OCT. 04 2019 JOPUNTUA Noren babeserako arkitektura? Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Tarteka, oso erabiliak ez diren hitzak modan jartzen dira; horietako bat «bolardo» da. Batik bat, 2017ko Rambletako erasoaren ostean izan genuen eraso terroristen aurrean babesteko oztopo horien berri, eta egun, bereziki jendetsuak diren jaietan eta ospakizunetan oraindik ere deigarriak egiten zaizkigu. Ezaguna egin da ere Bilboko Portuko harresi handia, kasu honetan, oztopo horren helburua polizoiak ekiditea omen da. Espazio publikoaren sekurizazioa gero eta argiagoa da, askotan bolardoak edota harresiak bezain nabarmena ez bada ere. Gure kaleak arretaz begiratuz gero, kamera ugari ikusiko ditugu. Horietaz gain, kaleko bankuak gero eta ezerosoagoak direla ohartuko gara, etzanda egotea ezinezko bihurtuz. Are gehiago, zenbait tokitan guztiz desagertuta daudela ikusiko dugu. Bestetik, zenbait hiritan etxegabeek gainean lo egin ez dezaten iltze modukoak erabiltzen hasi direla jakin dugu. Babes-arkitekturaren adibideak zenbatezinak dira, eta gero eta ohikoagoak. Horren ereduak bilatzeko ariketa egiten duena harrituta geratuko da. Babes-arkitekturaren ezaugarri nagusia baztertzailea izatea da. Esaterako, etzatea ekiditen duten bankuak bereziki gogorrak izango dira etxegabeentzat. Beste bereizgarri bat da askotan bere helburua ez dela kriminalitatearen aurka egitea, ustezko jokaera antisozialak ekiditea baizik, nahiz eta batzuetan hauen garrantzia hutsaren parekoa izan, eta ezin froga daitekeen kriminalitaterako joeraren adierazgarriak direnik. Azken batean, lortzen dena gizarte eredu jakin batera erabat egokitzen ez direnak horretara behartzea da. Arriskuaren gizartean gero eta arduratuago gaude sortu ahal diren mehatxuengatik. Dena dela, interesgarria da espazio publikoari aitortzen hasi zaion dimentsio politiko eta sozial berriaz gogoeta egitea. Horrela, hasiera batean babes-arkitektura ideia ona iruditu arren, haren eraginak sakon hausnartzeko modukoak dira. Bereziki, hiri paisaiaren aniztasun galeraz, zenbait eskubide zalantzan jartzeaz, edo segurtasuna zein segurtasun sentsazioa hobetzeko benetako erabilgarritasunaz. Babes- arkitekturaren adibideak zenbatezinak dira, eta gero eta ohikoagoak. Horren adibideak bilatzeko ariketa egiten duena harrituta geratuko da