Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
Interview
ELENA IRURETA ETA RAMON AGIRRE
«AGUR ETXEBESTE!» FILMEKO AKTOREAK

«Erronka ez zen makala; denborak idealizazioa eragiten du, gainera»

Euskal Zinemaren Galan estreinatuko da gaur, Victoria Eugenian, «Agur Etxebeste!» filma. Telmo Esnalen eta Asier Altunaren lanak patxada hartu du, orain urtebete filmatu zenetik; jakin-mina, ordea, ez da itzali. Hilaren 27an ailegatuko da Euskal Herriko zinema aretoetara Etxebeste Uranga familia. Aldaketak datoz, eta ez nolanahikoak.

Hitzordua finkatua genuen ordua baino lehen iritsi dira Ramon Agirre (Donostia, 1954) eta Elena Irureta (Zumaia, 1955) aktoreak, elkarrekin eta umoretsu. Aulkiak atondu eta mahaia prestatzen dugun bitartean, natural aitortu du zumaiarrak promozioa dela berarentzat lanaren atalik astunena. Gaur hemen, bihar han, egunean bat, bi, nork daki zenbat elkarrizketa. Estreinaldia gerturatzen den neurrian gerturatzen dira hedabideak.

Lortu dute Telmo Esnalek eta Asier Altunak: “Aupa Etxebeste!” filmeko lantaldea batu eta haren segida egitea, “Agur Etxebeste!”. «Nahiz eta bata bestearen atzetik joan, bigarrena ikus daiteke lehenengoa ikusi ez arren», esan du Iruretak. Baina, ondo pentsatuta, Euskal Herrian nork ez du ezagutzen 2004an langa guztiak apurtu zituen pelikula hura? Horra hor koska.

Hamalau urte igaro dira «Aupa Etxebeste!» hartatik. Nolakoa izan da lantaldea berriz elkartzea?

Ramon Agirre: Den-denak gaude, eta hori hauen abilidadea izan da, zuzendariena. Luxuzko ‘kameoak’ ere baditugu, Euskal Herrian izarrak direnak, eta hori izugarria da! Familia handitu egin da.

Elena Irureta: Elkar ikusten dugu tarteka baina orain elkarrekin berriro lan egitea polita izan da, oso pozgarria. Gogoratzen dut hasi baino lehen Kixirekin [Asier Altuna] kalean topo egin nuela, eta pelikularen gidoiarekin hasiak zirela esan zidan. Hain zaila ikusten nuen bigarren zatia egitea…! ‘A ze marroia hauena’ pentsatu nuen nire barrenerako, Etxebestekoekin berriro beste zerbait egitea. ‘Lasai, lasai ari gara, ez du batak bestearekin zerikusirik’, esan zidan. Bai, familia bera, baina lehena ikusi ez duenak bigarrena ikus zezakeela. Bueno, lasaitu nintzen pixka bat entzundakoarekin. Ondoren etxean gidoia irakurtzean algara batzuk egin nituen, egia esan (barrez hasi da gogoratzean). Ederra! (barrez berriro).

R.A.: Erronka ez zen batere makala, bigarren zatia egitea… lehenengoak halako arrakasta izan zuen... Neurri batean, gainera, utzitako arrastoa idealizatuta dagoela uste dut. ‘Nola egin nuen barre!’, eta erdaraz ikusi zutenek ere ‘¡cómo me reí!’, esaten digute. Uste dut, ordea, agian ez zutela hainbeste barre egin. Denborarekin gauzak beste modu batean gogoratzen ditugu. “Aupa Etxebeste!”-rekin ez zen etengabeko algara, bai egoera batzuek sortutakoak, baina tentsioa ere bazegoen. Eta orain ere hala da. Ez zaie txiste konstantea gustatzen hauei [Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariei], kolpeak baizik.

«Aupa Etxebeste!»-ren arrakasta bera presioa izan al da?

R.A.: Bai, eta horregatik zen zaila, eta horregatik egongo ziren ziur asko zalantzak. Egin, ez egin… langa oso altu zegoen, eta garai haiek basamortua ziren. Nik esan izan dut: horretara iristen bagara, jendeak duen zapore hartara, egin genuen hura bera lortzen badugu… uste dut ez dugula inor defraudatuko. Gustura gaude egindakoarekin, nahiz eta ez zen erraza.

