GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Komenentziaren araberako etika lezioak


Morala edo etika eta politika bereiztearen zale naizen aldetik, arduraz ikusten dut helburu politikoak atxikitzeko politikariek moralaz egiten diharduten erabilera okerra. Azken egun hauetan gerrate moralaren beste pauso bat ikusi ahal izan dugu: pauso bat, sektore oso bat zokoratu eta toki ilunetara eramateko. Momentuz, zeren nago, lehen ekitaldirik ez, orain harrerak toki itxietan, gero sare sozialetan adierazpenik ez, gero normalizazio laboralik ez, beranduago heriotza zibila eta horrela jarraituta heriotza zigorren aldarrikapenak ere indartsuago entzungo ez ote ditugun.

Moralki hiltzea gaizki dago. Eta ondorioz, besteri mina eragitea, jotzea, bahitzea ere gaizki daude. Kristautasunaren balioak oso barnebilduta eta modu absolutuan ulertzen ditugu denok. Teorian. Zeren gero batzuek GALeko buruzagiak omentzen dituzte, besteek guardia zibil torturatzaileak saritzen eta gertukoago batzuek, Iñigo Cabacasen hiltzaileak babesten. Natural, inolako kontraesanik gabe. GALekoak estatua babesteko ezinbestekoak ziren eta polizia ezberdinak, ordena modu profesionalean mantentzen dutenak.

Dena da natural, bai Espainian, baita Euskal Herrian ere. «36koak gudariak ziren, ez terroristak». Hori diosku Urkulluk modu inplizituan urteetan ezker abertzalearen lema izan zena beretzat aldarrikatuz. Eta ondorioz 36ko gudariak instituzioetako agintariek omentzea ere bere horretan naturala da. Gudari horiek guztiek ez al zituzten bada sufrimenduak eragin? Frankisten alargunek eta seme-alabek ez zuten sufritu? Ez ziren altxamendu eta gerra baten biktima izan? Antza ez, urte luzez Intxortan bataila haien erreprodukziora EAJko arduradun andana joan izan baita, Eusko Jaurlaritzako Biktimen zuzendaria barne. Baina dena da hain natural, iragan haren erreprodukzio eta garaiko gudariekiko omenaldiak albiste «atsegingarri-kulturalen» sailean agertzen baitira albistegietan gure telebista publikoan. Haiek eragindako biktimez eta biktima haien sufrimenduez, zipitzik ez. Faxismoaren aurka borrokatu ziren eta beste guztia bigarren mailakoa da. «Ez da berdina» ziztrin batekin erantzuten baino ez dakite.

Eta orduan, moral absolutua erabat erlatibo bihurtzen dela ohartzen naiz eta “hiltzea gaizki dago” horri, nork, noiz eta zeren izenean egin duen gehitu behar zaio, horren araberako balorazio morala jasoko baititu objektiboki/moralki/etikoki balorazio bera beharko lukeenak. Antropologiaren diziplina akademikoan erlatibismo kulturalaz hitz egiten da fenomeno hori esplikatzeko. Horren arabera, gauza edo fenomeno bakoitza ezin da bere testuinguru eta gizartetik bereizi eta gauzak ez daude ondo edo gaizki modu absolutuan, gertaera edo jarrera bat bere testuinguruan onargarria baita. Urkullu edo Aitor Esteban moralki absolutista gisa agertu arren, erlatibista kultural batzuk dira, komenentziak hala iradokita. Erlatibista erlatibo batzuk azken finean.

Eta etika edo moral logika horren barruan, erlatibismo kulturalaren korrontea balorazio moral orotan instalatuta dagoen garaiotan ETAko kideen hilketak direla moralki gaizki dauden bakarrak ondoriozta dezakegu, zalantza izpirik gabe.

Horraino gaitz erdi. Baina ez da bakarrik haiek eragindako heriotzak direla immoralak diren bakarrak, ez. Haiek torturatuak izan eta urte luzez baldintzarik okerrenetan urruneko kartzeletan egon ondoren, legearekin zigorrak guztiz kitatu ondoren, atera eta haien familia eta lagunek harrera egitea ere gaizki omen dago orain, gero eta immoralago dira mota honetako harrerak. Eta nik galdera bat egin nahi nuke: zer dira harrera horiek, presoaren eta bere familiaren sufrimenduaren amaierak eragindako poza adierazteko modu bat baino? Biktimak mintzen direla esan da, baina ziur naiz biktimek eskertuko luketela mota horretako harrerak telebistan botako ez balituzte, horrek haien mina areagotu baizik ez baitu egiten, ulergarria den lez. Berebat, ziur naiz atera berri diren preso eta lagunek ere eskertuko luketela une horietan intimitate pixka bat. Urte luzez haien tortura salaketez eta haien baldintza gogorrez edo haien familien sufrimenduaz ezer esan ez duten arren, haien zigorrak bete ondoreneko kaleratzeak prime timean emititzea deliberatu dute EITBn adierazpen askatasunaren izenean. Baina egunotan ez dut kritika edo iradokizun bakar bat irakurri, bereziki euskal telebista publikoari, ez ateratzeko eskatuaz. Zeren gauza bat da GARAko irakurleentzat kaleratze albistea irakurtzea eta bestea gizarte osoarentzat 3 minutuz emititzea. Kalean egiteak ematen ei du emititzeko eskubidea, baina inork ez ditu deitu. Antena 3 eta EITB maila moral berean, harrera horiek kaletik ateratzeko saiakera nabarmenean.

Harrera horiek ez diete desafiorik egiten biktimei, ez da terrorismoaren apologiarik egiten, ez dira biktimak iraintzen edo mespretxatzen. Hori diote Ertzaintzak egindako atestatuek eta, beraz, ez dira legez kanpokoak. Eta legez kanpokoak ez direnez, moralki deitoragarriak izan behar. Kontua, kontu politikoa, presoak kaleratu beharrean presoak kaletik ateratzea da, immoralitatearen zulora betikoz desterratzeko. Horregatik, ulertzen dudan arren, ez dut konpartitzen, eta errespetu osoz diot, Foro Sozialak preso kaleratuen harrerak toki itxietan egiteko egindako proposamen salomonikoa, batzuen pozak besteei eragiten dien minarengatik batzuoi pozik egoteko eskubidea bera ere ukatu egingo baitzaigu azkenean. Presoen auzian dauden behar urgenteenei konponbide politikoak atxiki beharrean moral absolutu eta erlatiboen lokatzetan kakazteak etorkizuneko elkarbizitzari baino, iraganeko gerra eskemei egiten baitie mesede. Inori min egin gabe maite ditugunak maitatzeko askatasuna izatea ere badelako etorkizun hobe baterako giltzetako bat. Eta hori ez da maitasun hori txoko pribatu batean giltzaperatuz lortzen.