Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Interview
HELENA BAYONA
«ROMIPEN» FILMAREN ZUZENDARIA

«Feminismo hegemonikoaren barruan ez da berdin beltza, ezindua edo lesbiana izatea»

Norberak ijitotasuna bizitzeko duen era, horixe da «romipen», eta hitzak bere egiten du Helena Bayona zinemagile iruindar gaztearen dokumentalaren esentzia: ez dago emakume izateko modu bakar bat, ezta feminista edo ijito izatekoa ere. Bakoitza bakarra den heinean, leiho bat da «Romipen» dokumentala: aniztasunaren aberastasuna aldarrikatzen duena. Gaur aurkeztuko du filma, Iruñeko NIFF jaialdian.

Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdian (NIFF) estreinatuko du Bayonak “Romipen”, emakume ijitoak protagonista hartuta aniztasunarekiko errespetuan eta elkar ulermenean eragin nahi lukeen dokumentala. “Mordiendo el aire” (2017) dokumental laburrean egindako lanaren segida da.

Nondik sortzen da «Romipen» grabatzeko ideia?

EHUn Kazetaritza ikasten nenbilela lan xume bat egin nuen, eta haren haritik Gaz Kalo-tik, Nafarroako ijitoen erakunde nagusitik, dokumental bat egin nezala eskatu zidaten. Borroka batek beste batera eramaten zaitu eta, ni emakume zuria naizen aldetik, orduan ohartu nintzen emakume ijito izateak suposatzen zuena ezkutuan zegoela edo nik behintzat pertsonalki ez nekiela ezer horren inguruan. Elkarrizketa ezberdinak eginda osatu nuen “Mordiendo el aire” (2017, 12’) dokumental laburra.

Gerora, konturatu naiz betiko galderak egin nizkiela eta galdera horiek nire pribilegio egoera ordezkatzen dutela, nire ezjakintasuna, eta pixka bat berriro ere estereotipoei heltzen niela. Zorionez, badut izeba bat Azkoieneko institutuan irakasle; ijito dezente daude bertan eta hainbat gauza kontatu dizkit.

Zer gauza, adibidez?

Ba, ni Iruñean eta D ereduan ikasia naiz, ez dut ijitorik ezagutu, eta badut anekdota bat: 6-8 urte nituela nire izebak ijitoak aipatu eta ea ijito izatea zer zen galdegin nion, ordura arte ez nuelako hitz hura aditu ere egin. Gutxinaka jakin nuen zer den ijito bat eta, noski, aurreiritziz josi nintzen, baina nire ingurunea nahiko kritikoa izan da eta banekien bazela ondo ez zegoen zerbait. Uste dut feminismoa izan dela horiek alde teorikotik lantzeko baliabideak eskaini dizkidana, transbertsalitatetik, diskurtso kolonialetik arrazionalizatu nuen gaia, eta horrela iritsi nintzen ijitoen feminismora. Dokumental hartan estereotipoak landu nituen, herri ijitoa eta bereziki emakume ijitoa era askotakoa zela azaldu. Emantzipazio erreminta gisa hezkuntzak duen garrantzian oinarritu nahi nuen. Eta haiek hitz egitea, handik sortzen zen edukia haientzat izan zedila. Eta hala izan da, gerora material didaktiko bezala erabili baitute hainbat eskola eta unibertsitatetan.

Dokumental horrek zer ekarpen egiten dio ijitoen komunitateari?

Guk ikusten badugu agian oso sinplea dela irudituko zaigu, baina ijito komunitatearentzat ez da horrela. Dokumentala eman den zenbait lekutan batzuk asaldatu egin dira, ebanjelistentzat gogorra izan zen emakume batek uneren batean kontrolatua sentitu izan dela onartzea, adibidez.

Zerbait positiboa ekarriko zuen, bigarrena, gaur Iruñean estreinatuko duzun «Romipen», egiteko eskatu baitzizuten ijitoen elkarte beretik.

Bai, eta segituan erabaki nuen bigarren honek are kañeroagoa izan behar zuela. Aurreko esperientziatik asko ikasi nuen eta pertsona gisa ere beste irakaspen batzuk jasoak nituen, eta zerbait teorikoagoa egingo nuela ebatzi nuen, nire kolegek ikusi eta ‘ostia, ba horrekin ez nintzen sekula konturatu...’ esatea nahi nuen. Silvia Aguerori [“Romipen”-eko protagonistetako bat] elkarrizketa egin ostean, bere iritzia eskatu eta esan zidan iruditzen zitzaiola iraultza sentimendua falta zuela lanak. Bere diskurtsoa besteenekiko oso ezberdina da. ‘Nire seme&bs;-alabek ikasi nahi badute ikas dezatela, baina jakin dezatela hori ez dela duten aukera bakarra’, esaten du, adibidez. Hezkuntza, noski, bada emantzipaziorako erreminta, baina bigarren dokumental honetan euren arteko iritzien artean muturreko kontrasteak egon badaudela erakutsi nahi nuen: doktoratua egiten ari denak uste du bera horra iritsi bada besteak ere irits daitezkeela, eta beste batek ikusten du hezkuntza izan daitekeela aukera ona baina agian ez dela berarentzat une egokiena, agian, haurdun dagoelako. Dibertsitate hori badago, eta erakutsi egin nahi nuen.

