JUN. 26 2019 Euskal toponimia mitikoari egindako poema sorta Lekuen izenek asko kontatzen dute horien iraganari buruz. Toponimoak oinarri harturik poema sorta idatzi du Fito Rodriguezek. Guztiak batuta, testu txiki horiek poema handi bat osatzen dute. Nagore BELASTEGI DONOSTIA Aramaiotik Zuhatzurako ibilbide alfabetikoa osatu du Fito Rodriguez idazle, irakasle eta ikerlariak “Izendegi hutsa” poema bilduman. Koldo Izagirrek egin dio hitzaurrea, bigarren aldiz. Arabako Aldundiak babestutako Ernestina de Champourcin poesia lehiaketaren 29. edizioa irabazi du Rodriguezek toponimian oinarritutako liburu honekin. Egitura aldetik badirudi herri bakoitzak bere poema laburra duela, baina toponimoak alde batera utziz eta jarraian irakurriz testuak zentzua dauka; herrien izenek arnasa hartzeko balio dute. Toponimiaren inguruan mintzatu zen Izagirre atzo, Donostian, biek batera egin zuten aurkezpenean. Toponimo batzuk mitologiarekin lotuta daudela azaldu zuen Izagirrek. Adibidez, Anboto eta Muruaundi Marirekin lotzen ditugu eta jada leku fantastikotzat hartzen dira. «Kristautasunak gurutzeak landatu zituen mendietan, mitoak asimilatu, dantzak moldatu, toponimoari jatorri mitikoa kendu eta hitzez zentsuratu». Izagirrerentzat lekuen izenak garrantzitsuak dira, eta esan nahi zuena islatzeko bi kanta erabili zituen: «‘Eusko Gudariak’-en ‘irrintzi bat entzun da mendi tontorrean’ esan ordez mendi zehatz bat aipatuko balitz gertaera topiko bat izatetik mitikoa izatera pasatuko litzateke, eta alderantziz gertatzen da ‘Agur Zuberoa’ kantatzen dugunean, denok Euskal Herriarekin lotzen dugulako, baina oso bestelako kanta izango litzateke ‘agur sorterria’ esango balu, lekurik identifikatu gabe». Rodriguezek, berriz, Izagirrek egin zion lehen hitzaurreari egin zion erreferentzia, orduan ulertu baitzuen berak zekienari buruz idazten zuela beti eta ez dakienari buruz idazten hasi zenean hasi zela literatura egiten. Oraingoan ere ez dakienari buruz mintzatu da.