Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Bodyboard

Arica Cultura Bodyboard 2019: Pierre-Louis Costes txapeldun

Hiru bider munduko txapeldun izandako bodyboarder frantsesak eskuratu zuen APB itzuliko hirugarren GSM lehiaketa. Finalean iazko bi lehiakideak izan ziren, baina aurten Tanner McDaniel izan da bigarren postuan geratu dena. Olatu bikainak izan ziren Arican.

Txileko olatuek beste behin ere ikuskizun bikaina eskaintzeko aukera eman zieten munduko bodyboarder onenei. Aurtengo APB zirkuitua hasi zenetik egin den goi mailako bosgarren lehiaketa izan zen Alacran uhartean dagoen El Gringo olatuan joan den astean egin zutena. Eta aldi berean lehen mailako (Grand Slam Series) hirugarren lehiaketa ere izan zen.

Pierre-Louis Costes, hiru bider munduko bodyboard txapeldun izandako bodyboarder frantsesa, gailendu zen Aricako ur hotzetan. Olatu bikainak izan ziren, haize gutxirekin, garbiak, indartsuak eta borobilak. Ondorioz, lehiakideek beren onena eman ahal izan zuten eta itzelezko ikuskizuna eskaini zuten.

Costes vs McDaniel

Lehia izugarria dute bi bodyboarderrek eta horrek, zalantzarik gabe, are eta ikusmin handiagoa sortzen du ikusleen artean. Izan ere, iaz Pierre-Louis Costes eta Tanner McDaniel finalean izan ziren Aricako titulua lortzeko lehian. Aldiz, iaz hawaiiarra izan zen bodyboarder frantsesa mendean hartu zuena, eta, gainera, iaz ere alde oso txikia izan zen lehiakide bakoitzak lortu zituen puntuen artean.

Aurten ere lehen bi postuetako lehiakideen arteko aldea zinez txikia izan da. Finalean lau lehiakide ziren: Jared Houston, 2015. eta 2018. urteetan munduko APB txapeldun izandakoa; Alan Muñoz Albónico, Txileko bodyboarderra; Tanner McDaniel hawaiiarra eta Pierre Louis Costes. Hala ere, lehia estuena azken biek izan zuten.

Landetako bodyboarderrak hogei puntu eskuratu zituen; hau da, gehienez eskura daitekeen puntuazioa lortu zuen, baina McDaniels oso gertu ibili zen, hemeretzi puntu jasotzeko gai izan baitzen. Hortaz, puntuazioek erakusten duten moduan, sekulako maila bakarrik ez, lehia ere muturrekoa izan zen.

Gauzak horrela, laugarren postua Alain Muñoz bertako bodyboarderrarentzat izan zen; hirugarren postua, Jared Houston hegoafrikarrarentzat; bigarren postuan Tanner McDaniels iazko irabazlea geratu zen, eta lehen postua, iaz bigarren geratu zen Pierre-Louis Costesek eskuratu zuen.

Txileko lehia zorrotza

«Berriz ere, Arican, finalean Tannerren kontra lehiatu ahal izatea bedeinkazioa da, eta gainera irabaztea, hobetu ezinezko zerbait da; horretarako bizi gara», azaldu zuen txapeldunak saria jaso ostean. Jada txapelketa irabazia zuen arren, oraindik iazko esperientzia buruan zuen lehiakide frantsesak: «Iaz ere lehia bizia izan zen, zeren hemeretzi punturekin galdu nuen».

Tanner McDaniels gaztearentzat ere ohorezko hitzak izan zituen Landetako bodyboarderrak: «Bera da etorkizuna. Ziur aski, egun dagoen bodyboarder hoberena izango da».

«Oraindik hodeietan» zegoela aitortzen zuen lehiakideak El Gringoko olatuetan egin zitezkeen ariketa guztiak egin zituztela nabarmendu zuen: «Bodyboard batekin egin daitezkeen ia mugimendu guztiak egin ditugu. Tanner 9,5 puntuko olatu batekin hasi da; horren ostean puntuazioa gainditzeko tarte oso txikia zegoen; ez genituen zazpikoak bilatzen, hamarrekoen bila joan gara biok, bikain aritu nahi genuen».

Txileko olatu indartsuek bodyboarderrek mota guztietako ariketak egiteko aukera eskaintzen dute, baina olatu arriskutsuak ere badira, hondo gutxiko eremuetan lehertzen baitira eta azpian haitzak izaten baitira. Iaz, esaterako, Alex Uranga zumaiarrak saihets-hezurretan sekulako kolpea jaso zuen Arican lehiatzen ari zela eta uretatik atera ostean ospitalera eraman behar izan zuten.

Aricako txapelketa amaituta, Txileko itzuli txikia (Antofagasta, Iquique eta Arica) bukatu da eta APB zirkuituko hurrengo txapelketa Australian izango da, Kiama urautsi famatuan.

Ibilbide oparoa

Hiru bider izan da munduko txapeldun Pierres-Louis Costes, Landetako bodyboarderra, 2011., 2012. eta 2016. urteetan. Gurean ere lehiakide ezaguna da, berak irabazi baitzuen Zumaian bai 2012. bai 2013. urteko Europako Bodyboard Lehiaketa.

Egun Portugalen bizi da 29 urte dituen bodyboarder profesionala, eta han entrenatzen da; besteak beste, Supertuboseko olatu borobiletan, baina oso gaztetatik Hossegor inguruko olatu indartsuekin itsasoratzen hasi zen. Horrela, hamalau urte zituen Europako junior txapela lehendabiziko aldiz eskuratu zuenean.

Handik urtebetera, hamabost urte baino ez zituela, jada nagusien kategoria irekian lehiatzen hasi zen eta bosgarren postuan amaitu zuen Europako ranking nagusian, eta ordutik itzelezko emaitzak lortu izan ditu mundu mailako lehiaketetan. Aurtengo zirkuituko lehen txapelketa, martxoan Hawaiiko Pipeline urautsian egin zena ere, berak irabazi zuen.