Zentzu horretan, zazpi emakume dira protagonista, zazpiak euskal herritarrak eta ijitoak, baina izaera oso ezberdinetakoak. «Ez dago ijito izateko modu bakar bat, ezta emakume edo feminista izatekoa ere», aldarrikatzen du elkarrizketatuetako batek.

Uste dut hori badela feminismoak erakusten dizun zerbait. Ni feminismora iritsi nintzenean kontraesan mordoa sortu zitzaizkidan, eta horrek galderak ekarri zituen. Nik hau egin/janzten badut gehiago/gutxiago naiz? Azkenean konturatzen zara dena identitate kontua dela, eta norberak nola bizi duen identitate hori, zer den emakume izatea, zer ijito izatea, nola bizi dituzun horiek biak eta zer-nolako kontraesanak sortzen zaizkizun nahasketa horretan.

Bereziki interesgarria iruditzen zait Carmenek dokumentalean dioena: ‘Betaurreko moreak jantzi nituen, baina kendu egin behar izan nituen, ez nuelako ordezkatzen nindutenik sentitzen: soldata berdintasunaz hitz egiten ari zirenean gu oraindik ez ginen lan mundura iritsi...’. Beste batek dio Pandoraren kutxa irekiko duela, eta esaten du emakume zuriok jaso dugun feminismo hegemoniko horren barruan ez dela berdin beltza, ezindua edo lesbiana izatea, eta hala da; atentzio keinu bat da. Beste batek ‘noski joan nintzela M8ra, ez nintzen ordezkatua sentitu, baina joan egin nintzen’, esaten du.

Feminismo «hegemonikoak» alboratu egin dituela sentitu izan dute elkarrizketatuek, eta zentzu horretan dokumentalean bada feminismoa birpentsatu beharraren ideia hori.

Bai, kontua ez delako feminismo estankoak sortzea, baizik eta emakume guztiak ordezkatuko dituena, gure artean dagoen dibertsitatea aintzat hartuko duena sortzea, eta sortzen ari gara.

Konturatzen bazara, euren artean ere oso ezberdinak dira, jende militantea, oso aktiboa dago, eta badaude gazteak, ‘niretzat feminismoa nire anaiak jasotzen duen tratu bera jasotzea da’, esaten du batek. Korronte ideologiko guztietan gertatzen den bezala, feminismoan ere erortzen gara errazkeriatan, eta badirudi kapa teoriko edo intelektual agerikoena duena dela denon ordezkaria. Beste batek ‘nire amona gu baino askoz feministagoa zen, baina berak ez zekien’, esaten du. Horiek ere hor daudela ez dugu ahaztu behar.

Emakume zuriaren optikatik begiratuta, «integrazio» hitzak egiten dien minak ematen du atentzioa. Zer esanahi du eurentzat integrazioak, eta zer dakar berarekin?

Dokumentalaren aurkezpen pribatua egin genuen, protagonistek eta gertuko pertsona gutxi batzuek ikus zezaten. Eta niri atentzioa eman zidan gehienek azpimarratu zutena entsalada eta purearen metafora izan zela [entsaladan osagaiak nahasian eta orekan daude, baina purean identitate indibiduala desegin egiten da]. Euren begietan, ‘integrazioa’ herri batek bestea asimilatzea da, bestearen ohiturak, kultura, bizikidetza moldea eraldatzea bat gehiago izan eta errespetua egon dadin. Hau da, bizikidetza eta errespetua egongo dira, baldin eta zuk ni asimilatzea onartzen badut. Beraiek euren identitatearen zati bat galdu behar al dute dena hobea izan dadin?

Horren aurrean, beraiek esaten dute kontua zuk ni ezagutzea dela, eta nik zu ezagutzea, elkarrekin ibil gaitezkeela eta horrek ekarriko duela benetako bizikidetza, baita maila politikoan ere. Hori oso inportantea iruditzen zait, ikasteko eta gure buruarentzat hartzeko. Eta, ijitoekin gertatzen den bezala, etorkinekin ere gertatzen da: etortzeko esaten diegu, baina ‘erantzi ekarri duzun hori eta orduan onartuko zaitut’.

