SEP. 10 2019 Eskalada Bost euskal domina Espainiako Kopan Ainhize Belar, Manex Iñurrategi, Haizea Oses, Martin Urrutia eta BittorEsparta protagonista izan dira txapelketako lehen eta bigarren proban. Andoni RABAOLAZA Euskal Mendizale Federazioko lehiakideak ados jarri dira Fedmek antolatutako Espainiako Eskalada Koparen lehen eta bigarren proban. Bai, bi hitzordu horietan bosna domina lortu dituzte. Alabaina, aurreratu dezakegu joan den asteburuan Bartzelonan jokatutako bigarren hitzordukoek kalitate handiagoa izan dutela. Eta hauek dira: Bittor Espartak seniorretan sinatutako garaipena, Haizea Osesen zilarra 16 urtez azpikoen mailan, eta Ainhize Belar, Manex Iñurrategi (14 urteko azpikoak) eta Martin Urrutiaren (senior) brontzeak. Horiek izan ziren euskal lehiakideek erdietsi zituzten emaitza azpimarragarrienak; podiumak, alegia. Datu horiei begiratzen badiegu, argi geratzen ari da EMF-ren ordezkariek urrats ederra egin dutela nagusien mailan. Gazte kategorietan, berriz, oreka mantentzen da. Nafarroako federazioaren izenean nor baino nor aritu zirenek emaitza oso apalak lortu zituzten. Finalista bakarra izan zen: Iker Carrera, 18 urtez azpikoen kategorian. Hain zuzen ere, erregulartasunaren zirkuitu horretako bigarren hitzorduko lehen protagonistak 14, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategorietan lehiatzen direnak izan ziren. Denera, 115 lehiakidek hartu zuten parte. Gogoratu behar dugu, 14 urtez azpikoek lehen aldiz tokia dutela Espainiako Kopan. Eta lehen proban bezala, Bartzelonan ere bi euskal podium izan ziren. Belarrek ezin izan zion eutsi aurreko hitzorduan erdietsitako bigarren postuari; azkenean, hirugarrena izan zen. Postu horretan sailkatu zena Iñurrategi izan zen; beraz, behin-behineko sailkapenean hirugarren postuari “lotuta” dago. 16 urtez azpikoen mailan, bestalde, Haizea Oses, jardun ederrak egin eta gero, podiumaren bigarren kutxara igo zen. Mutiletan, aldiz, ez zen podiumik izan; bai, ordea, bi finalista. Aimar Uson seigarren postuan sailkatu zen, eta Joanes Esparta, zortzigarrenean. Lehen proban, bilbotarra hirugarrena izan zen. Garaipen bakarra Hurrengo kategorian, 18 urtez azpikoen mailan, mutiletan bi finalista soilik izan ziren. Arestian Carrera aipatu dugu, eta gehitu ere, oso gutxigatik bada ere, podiumetik kanpo geratu zela. Laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Lehen probarekin alderatuta, Martzel Vicariok atzera egin zuen; izan ere, zazpigarren postuan sailkatu zen. Aitziber Urrutiak okerrago jardun zuen. Lehen lehian brontzea eskuratu ondoren, bigarren honetan finaletik kanpo geratu zen. 20 urtez azpikoetan, hutsune handia egon zen. Bederen, egoera hori irauli eta aurreko kategoria horretako egoera zuzendu zuena Esparta izan zen. Bilbotarrak oso sendo jardun zuen, eta horri esker seniorretan bere lehen garaipena lortu du. Urrutia, azkenik, hirugarrena izan zen.