«Ezin gelditu»-ren zirrikitua Peña Montañesaren hego horman
Maria Alsina, Unai Mendia eta Gorka Lertxundi dira bide berriaren sortzaileak. Behetik eta librean zabaldutako proposamenak seiluze ditu; horietako hiru zortzigarren mailakoak. Rs3+ graduko konpromisoa jarri diote. Momentuz, inork ez dio puntu gorria jarri.
Duela bost urte Mikel Saez de Urabain, Arkaitz Yurrita eta Eneko Cesarrek “Piztu da piztia” bidea (8b/+) Peña Montañesaren hego horman zabaldu zutenean, aipatu genuen altxor baten aurrean geundela. Batetik, bere kalitatearengatik. Bigarrenik, zabaldutako estiloarengatik. Eta hirugarrenik, duen zailtasun teknikoengatik.
Hirukote horrek proposamen berria sortu zuen, baina jarduera horretan ez zuten aukerarik izan puntu gorria jartzeko edo luze guztiak askatzeko. Horretarako urtebete itxaron behar izan zen. Cesarren laguntzarekin, Iker Pou izan zen ohore hori izan zuena. Eta kateatu bezain laster, honakoa baieztatu zuen: «Pirinioetako ‘Silbergeier’ da». Gasteiztarrak, beraz, Ratikonen dagoen marra mitiko horrekin alderatu zuen.
Joan den udaberritik, berriz, “Piztu da piztia”-k beste kide bat du alboan: “Ezin gelditu”. Horma berean zabaldu da, beraz, oso leuna eta kolore urdina duen “spechhio” izeneko sekzio eder horretan. Maria Alsina, Unai Mendia eta Gorka Lertxundi dira egileak. Eta “Piztu da piztia”-ren bere lagunek bezala erakutsi dute etxe ondoan maila handiko sormen lanak egin daitezkeela.
“Ezin gelditu” ere behetik eta era librean ireki dute, eta, konpromisoari dagokionez, egileek Rs3+ gradua jarri diote. Denera, sei luze ditu, eta zailtasun tekniko gogorrak ditu: 7b+/c, 7b+/c, 8a/+?, 8a/b?, 8a eta 7c. Halabeharrez, 7b+ gainditu behar da. Horiek dira hirukote horrek egin dituen proposamenak. Pare bat luzek galdera ikurra dute, eta, aurreratu behar dugu “Ezin gelditu”-ri ezin izan diotela puntu gorria jarri.
Nahiz eta bidea behetik gora askatu gabe dagoen, Lertxundik adierazi digu behin proposamena eginda, krokisa argitaratzea erabaki dutela: «Eli Azurmendi ilustratzaileari eskatu genion, eta, ohi den bezala, ederra egin digu. Jendeak ‘Ezin gelditu’ eskalatzera joan eta goza dezan nahi dugu. Eta bide batez, graduaren inguruan ea beraien iritzia ematen diguten».
Berez, hamabi urte atzera egin behar dugu Peña Montañesaren hego horman zabaldu berri duten bide horren hastapenak ezagutzeko. Lertxundik aurreratu digu Albert Salvadok eta Mendiak saio txiki bat egin zutela: «Hasi bezain pronto, bertan behera utzi zuten. Estilo egoki batean irekitzeko gaitasuna zutenik ez zuten argi ikusi. Udaberriaren hasieran, berriz, Unai prest zegoen itzultzeko, eta, azkenaldian elkarrekin dezente eskalatzen dugunez, proposamena luzatu zigun. Martxoan hasi ginen zabaltzen, eta amaitu, berriz, apirilaren amaieran. Denera, lau eguneko lana izan da. Aitortu behar dut zalantzak izan genituela pasako ginen ala ez, baina lortu genuen. Ondoren, hiru egun egin genituen luzeak probatzen; horietako bitan luze batzuk bustiak zeuden».
“Ezin gelditu” nortasun handia duen bidea da, eta, horma horrek dituen ezaugarriak kontuan hartuta, argi geratzen da plaka oso teknikoak gainditu behar direla: «Gure ustez, sekulako bidea da. Eskalada oso teknikoa denez, hatzei indar handia eskatzen die, eta oinak ongi jarri behar dira. Era berean, asko derrigortzen zaitu; izan ere, ez dago inoiz segururik gertu».
