GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROLA

Beñat Marmissollen garaipen epikoa Munduko Kopan

Korrikalari baionarrak, gainera, 66 kilometro eta 4.400 metroko goranzkodesnibela zuen Pirin Ultra Skyrace-ko (Bulgaria) errekorra erdietsi zuen.


International Skyrunning Federation-ek antolatzen duen Migu Run Skyrunner zirkuituaren azken-aurreko proba joan den asteburuan jokatu zen. Zirkuitu hori Munduko Kopatzat ere hartzen da, eta hitzordu horretan, batez ere gizonezkoen mailan, euskal lasterkariek protagonismo osoa izan zuten.

Horretan ez dago inolako zalantzarik. Datu objektiboek honakoa diote: lehen postua Beñat Marmissolle baionarrak erdietsi zuen, eta bigarren postua Ander Iñarra lezoarrarentzat izan zen.

Marmissollek lehen garaipena izan du erregulartasun zirkuitu horretan. Urte askoan helburu preziatu horren atzetik jardun du, eta, azkenean, Bulgarian biribildu du. Iñarra, berriz, oso-oso gertu ibili da, eta podiumaren lehen kutxara igotzeko arantza hori atera ezinik dabil.

Lasterketari dagokionez, aipatu behar dugu korrikalariek 66 kilometro eta 4.400 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean jo eta su jardun zutela. Beraz, ultra distantziako probari egin zioten aurre.

Hitzorduak, gainera, denetarik izan zuen. Batik bat, emozioa. Oso azkarra izan zen, eta horrek eginiko denboretan izan zuen isla: helmugara iritsi ziren lehen hiru lasterkariek iazko errekorra gainditu zuten. Hori gutxi ez, eta lehen bost sailkatuen arteko aldeak oso-oso txikiak izan ziren; soilik bost minutukoak.

Eta egoera epikoa ere bizi izan zen; helmugatik zazpi kilometrora, baionarraren atzetik zetorren lau korrikalariz osatutako taldeak ibilbidez nahastu eta denbora galdu zuen.

Lehia estua

Irteera puntutik atera bezain pronto, argi geratu zen lasterketa oso estua izango zela. Tropelaren buru sei korrikalari jarri ziren: Marmissolle, Iñarra, Kiril Nikolov, Borja Fernandez, Marc Casal eta Andre Jonsson.

Kilometroek aurrera egin ahala, bazirudien lasterkari hauek esprintean iritsiko zirela. Baina helmugara iristeko zazpi kilometro falta zirela, arestian aipatu dugun talde hori ibilbidetik irten zen. Marmissollek egoera ondo baino hobeto aprobetxatu eta lasterketa irabazi zuen. Helmugan pilatutako ikusle andanak ezusteko handia hartu zuen Marmisolle bakarrik ikusi zuenean. Aviron B.O.M. taldeko ordezkariak, irabazteaz gain, marka berria ezarri zuen, 7:39:06ko denborarekin; iazko marka bost minutuan ondu zuen.

Helmuga puntura heltzen ari zela, baionarra erabat emozionatu eta negar batean iritsi zen: «Egia bihurtu den ametsa izan da. Ez nuen uste Migu Run Skyrunner bezalako zirkuitu bat irabazteko maila nuenik. Izen handiko lehiakide askok hartu dute parte, eta, jakina, ni ez nengoen faboritoen artean. Ibilbidean nahastu ziren, baina argi nuen den-dena emango nuela hitzordu hau irabazteko. Bederen, iazko arantza kendu dut; izan ere, bigarren postuan sailkatu nintzen. Pozarren nago, eta onartu behar dut ibilbide honek harrapatu nauela; oso basatia eta bakartia da».

Euskal festa

Beraz, sona handiko nazioarteko zirkuitu batean lehen garaipena izan du Marmissollek. Euskal “festa” ez zen emaitza dotore horrekin amaitu, Iñarrak azpimarratzekoa den bigarren postua sinatu baitzuen. Baionarrarengandik ia hiru minutura iritsi zen: 7:41:52. Iazko errekorra hobetu zuen berak ere.

Alabaina, lezoarrak onartu duenez, bigarren postu horrekin nolabaiteko arantza geratu zaio: «Lasterketa lehia estukoa izan da. Munduko Kopan nire sailkapen onena lortu dudan arren, zapore gazi-gozoa dut. Garaipena eskura ikusten nuen, baina ibilbidean nahastu ondoren, ihes egin digu irabazleak. Gainera, Marmissolle aurkari zuzena nuen, eta puntuen arrakala handitu dit. Hala ere, balantze positiboa egiten dut, eta aurrerago garaipen baten borrokan ibiltzeko itxaropena dut».

Hirugarren euskal korrikalari bat ere lehiatu zen: Julen Martinez de Estibariz. Hamabosgarren postuan sailkatu zen, 9:12:24ko denborarekin.

Amaitzeko, gogoratu behar dugu zirkuitu horren azken hitzordua urriaren 19an Italiako Limonen jokatuko dela, eta, jakina, final handi horretan lehiatzeko txartela eskuratu dute Marmissollek, Iñarrak eta Martinez de Estibarizek. Oso sasoiko helduko dira lasterketa erabakigarri horretara.