JUL. 06 2019 JOPUNTUA Gure aletxoa Judit Garzia Llorens Ingeniari agronomoa Aldaketa klimatikoaren kontra gaude, jakina. Esan digute gainera, euskal herritarron karbono oinatza oso altua dela eta egun dugun kontsumo maila mantendu ahal izateko, 2,5 euskal herri beharko genituzkeela. Ikusten denez, beste batzuen baliabideak irensten ari gara, datozen belaunaldienak edo/eta mundu honetan euskaldunok baina zapalduagoak izatea egokitu zaien beste herrienak. Hala eta guztiz ere, udaran gaude eta uda garaian errutinako kontsumo ohiturak aldatzen ditugu maiz. Nolabaiteko atsedena ematen diogu geure buruari lasaiago ibiltzeko. Hori bai, jende guztiak ez du aukerarik uda partean bere ohiturak aldatzeko; besteak beste, oporrik ez duelako. Baina badira ekimen batzuk sasoi honetan ere, hausnarketarako eta norabide onean aldatzeko aukera ematen digutenak. Horietako bat EHKOlektiboak kontsumoari buruz Ziordian antolatu dituen jardunaldiak dira, non baserritarrek eta gure herrian ugaritzen ari diren kontsumo talde eta kooperatibek parte hartu duten. Izan ere, bertako elikagaien ekoizpen iraunkorra eta horien kontsumoa gero eta beharrezkoagoa da. Elikadura sistema globalizatuak berotegi efektuko gasen emisioetan eta aldaketa klimatikoan eragin handia du: lurraren higadura, bioaniztasunaren galerak eta baliabide naturalen kutsadura, pentsuen ekoizpenerako monolaborantzak eta garraioa munduaren punta batetik bestera, transgenikoak edo jakien ekoizpen industriala, banaketa eta kontsumoaren eragin ekologiko eta sozial kaltegarriak. Horregatik, honelako proiektuek sustatzen dituzten ohiturak, epe ertainean, altenatiboak izatetik benetako alternatiba hedatua izatera pasatuko direlakoan nago. Eta norabide horretan, kontsumo taldeak zein kooperatibak gertuagotik ezagutzearekin batera, udan has gaitezke urrats batzuk egiten; adibidez, etiketak hobeto irakurri eta elikagai ahalik eta naturalenak aukeratzen, tokiko produktuen azoketan elikagai freskoak eta garaikoak erosten, baserria eta bertako ekoizpen ekologikoa gertuagotik ezagutzen... horrela, gure aletxoa jarriko dugu, arlo honetan aldaketa politiko-ekonomiko globala ere beharrezkoa izan arren. Udan hasi