JUL. 16 2019 KIROLA Ikuskizun bikaina sanferminetan Aurreko astean jokatu ziren Iruñean Nafarroako zenbait txapelketa. Kirolarieklan aparta egin zuten eta jendeak ederki erantzun zuen plaza goraino betez. Andres OSA «SAKONA» Iruñean, sanferminetako herri- kirol jaialdiak ugariak eta emankorrak izan dira, kirolari zein ikusle aldetik ongi hornituak. Uztailaren 8an eman zitzaien hasiera eta igande eguerdian bukatu. Tarte horretan txapelketa eta erakustaldi ugari izan da. Horra, bada, txapelketa nagusietan izan diren emaitza batzuk laburki emanda: Nafarroako emakumeen Arpan Txapelketan Itxaso Onsalo eta Leire Astiazaran bikotea izan da garailea, eta bigarren, Ainhoa eta Maria Iraizoz ahizpek osatutakoa. Mutiletan, Iñaki eta Josetxo Barberenak lortu dute txapela, Alberto Oteiza eta Adrian Berruzori aurrea hartuta. Uztailaren 9an, Ingude Txapelketan, Josetxo Urrutiak lortu zuen txapela eta Alex Fernando eta Xabier Jimenez sailkatu ziren jarraian. Emakumezkoetan, Maite Ariztegi izan zen txapelduna eta ondoren Virginia Finol eta Irune Biurrun sailkatu ziren. Lasto-altxatzen, Inigo Goienetxe, Igor Goienetxe eta Aitor Blanco izan dira onenak hurrenez hurren. Uztailaren 10ean, Nafarroako kadete mailako Arpan Txapelketan, Iraitz Iturralde eta Jon Irigoien bikotea izan zen onena. Hirugarren mailako aizkolarien kanporaketa ere jokatu zen, eta Txomin Amundarain izan zen onena bi kana-erdiko ebakitzen. Uztailaren 11n txinga eroate txapelketak jokatu ziren. Gizonezkoetan txapelduna Daniel Saldias izan zen, eta atzetik Oskar Aguas eta Iker Goldarazena sailkatu ziren. Emakumezkoetan, Xanta Sousa berriz ere txapeldun, Esti Gastearena eta Virginia Finolen aurretik. Uztailaren 12an, berriz, emakumeen Binakako Aizkora Txapelketa jokatu zen. Bikote irabazlea Maika Aristegi eta Itxaso Onsalok osatutakoa izan zen, eta ondoren Leire Astiazaran eta Irati Astondoa sailkatu ziren. Sokatiran, Beti-Gazte geratu zen aurrena, eta jarraian Berriozar, Txantrea eta Antsoain. Uztailaren 13an Nafarroako Harri-jasotzaileen Txapelketa jokatu zen. Irabazlea Jon Irañeta izan zen, 5.337 kilo jasota. Bigarren Josetxo Urrutia izan zen (4.537), hirugarren Xabier Aristegi (4.350) eta laugarren Albaro Zugarrondo (3.637 kilo). Azken egunean, igandean, Binakako Aizkora Txapelketa eta Orga-jokoa jokatu ziren. Orga-jokoan Xabier Urrutiak hiru itzuli egin zituen, Josetxu Urrutiak bi, eta bakarra, Oskar Aguas, Alex Fernandez eta Jose Manuel Pascualek. Bestalde, Binakako Aizkolari Txapelketa ere jokatu zen eta sei kana-erdiko eta beste sei 60 ontzako ebakitzen irabazlea Iker Vicente-Juan Jose Lopez bikotea izan zen, 26 minutu eta 5 segundorekin. Bigarren Ruben Saralegi eta Joxean Etxeberria izan ziren (28 minutu eta 12 segundo) eta hirugarren Jon Rekondo eta Oier Kañamares (28 minutu eta 47 segundo). Azkartasuneko sega Larunbatean jokatu zen Zizurkilen Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa. Irabazlea Julen Gabirondo izan zen; berak jaso zuen nota onena. Atzetik sailkatu ziren Iban Pardo, Mikel Lizartza, Suharri Irazustabarrena, Arkaitz Arteaga, Jon Otegi, Peio Argaia eta J. Garmendia. Sokatira 560 kilotan Igandean jokatu zen Erandio Goikoan 560 kilotako lur gaineko lehenbiziko sokatira ekitaldia. Zazpi taldek hartu zuten parte eta aurreneko jardunaldian lehen bi postuak parra eginda gelditu dira: Goiherrik 7,5 puntu eta Gaztedik berdin. Hirugarren Getxo izan zen lau punturekin, Gaztedi Bk ere lau ditu eta Mutrikuk ere beste lau. Gaztedi C birekin dago eta azkena Goiherri B da, puntu bakarrarekin. Datorren larunbatean jokatuko da bigarren jardunaldia Getxon. Aizkolariak, gaur Zornotzan Gaur, 12.30ean, Zornotzako Larrea auzoan aizkolariak neurtuko dira Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldian. Iker Vicente, Otsagabikoa, azken bolada honetan motel samar ibili da, baina gaur alboan izango duen aizkolaria sasoi onean dago: Mikel Larrañaga azpeitiarra. Neurketa ona ikusteko aukera izango da, eta toki ederrean gainera, ikastolaren aurrean dagoen zelaian, zuhaitz artean eta gerizpean. Egin beharreko lana enbor bat ahalik eta kolpe gutxien emanda ebakitzea, erlojuaren aurkako proba, zutik jarritako enborra, beste enbor bat abiadurako proban eta azkenean lan luzea egurrak etzanda jarrita. AIZKORA Igandean jokatu zen aizkorako binakakoa, eta txapeldunak Iker Vicente eta Juanjo Lopez izan ziren, Saralegi eta Etxeberriari aurrea hartuta. AUKERA Horren ezagunak ez diren lanak ezagutzeko aukera ona izaten da Iruñekoa. Orga-joko, txinga, lasto-altxatze eta arpan lehiaketak ere ikusi dira bertan.