soinuan bildua. Aitzakia narratiboa ederki pentsatuta zegoen, etxez aldatzeko mudantzan zeudelako autoa kargatzen ari ziren, eta beraz, eszenografia kaleko elementuz eratuta genuen: bizilekua izan duten eraikina, espaloia eta errepidea. Ausin-Ugartemendia etxekoak ez dira aktoreak baina antzerkiaz baliatu dira eraikitzen gaituzten uste eta balioei buruz hausnartzeko. Horrela, esandakoaz gain, izaera teatrala zertan datzan zalantzan jartzen du piezak: zer da teatralagoa, bizitza ala antzerkia?

“La mirada” patchwork umoretsuak bederatzi pieza txiki baitaratu ditu. Aktore bakoitzak jardunaldietan zehar asmatutakoa eskaini zuen besteen laguntzaz. Testuak gogoeta pertsonaletik jaio dira, bizitzan bertan geure buruari egiten dizkiogun galdera (txatxu) horietatik. Arazo hutsalak, tribialtasun hori, eszenaratzea ez da hain erraza, eta, gainera, antzezleak bere sentipen, zalantzak eta usteak “antzezten” dituenean aktorea al da?

Begiradak sortzen du antzerkia eta bizitza ikuskizuna zein materia poetikoa dugu. Hortxe irakaspena, hortxe Eztenakideen probokazioa.