GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Udazken koloretan


Udazkenean sartu gara gaur. Landarediaren hostajean kolore gorrixka eta horixkak nagusituko dira laster. Macroni ere antzeko zerbait gertatuko zaio udako geldialdiaren ondotik. Sakoneko erreformei ekin dio; besteren artean, erretreta sistemarenari, eta haserrearen lehen seinaleak agertu dira. Joan den astean mobilizazio eta lan-etenaldi indartsuak izan dira, «txaleko horien» mugimendua ere indarberritzen ari da, eta bihar bertan protesta handiak espero dira zerbitzu publikoko zenbait adarretan indartsua den sindikatu CGTk deituta.

Jubilazioa erreformatzeko, ahalmen handiko arma ideologikoa dauka Macronek: berdintasuna. Hainbat sektoreren «pribilegioak» deuseztatu nahi omen ditu.

Estatu frantsesean erretiro sistema konplexua da, zinez, Gizarte Segurantzako orokorraz gain, 42 araubide berezi baitaude: zenbait lanbide liberalenak, enpresa eta zerbitzu publiko batzuetako funtzionarioenak… Horietako batzuen kutxek –batik bat, lanbide liberaletakoek– gainera, erreserba garrantzitsuak dituzte eta, unibertsalizazio sozialaren izenean, urteetan beraiek metatutakoa Gizarte Segurantzaren «zuloak» betetzeko erabiliko diren beldur dira, beraien eskubideak galtzen dituzten bitartean (eta kotizazioak ere igoko zaizkien bitartean).

Erdi eta goi mailako «pribilegioak» kentzea begi onez ikusten dute horien azpitik daudenek. Alta, denen maila jaitsiz sistema berriak lortuko lukeen “égalité” horrek egiaz bermatuko al ditu maila apalagokoen beharrak? Hortxe koska bat.

Eta gero, adinaren kontua dago. Sarkozyk 2010ean asko kostata (mobilizazio izugarriak izan ziren) erretiro adina bi urte atzeratu zuen (60tik 62ra). Orain denentzat 64 urteko topea jarri nahi du gobernuak edo kotizazio urteak 43an finkatu pentsioaren %100 eskuratzeko. Azken aukera horrek ere tirabirak sortu ditu. Izan ere, goi mailako ikasketak egiteagatik lan-merkatura beranduago lotzen direnentzat edo lan-bizitzan etenak izan dituztenentzat (emakume asko, esaterako) zaila baita hainbeste urte kotizatzea.

Esandakoa. Presidente frantsesak udazken gorria (eta horia) du aurrean.