Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Hamargarren ekitaldia historikoa izan da

Ehun Miliak lasterketa irabazteaz gain, Ewa Majerrek eta Jon Aizpuruk errekor berriak ezarri zituzten.

Izenburuak ez du gezurrik esaten. Ez, Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak antolatutako bi ultrak, Ehun Miliak eta Goierriko Bi Haundiak, historikoak izan dira. Baita, hein batean, Marimurumendi maratoia ere. Iazko arantza kendu eta iragarpen guztiak goitik gainditu dira; izan ere, irabazle guztiek (maratoiaren irabazleak ez) errekor berriak ezarri zituzten.

Gogora dezagun iazko edizioan Ehun Miliak eta G2H probak, ekaitzen arriskuagatik, bertan behera geratu zirela. Hamargarren honetan, berriz, dena primeran atera da. Hiru lasterketen, alegia, “Trilogiaren” dortsal guztiak “saldu” ziren. Denera, 1.300 lasterkari. Dena ondo atera zedin, 1.600 boluntarioren auzolana ezinbestekoa izan zen.

Jakina, hiru lasterketa horietatik arreta handiena jasotzen duena Ehun Miliak proba da. Datuei begiratzen badiegu, hotzikara ematen du: 168 kilometro eta 11.000 metroko goranzko desnibela.

Bada, joan den ostiralean, arratsaldeko seietan, 500 korrikalari baino gehiago prest zeuden muturreko ibilbide horri ekiteko. Horietako bi izan ziren protagonista nagusiak: Jon Aizpuru eta Ewa Majer. Biek ala biek, irabazteaz gain, errekor berriak ezarri zituzten. Bitxia bada ere, beasaindarrak soilik 9 segundogatik marka berria egin zuen. Poloniarrak, berriz, 19 minutuan hobetu zuen 2012. urtean Nerea Martinezek eginiko denbora.

Nagusitasun itzela

Lasterketa hasi zenean eguzkiak berotzen zuen, baina gauarekin tenperatura freskatu eta gainera zerua lainotu zen. Oro har, baldintza egokiak izan zituzten.

Gizonezkoei dagokienez, Aizpuruk “borroka” bakarra podiumera igo ziren beste bi lasterkariekin izan zuen: Javi Dominguez (bost aldiz txapeldun) eta Unai Dorronsororekin. Txindokitik (106 km) igarotzerakoan, argi zegoen beasaindarrari garaipenak ez ziola ihes egingo.

Diogun bezala, Ehun Miliak lasterketako protagonista nagusiak ez zuen arazorik izan helmugara lehen postuan iristeko. 22:21:54ko denbora egin zuen. Dominguez bigarrena izan zen (23:05) eta hirugarrena (hau etxekoa ere) Dorronsoro (23:50). Aizpuruk Dominguezi 2017. urteko errekorra “lapurtu” zion.

Emakumezkoetan, bestalde, antzeko egoera bizi izan zen. Are gehiago, Majerren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Lasterketa osoan buruan joan zen. Amezketan (96 km), adibidez, bigarren sailkatuari alde handia ateratzeaz gain, sailkapen nagusiko Top 10ean sartu zen. Eta hori ez da batere ohikoa. Beraz, lasai esan daiteke poloniarrak eginikoak ia denak ezustean harrapatu zituela. 27:41:47 denborarekin txapela jantzi eta errekor berria ezarri zuen. Bigarren sailkatuari, Elena Calvillori, alde handia atera zion. Bizkaitarraren denbora: 30:11. Jaione Sasieta izan zen hirugarrena.

Errekorren lasterketa horretan hirugarren bat ere egon zen. Taldekakoa, hain zuzen. Eta hori lortu zuena honako hirukotea izan zen: Ixaka Oñederra, Julian Morcillo eta Imanol Aleson.

Bigarren ultran, G2H lasterketan, beste bi marka idatzi ziren. Ehun Miliak probakoek bost ordu jardunean zeramatzatenean atera ziren irteera puntutik; gaueko hamaiketan. Ibilbidea: 88 kilometro eta 6.000 metroko goranzko desnibela.

Ion Azpirozek irabazi zuen 10:01:51ko denborarekin; 8 minutuan hobetu zuen aurreko errekorra. Bigarrena Goar Lopetegi izan zen, eta hirugarrena Alvaro Ramos. Nesken podiuma. Uxue Fraile (12:11:21, aurreko errekorra baino 4 minutu azkarrago), Elixabete Ursua eta Amaia Ochoa de Alda. Azkenik, atzo jokatutako Marimurumendi maratoian Samuel Davilak (3:29:29, errekor berria) eta Oihane Perezek (4:35:19) irabazi zuten. Bai, “Trilogia” historikoa izan da.