Azken gai horri heltzen badiogu, konpromisoa aipatu behar dugu. Hirukoteak Rs3+ jarri dio, baina, oro har, eroriko handiak baditu ere, ez dira arriskutsuak: «Konpromisoaren graduak zailtasunekoarekin lotura estua du. Unaik badu horretan eskarmentua; beraz, hori da gure proposamena. Bai, seguruak urruti ditu, baina ‘Ezin gelditu’ ez da arriskutsuegia. Esango genuke marra hau eskalatzeak sentsazio itzelak emango dituela».
Denbora kontua
Izaera horretako proposamen bat zabaltzerakoan, argi geratzen da kateatzera joaten denean baino tresneria gehiago erabiltzen dela. Bi Totem joko erabili zituzten, baina errepikatzaileei joko eta erdi aholkatzen diete; izan ere, zailtasuna ikusita arin eta zehatz eskalatzea beharrezkoa da. Hori gutxi ez, eta krokisean hainbat tresneria non sartu behar den azaltzen dute: «Bide gogorra denez, luze zehatz batzuetan alferrikako tresneria ez eramatea proposatzen dugu, tarte askotan zehaztasunez eskalatu behar delako. Horrela egin genuen krokisa, eta, azkenean, elkarbanatzea egokiena iruditu zaigu. Kontuan hartu behar duzu bide gogorra dela. Zortzigarren mailako hiru luze ditu, eta beste bi 7b+ gradukoak ere zehaztasun handiz eskalatu behar dira. Ez du erlaxatzeko luzerik: eskerrak sei bakarrik diren! Horretaz gain, hatzetako azala asko izorratzen du».
Arestian aipatu dugu soilik hiru egun jardun zutela bidearen luzeak probatzen. Egun gutxi, beraz, zailtasun hain handia duen bide batentzat. Hirukoteak soilik lehenengo luzea eta azkena kateatu ditu: «Bigarrena kateatzera joan garen guztietan bustia zegoen, eta ez dugu probatzeko aukerarik izan. Baina uste dugu zabaltzerakoan nahiko txukun graduatu genuela. Hirugarrenarekin eta laugarrenarekin zalantzak ditugu. Saiatu gara, baina ez gara gai izan; horregatik galdera ikurrak jarri ditugu. Bosgarrena, aldiz, kateatzeko zorian izan ginen, eta 8a proposatzen dugu. Ondoren, udak harrapatu gaitu, eta ez gara berriro itzuli».
Lertxundik dio denbora kontua izango dela; bederen, ziur da bere kide Mendia gai dela zirkulu hori biribildu ahal izateko: «Hirurotatik soilik Unaik du kateatzeko gaitasuna; Maria eta biok urruti gabiltza. Gure artean ere badira eskalatzaile indartsuak; ea animatzen diren, bideak asko merezi du-eta! Eta animatzen badira, Unaik sokakide gehiago izango ditu ‘Ezin gelditu’ probatzera joateko. Saioak egiteko prest dauden eskalatzaileek honako eite hauek kontuan hartu behar dituzte: hatzetako azala egokia izan, katu-oinak oso onak eduki eta, itzala aprobetxatzeko, egunsentian eskalatu. Hezetasuna saihesteko, euririk gabeko bolada baten ondoren azaltzea aholkatzen dugu. Orain, udan sartu berri gara; jakina, ez da garai egokiena. Bide batez, ez litzaiguke asko gustatuko inor bidera soka goitik sartzea; estutu nahi dutenak behetik saia daitezela, mesedez. Batzuek esan digute, agian, gure ingurumariko bide gogorrenetarikoa izan daitekeela. Auskalo! Berdin zaigu. Sekulako zortea izan da bide hau zabaltzeko aukera izatea. Asko gozatu dugu, eta, gainera, gogorra atera da. Bestalde, zailtasuna eta konpromisoa uztartzea da gure helburu nagusia, eta marra honekin lortu dugu».
Azurmendiren krokisa ikusterakoan, ohartu gara “Ezin gelditu”-ren sortzaileek katalanei keinu bat egin nahi izan dietela: «Maria katalana da, eta krokisean Elik lotura hori egin du. Ikusgarria geratu da krokisa. Bide batez, aldameneko ‘Piztu da piztia’ bezala, ‘Ezin gelditu’ Kuraia taldearen beste kanta bat da. Beti gabiltza alde batetik bestera dena eskalatu nahian».
Azkenik, Lertxundik honako ohar pizgarria egin du: «Azken-aurreko bileran, buzoia eta panpina utzi ditugu. Panpina jaisten duen sokadarentzat garagardo eta ogitarteko bana dute zain beheko tabernan».