GARA
ARRASATE

Arrasateko merkatuko jarduna errespetatzeko eskatu diote Udalari

Arrasateko Udala merkatua «bertan behera uzten» ari dela ohartarazi dute azokako kideek, ez soilik ez delako konponketarik egiten eta eraikina erortzen ari delako, baizik eta erabilera murrizten dietelako.

«Gure herriaren irudia gutxinaka aldatzen doa –adierazi zuten Arrasateko merkatuko kideek atzoko agerraldian–. Kaleak txukuntzen ari dira, garai bateko eraikin eraberrituei erabilera ematen, horma irudi handiekin bista alaitzen... Udaleko zinegotziei entzun diegu esaten, ia erabiltzen ez ziren eraikin zaharrak berritu aurretik: ‘Nahi duzuena eskatu eta egingo dugu’. Baina zer gertatzen da azokarekin?».

Merkatua hiru zatitan banatuta dago: alde batetik postu finkoak daude. Lehen 20 ziren eta orain bakarra gelditzen da. Eta jaitsiera hori ez da erretiroagatik soilik gertatu, kideek agertu zutenez. Bestetik 18 postu ibiltari daude, eta hirugarrenik, 12-15 baserritar. Aldarri berak batu ditu denak, duintasunaren aldeko borrokak.

“Azoka bizirik” leloarekin egin zuten prentsaurrekoan irakurri zuten agiri bera bidali diete alkateari eta alderdi guztiei. Erantzuteko tartetxo bat emango diete orain eta gero borrokan jarraituko dute «luzarorako soluzio bat lortu arte». Aspaldiko kontua baita auzia. «Gero eta diru gehiago eskatzen dute postua jartzeko eta etorri nahi duten saltzaile berriei ez diete sartzen uzten, proiektua ez dagoela finkatua esanez».

Merkatua, garai batean herritar entzutetsu batek eskuzabaltasunez emandakoa, «goxoki bat da higiezinen espekulatzaileentzat», baina kideek argi utzi zioten Udalari: «Gu ere herri honen parte gara, gure lanak eta bezeroek errespetua merezi dute. Merkatuak leku pribilegiatua zeukan herrian, handia zen, zabala, argitsua eta gainera arkitektonikoki polita, eta baserritarren ondorengo belaunaldiek horrela izaten jarrai dezala nahi dugu».

Eskaerak

Eskari zehatzak egin zizkioten Udalari azokako partaideek: merkatuko jarduera errespeta dezala; ordutegiarekin ez dezala traba gehiago jarri (irekiera ordua atzeratu diete, kalteak eta galerak eraginez saltzaile nahiz erosleei), eta beren jarduera lehenetsi dezala beste jardueren aurrean (merkatu egunetan herri bazkari bat badago baserritarrei postuak jasotzeko ordutegia inposatzen diete).

Merkatuko arduraduna zen aguazilak erretiroa hartu eta ez zuten inor jarri haren ordez, eta postu hori betetzea ere exijitu zuten. «Postu finkoak, gehienak hutsik dagoeneko, zikinkeriak pilatzeko erabiltzen dira». Beraz, Udalari eskatu zioten «ez ditzala zakarrontzira bota jarduera gauzatzeko eskaerak».

«Eraikina erortzen ari zaigu eta inori ez zaio axola!», kexatu ziren, eta instalazioak garbi eta txukun izateko eta erabilera egokia emateko eskatu zuten. «Baserritarrez hizketan ahoa betetzen zaie, baina soilik santamasetan herria apaintzera jaistea nahi dute». Baserri biziak behar dituztela aldarrikatu zuten eta, beraz, merkatu bizia. Azoka erabiltzen duen «jende dezente» dago herrian, gainera.