Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Nazka eta beldurra

Udatik udara, festa-maratoiaren garaian, berdin gabiltza: aurretik, gure herri eta hirietan, indarkeria matxistaren kontrako kanpainak abiatzen dira, haren islarik ñimiñoena ere onartuko ez dugula garbi gera dadin, baita bestelako ekimenak ere emakumeok seguruago senti gaitezen; bitartean, salbuespenik gabe, andreok askotariko erasoak pairatzen ditugu (gehienen berri ez dugu izaten); ondoren, ohiko aieneak eta gogoetak etortzen dira (nolatan jarraitzen dute gauzek berdin; alkoholaren eta drogen kultura kaltegarria; zer gertatzen zaie gizon batzuei; zertan ari gara huts egiten gazteekin, etab.).

Udatik udara, berdin gabiltza horren guztiaren aurrean: mugimendu feminista alde batetik, gure erakundeak bestetik. Mugimendu feminista andreon askatasun osoa erdigunean jartzen, fokua erasotzaileengan jarri beharra aldarrikatzen, alegia, gizonezkoak erasotzaile bihurtzea ahalbidetzen eta bultzatzen duen gizarte-eredu osoa kolokan jartzen, ereduak berak sortzen dituelako borreroak eta biktimak, ereduak berak elikatzen dituelako genero batek eta besteak (hortik kanpo, ez zara, zuzenean) irabazi eta galdu beharrekoak, jasanarazi eta jasan beharrekoak, zurrun baino zurrunago zorrozki mantenarazten den hezkuntza-, kultura-, ekonomia- eta politika-gurpilaren baitan.

Aldi berean, gure erakundeek osotasun hori guztia aintzat hartu gabe segitzen dute, eta adierazpenak egiten dituzte kasu zehatzak (mediatikoenak izan ohi dira, noski) gaitzesteko, zigor gogor eta eredugarriak promesten dituzte, festei begira andreontzako gomendioak plazaratzen dituzte («Ez joan hitzordu arraroetara», «Inorekin geratuz gero, jakinarazi lagunei, edo geratu toki ezagun batean», «Gauez ez ibili kalean bakarrik», «Zaindu zure edaria»…), logikoak eta ulerterrazak eurak, Ertzaintzaren Gasteizko komisariako buruaren hitzetan, eta beren ibilbideko une goxo askoan dauden artista misoginoei dirutza ordaintzen diete gure agertokiak, aipatu gomendio iraintzaile horien hartzaileonak ere badirenak, girotzeko: bilbotarrek C. Tangana abeslaria ikusteko zorian egon dira festetan mikrofonotik ozen asko emakumeok urdanga hutsera murrizten gaituzten hitzak zabaltzen, Etxebarria parkeko bortxaketaren harira indarkeria matxistaz «nazkatuta eta beldurtuta» dagoela adierazi duen Udalari esker.

Nazka eta beldurra horrek ematen du: urtetik urtera gure erakundeek mugimendu feministaren bidetik ez bestelakotik egiten segitzea, beren esan eta ekintza kontrajarri interesatuekin andreon askatasun eta duintasunerako norabide bakarrekoa dinamitatuz.