GARA
DONOSTIA

Komisaria eta epaitegietako garbitzaileek ituna lortu dute

Gipuzkoako polizia-etxe eta epaitegietako garbiketako hitzarmena adostu dute ELA, ESK, UGT eta LABek Garbialdirekin. Hala, kale garbitzaileekiko soldata arrakala %70 murriztu eta amaiera eman diote bederatzi hilabeteko greba luzeari. Ordezkaritzarik handiena duen sindikatua, ELA, «pozarren» agertu da langileen lorpen honekin.

Gipuzkoako polizia-etxe eta epaitegietako garbiketako greba batzordeak, ELA (gehiengoarekin), UGT, ESK eta LAB kide dituenak, sektoreko hitzarmena adostu du Garbialdi enpresarekin. Sindikatuek langileak zoriondu zituzten: beren esparruan soldata arrakala %70 murriztu dute 280 eguneko greba egin ondoren.

Ane Zelaia ELAko Zerbitzuen federazioko arduradunak atzo Donostian egindako balorazioan adierazi zuenez, «oso pozik» daude akordioaren eduki «zoragarriekin». Langileek (ia guztiak emakumeak) %13ko soldata arrakala zuten komisarietan eta %7koa epaitegietan, kale garbitzaileekin (gehien-gehienak gizonak) alderatuz. Tarte hori %70 murriztea lortu dute bederatzi hilabeteko borroka gogorraren ondotik.

Zelaiak erantsi zuenez, 2018tik 2022ra arteko indarraldia du itunak komisarietan, eta 2018tik 2021era artekoa, aldiz, epaitegietan. Urtero %9 + KPIaren araberako soldata igoerak ezartzen ditu polizia-etxeetan, eta %4,5 + KPIaren araberakoak, epaitegietan. Gainera, %20ko plusa aitortzen diete ziega, deklarazio gela eta komisarietako autoetan toxikotasun egoeretan lan egiten dutenei.

Greba hau, «beste greba feminizatu batzuk bezala», behar baino askoz denbora gehiago luzatu dela salatu zuen ELAk, «hein handi batean Eusko Jaurlaritzak izan duen jarreraren ondorioz. Izan ere, izugarrizko zerbitzu minimo altuak inposatu zizkigun, baita bi ezohiko garbiketa ere. Garbikuntza eta zaintzako kolektiboek ez dute diskurtso feminista huts eta hipokritarik behar instituzio publikoen aldetik, baizik eta ekintza feministak», aldarrikatu zuen.

Erreferentzia garrantzitsua

LABek ere sektoreko langileen konpromisoa txalotu zuen, «bederatzi hilabete luzeko greba aurrera atera eta une oro erakutsitako tinkotasunagatik».

Oso positiboa da sindikatu honentzat ere lortutako «aurre-akordioa». «Oso adierazgarria da kalean egiten den garbiketa publikoaren eta lau paretaren artean egiten denaren artean dagoen aldea. Lehena erabat maskulinizatua dago, eta bigarrena, feminizatua». Horregatik, LABentzat erreferentzia da epaitegi eta komisarietako langileek arrakala gainditzeko egin duten borroka.