SEP. 25 2019 JOPUNTUA Zer ote da zutik jartzea Mikel Aramendi Kazetaria Duela 70 urteko urriaren lehen hartan Tiananmeneko atondoan Maok esana bezala geratu da: Txinako herria zutik jarri da. Historiaren zehaztasuna zaintzen dutenek biribilki ukatzen dute egun hartan inork halakorik esan zuenik; ez Maok, ez beste inork. Hutsal samarra da zuzenketa: egun batzuk lehenagoko bilkura batean esandakoa omen litzateke. Mami gehiago luke esakune haren adiera desberdinak hausnartzeak. Erratzeko arrisku handirik gabe, igarri bailiteke Opioaren Lehen Gerraz geroztik Txinak igarotako mendebete hitsa zuela buruan Maok hura bota zuenean. Mendebaldean, ordea, Napoleonen gogoetaz («Lotan dagoen erraldoia da Txina; utz iezaiozue...») oroitu bide ziren hura aditu zuten gehienak. Baikortasunetik ezkortasunera doan aldea. Kontua da, orduan hasitakoak zazpigarren hamarkada betetzen duela eta, erakustaldi erraldoia antolatu duela erregimenak leku eta egun berberean. Txinako eskalan antolatu ere. Kasualitatez edo, 1949ko desfilean parte hartu zuten dozena eta erdi mila soldaduak halako hamar izango omen dira datorren astearteko desfilean. Eta eszenifikazioan hutsik gerta ez dadin, gauero egiten ari dira entseguak, joan den astetik. Kopuruak baino zer pentsatu gehiago ematen dit, hala ere, alor kualitatiboak. Ziurtzat jotzen da bere armategiko bitxirik preziatuenetako batzuk agerraraziko dituela Xiren aginte-taldeak erakustaldi horretan. Besteak beste, Dongfeng-41 misil estrategikoak, J-20 bosgarren belaunaldiko hegazkinak, drone aurreratuenak... Ez dira arma berri-berriak, jada hedatuta daude guztiak; jendaurrean ia inoiz azaldu gabeak dira, hori bai. Eta benetako berritasuna: eraso-armak izango dira gehienak. Gaur egungo gerragintzan defentsa eta erasoa bereiztea zilegi den neurrian. Arestian, bere Defentsa Liburu Zurian, ohiko filosofia defentsiboa gogotik goratu du Txinak. Baina datorren asteartean Chang'an hiribidean ikusiko denak «defentsaren» adiera berezi samarra helaraziko du. Zutik jartzeaz beraiek ulertzen dutena. Ziurtzat jotzen da bere armategiko bitxirik preziatuenetako batzuk agerraraziko dituela Xiren aginte-taldeak erakustaldi horretan