GARA Euskal Herriko egunkaria
HELDUEN LITERATURA

Mila eta bat istorio


Hainbat tokitako gisa deskribatzen du bere burua Joxemari Iturralderen azken liburuko narratzaileak, Dafne Zorregieta Rondaall izeneko emakume gazteak. Arrazoi “ilunak” tarteko, Hego Amerikara erbesteraturiko euskaldun bat du aita eta Mexikon familia duen holandar bat ama. Dafne bera Jamaikan jaiotakoa da, une batean Mexikotik alde egitera behartuta ikusi baitzuen bere burua aitak, eta amak atzetik jarraitu zion. Toki batetik bestera ibiltzea familia kontua dela esan daiteke, Dafne bera halaxe ibiliko baita, Amerika eta Europa artean, bisitatzen duen lurralde bakoitzean egonaldi luzeak eginez. Liburua amaitzen denerako Euskal Herrian da Dafne, ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragartzen duen sasoi berean, hain zuzen.

Bisitaleku eta bizileku izango dituen lurralde horietan Dafnek ezagutuko dituen pertsonak eta biziko dituen esperientziak dira funtsean “Jamaikako neska” liburuaren ardatza, dela peiotearen eraginez berak eta Mexikon bizi diren beste bi euskaldunek izango duten bidaia exoterikoa, dela Madrilen detektibe agentzia batentzat egingo duen lana. Gertaerok bata besteari kateatuta azaltzen dira, collage handi baten parte bailiran, beraien arteko haria Dafne bera izanda.

Liburuaren aurkezpenean “Mila gau eta bat gehiago” ezagunarekin konparatu zuen bere azken lana Iturraldek; izan ere, bietan emakumezko narratzaile batek kontatzen ditu istorioak, hari luze batean zintzilikaturiko atalak balira bezala. Kasu honetan, ordea, Dafneren jarduna ez dago bere bizitza salbatzeko premiari lotuta. Are gehiago, bere bizitzako pasarteekin zerikusia izan arren, narratzaileak kontatzen dituen gertaerak ez dira bere bizitza azaltzeko ariketa baten parte. Hain zuzen, bere buruari buruzko komentarioak egin eta egon arren, istorioen mamia Dafnek ezaguturiko leku eta pertsonak dira. Irakurleari deigarri egingo zaiona hau da: narratzaileak jatorri anitzekoa dela eta nortasun/kokaleku anitz horiekin erabat identifikatzen dela aipatu arren, maiz bere begiradak kontrakoa adierazten duela. Hots, bizileku dituen lekuak eta hango kulturak kanpokoa den baten ikuspegitik azaltzen dizkigu, xehetasun txikienari erreparatuz. Solasaldian zehar nori zuzentzen ari zaion ez da behin ere argitzen –ez dakigu erreala den edo besterik gabe bere buruari ari zaion–, baina solaskide horrek ez du, kontamoldetik ondoriozta daitekeenez, herri eta kultura horiei buruzko jakintza sakonegia, gertaerak kontatzen ari dela tokiari buruzko azalpenak ematen baititu –tokikoek erabiltzen dituzten hitz eta esamoldeak aipatzen ditu, esaterako, eta horien esanahia argitu–.

Narratzaileak kontatzen ari den horrekiko hartzen duen distantziak abantaila bat du, alegia, pertsona eta paisaia jakin batzuetara ohituegi dauden begiek antzemango ez lituzketen edo, besterik gabe, garrantzi handirik emango ez lieketen kontuak –errealitate ororen parte diren disonantziak eta kontrasteak– azaldu egiten dizkigula. Era berean, ordea, objektuarekiko azaltzen duen distantzia horrek berak zenbaitetan klixe eta estereotipo ezagunetan erortzera darama narratzailea, dela Mexikori zein mexikarrei buruz ari denean, dela euskaldunen gaineko kontu eta anekdotak aipatzean.

“Jamaikako neska”-ren originaltasuna kontamoldean datza, dena den, lehenago aipaturiko collage narratibo horretan, baina kontamolde hori bera astuna gertatzen da zenbaitetan, liburuaren orrialde kopurua dela-eta. Izan ere, narratzaileak apenas uzten dio atsedenik hartzen irakurleari, gai batetik bestera jauzi egiten baitu etengabe, entzuleekin ahaztu den kontalari batek bezala, orriotakoa istorio kontaketa bat baino gehiago narratzailearen kontzientzia-jario etengabea balitz bezala.