Zentzu horretan, maiz entzuten duten «ez nuen uste ijitoa zinenik» esaldiak ere eragin nabarmena du beraiengan.

Bai, bai, noski. Niri ere gertatu zitzaidan Andrea [elkarrizketatuetako bat] ezagutu nuenean, nik ere, noski, baditudalako nire aurreiritziak. Ikusten duzu estetikoki nolakoa den, nola janzten den, zer bizitza estilo duen... hautsi egiten du gure iruditeria. Egungo gizartean dugun identitatearen errepresentazioaren ideiaren arabera, badirudi ez baduzu «x» betetzen ez zarela talde batekoa. Baina gauza bat da zer zaren eta bestea nola kanporatzen duzun. ‘Zer gertatzen da, ez dudala ijitoa ematen zehaztasunez hitz egiten dudalako?’, galdegiten du batek.

Gizarte matxistatzat dugu ijitoena. Dokumentalean jorratzen dituzten gaiak kontuan hartuta, oztoporik edo beldurrik izan dute emakumeok lan honetan parte hartzeagatik?

Ez. Egia esan, ez. Tira, beti egoten dira beldurrak, baina nik neuk ere izan ditzakedan moduan. Dokumentalean beren bizitzaren eta pentsamenduaren zati oso pertsonala ari dira erakusten munduari eta horrek beti ematen du gauza: zure beldurrak, ardurak... dira, eta jende oso gaztea ere badago dokumentalean. Epaituak izateari diote beldur gehien. Eta nik ere, zuzendari bezala, badut beldur hori. Hor agertu dira jakinik herri minoritarioa direla, emakumeak direla eta esan dituztenak ez direla batzuen gustukoak izango, baina, esaten duten bezala, ‘ezerosotasuna sortzen badu zerbait ondo egiten ari garen seinale’.

 

«Leiho ñimiño bat ireki dugu, non beraiek diren ahotsa, protagonista bakarra»

Solasaldi luzeak izan dituzu «Romipen» dokumentalean parte hartu duten emakumeekin. Zerekin geratu zara, zer da gogoan iltzatua geratuko zaizuna?

Silvia Aguero begirada garbiaz mintzatu zitzaidan, haurraren begiradaz, aurreiritzirik gabeko begiradaz. Horrelako gaiak tratatzean, nahiz eta zaila izan, hori egin behar dela uste dut, ahal beste aurreiritziak alboratzen ahalegindu. Elkarrizketetan, adibidez, asko gertatzen zitzaigun erantzun bat espero eta elkarrizketatuek beste bat ematen zutela. Eta hori ondo dago, zerbait erakusten digulako.

Bestalde, euren etxeetan sartzen utzi didate, euren familiekin egoten, ezagutu egin ditut. Hasieran banuen beldur puntu bat, ‘nor naiz ni halako gai bat lantzeko?’ galdegiten nion neure buruari, eta beldur hori galdu egin dut. Horrekin lotuta, uste dut gauden unearen adierazgarri ere badela ni izatea gai hau landu duena, baina helburua zen beraiekin batera egitea, eta uste dut lortu dugula. Eta ez zela posible izango gure artean feeling-ik egon ez balitz.

Nafarroako Filmategian aurrestreinatu zenuen lana talde murritz baten aurrean. Zer harrera izan zuen dokumentalak eta zer esan zuten protagonistek?

Oso ona. Filma proiektatzen zen bitartean Angelak [elkarrizketatuetako bat] eta biok eskua eman genion elkarri, oso urduri geunden denak. Nik ezin dut beraiengatik hitz egin, baina nire kasuan esan dezaket denbora asko eskaini diodala lan honi, oso delikatua iruditzen zaidalako eta ondo egin nahi nuelako. Eta iruditu zitzaidan oso ondo hartu zutela, Carmenek negar egin zuen, ikaragarri gustatu zitzaion. Bera elkarrizketatu nuenean, esan zidan: ‘Helena, ez nekien elkarrizketa hau egin edo ez, duela gutxi beste bat egin didatelako eta oso gaizki sentitu nintzen, ijitoa naizen aldetik erantzutea nahi zuten. Zuk Carmen bezala tratatu nauzu eta denetik hitz egiteko aukera eman didazu’. Denek sentitu zuten ondo ordezkatuak izan zirela, eta niretzat hori da axola duena. Leiho ñimiño bat ireki dugu, non beraiek diren ahotsa, protagonista bakarra.A.A.