Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Yemen, Somaliatik hain gertu

Anekdota, gerra izugarri bateko anekdota biziro odoltsua izango litzateke... kategoria-tasuna emango ez baliote inguruabarrek. Duela lau urte baino gehiagotik Yemenek bizi duen gerra ulertzen lagun dezakeen jazoera bat gertatu zen gaur zazpi, abuztuak 1, Adenen. Ingurumaria kontrolpean duen Al-Hirak miliziaren parada bat bonbardatu zuten iparraldetik orain haien etsai diren huthiek. Hiru dozena miliziano baino gehiago hil ziren erasoan; tartean Munir Al Yafi, miliziaren komandanteburua.

Halere, ez dirudi jasandako kolpea erabakigarria izan daitekeenik Ali Salem al-Beidh eta Aidarus al-Zoubaidiren burutzapean hegoaldearen independentzia lortzeko (eta, funtsean, 1990 arte Hego Yemen izan zena berregiteko) asmoz gerran ari den mugimendu horrentzat. Munduko herrialde gehienek ontzat ematen omen duten baina inork aintzat hartzen ez duen «gobernu» ofizialaren bizkarretik hazi da Al-Hirak azken urtebetean. Eta Arabiar Emirerrien Armadaren erretirada ofizialak eta Saudi Arabiaren atzerakada gero eta nabarmenagoak bidea erraztuko diotela esan liteke.

Horrelako zerbait pentsatu bide dute huthiek ere, Al-Hirakekin inolako gatazkarik ez baitzuten orain arte... bakoitzaren kontrolpeko lurraldeek ez zutelako elkar ukitzen. Baina etorkizuna zaindu behar da, antza. Eta inork ez du gogoan iragana. Iraganean, duela hiruzpalau urte arte, Al-Hiraken babesa, bakarra, Hezbollah (eta, jakina, Iran) izan baita. Une honetan, huthien laguntzaile nagusiak, alegia. Al-Hirak, aldiz, Emirerrien esanera arituko litzateke orain.

Somaliakoarekin gero eta gehiago kidetzen duten faktore horiekin batera, Yemengo gerraren bereizgarrietako bat nabarmendu zuen, haatik, erasoak: teknologia. Huthiek ez dute indar akorazaturik, ez hegazkinik, ezta aire-defentsa aipagarririk ere; misilak, ordea, erruz eta doi-doi erabiltzen ari dira. Arabiaren aurka, Emirerrien aurka... eta kasu horretan Al-Hiraken aurka Adenen. Dirudienez, drone batekin lagundu zioten misilari ituan jotzen.

Etorkizuna izango da.