Judit Garzia Llorens
Ingeniari agronomoa
JOPUNTUA

Esan ozenki!

Euskal Herrian egitekoa den G7 bezalako gailur antidemokratikoetan herritarrontzat berebiziko garrantzia izango duten erabakiak hartzen dira, eta gai-zerrendetan beti izan ohi da baserritarrei zuzenean eragiten dien gairen bat: nazioarteko merkataritza itunei buruzko negoziazioak edo aldaketa klimatikoa azkenekoetan... batzuk agenda ofizialean eta beste batzuk agenda ezkutuan.

Izan ere, Munduko Merkataritza Erakundeak elikagaiak merkatu zabalean sartzea erabaki zuenean, elite ekonomikoarentzat negozio esparru ikaragarria zabaldu zen. Orduz geroztik, asko bizkortu dira, arloko korporazioen aldetik, natur baliabideen ustiapenerako lehia, lapurreta, espekulazioa eta jokabide zikinak. Merkantzia bihurtutako jakien ekoizpen industrialaren, transformazioaren eta banaketaren etekin ekonomikoak ez dio hazteari utzi. Ezta sistemaren eragin sozial eta ekologiko negatiboak ere.

Aro honetan, elite ekonomikoek pribilegioak, boterea eta etekin ekonomikoa mantentzeko, aldaketa klimatikoaren, natur baliabideen eskasiaren eta kutsaduraren, krisi energetikoen edota herritarren mugimendu migratzaileen aurrean izugarrizko erronka dute.

Testuinguru honetan berriz ere beste buelta bat gehiago gehiengoen eskubideen zapalkuntzan etorriko da, berriz ere baserritarren miserian eta natur baliabideak kontrolatzeko lehian. Ez baitu ematen, pastela murrizten ari den honetan, agintarien hautua pastela hobeto banatzeko norabiderantz joango denik. Aldiz, baliabide produktiboen pribatizazioa eta oinarrizko gaiekiko dependentzia (janaria, ura, energia...) mendekotasun berriaren ardatza da.

Gurean, agronegozioak ezartzen dituen botikak, pozoiak, ordainsari apalegiak eskaintzen dituzten kate banatzaileak zein industriak baino, baserritarrentzat aliatu hobeak dira natura, bere ziklo zein orekak eta gure herri komunitate informatu eta kontzientziatuak. Aliatuak elikadura burujabetzarantz, tokian tokikoa. Eztabaida sozialerako garaia dugu eta Biarritzen ozenki esateko aukera izango dugu.