E.I.: Niri pelikula hau borobila iruditzen zait. Agian, borobilagoa.

Fikzioan zer aldatu da hamalau urte hauetan Etxebeste Uranga familian? Ezer aldatu bada…

R.A.: Patrizio Etxebeste alkatetzara ailegatzen da aurreko pelikulan. Geroztik, legealdi batzuk igaro dira, dagoeneko instalatuta dago karguan eta gustoa hartzen ere hasia dago, Administrazioan oso noizbehinka gertatzen diren gauza horietara ohituta [dio ironiaz, eskua mahaipera gerturatuz]… Hortxe abiatzen da istorioa.

Egoera aldrebes batek proban jarriko du familia eta harremanen sendotasuna. Maria Luisak hartuko du lidergoa. Nola deskribatuko zenituzkete zuen pertsonaiak?

E.I.: Maria Luisa zeharo aldatu da. Hasieran, beste filmean bezala, nahiko etxekoa ikusten zaio, bertako kontuak eta egitekoak, familia… Baina inguruan gertatzen ari denaz jabetzen denean… etxea ondo gobernatzen du eta herriarekin gauza bera egin dezakeela konbentzituta dago. Zintzo eta garbi jokatuz egingo du, gainera, baina senarrarekin kristoren dezepzioa hartuz.

R.A.: Patrizio iluso bat da, txoriburua. Ez da pertsona gaiztoa, baina engainatzen erraza da, eta saltsetan nahastuta ibiltzen da. Ez du egoera kontrolatzen, baina gauzak badoazen bitartean egiten uzten du. Kaskarina da.

Umorearen bidez bada ere, gai serioak jorratzen dira: ustelkeria, boterearen tentazioak, jokabide ilunak… mezu ugari dago.

R.A.: Ustelkeria presente dago, botere gosea, baina aipatuko nituzke gizon eta emakumeen arteko rolak eta harremanak, bien arteko botere lehia, finean. Hor familiak pausotxo bat eman du eta gauzak irauli egin dira. Patrizio ere bere moztasun horretan konturatzen da emakumeen garaia dela.

Hain zuzen, gizon eta emakumeen paperez, roletan aldaketak gertatzen dira. Patrizio galduta ikusiko dugu etxean; ez, ordea, Maria Luisa udaletxean.

R.A.: Tipo konbentzionaletan konbentzionalena da Patrizio Etxebeste, klasikoetan klasikoena. Eta emazteak proposatu arren alkate izateko aukera, hasieran brometan hartzen du. Erabat serio ari zaio Maria Luisa. Senarra ondoren konturatuko da aukera ona izan daitekeela. Patriziorentzat deskubrimendua izango da emaztea lan horietan ikustea. Etxea administratzeko gai bada, zergatik ez herria? Garai hartako gizonek deskubritzeko dutena deskubrituko du.

Ez hori bakarrik. Patrizio bide txarretik eraman duten gizon horiei aurre egiteko hartzen duen jarrera, ausardia, Patrizio bera gai izan ez denean… Maria Luisa, chapeau! Orain ikusi da emakume modernoa dela, garaikoa. Berak erabaki eta berak egin.

E.I.: Alkate bezala, diskurtsoa ematen duen momentutik agertzen da argi Maria Luisa. ‘Hau horrela eta horrela da’, gauza asko alde batera utzita. Askoz ere praktikoagoa da.

«Agur Etxebeste!»-k mezu asko iradokitzen ditu gaurkotasunari lotuak. Umorea baliatuz egitea zailagoa da?

R.A.: Kontrakoa, errazagoa da, ustekabean egiten duzulako. Ikuslea harrapatu egiten duzu, badirudi tontakeriak esaten ari zarela, azaleko gauzak, baina sartzen dituzu ideiak. Umoreak hori permititzen du, zeharka oso urruti ailegatu zaitezke.

Euskal Zinemaren Galan estreinatuko da gaur eta aretoetara 27an helduko da. Gogoa badago. Zer sentitzen duzue?

E.I.: Lagunek, eta gerturatzen direnek, gauza onak esaten dizkigute… Ni lasai sentitzen naiz, gustatu zait, eta zuri ere bai Ramon. Jakina, denek ez dute neurri berean disfrutatuko, baina oso rato polita pasa dugu eta pasaraziko dugu.