GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Etxebizitza arazoak neurri ausartak behar ditu


Badira politika publikoak aurrera eramateko bi modu: herritarrei entzun eta guztion beharrak asetzen dituzten politikak indarrean jarri, edo herritarrek dituzten beharrak antzeman eta entzun nahi dutena saldu. Lan egiteko bi modu hauetatik, noski, lehenarekin geratzen naiz. Asmo politak titular ponposoetan irakurtzearekin nekatuta nago jada. Eta behin entzun nuen esaldi batek ondo definitzen du Jaurlaritzaren etxebizitza politika: «Proyectos sin cuentas son cuentos». Ez dago etxebizitza politika egoki eta ausart bat aurrera eramaterik baliabide ekonomiko nahikorik gabe!

Etxebizitzarekin dugun arazoa larria da. Esan genezake, beste larrialdi batzuk deklaratzen ditugun bezala, etxebizitza-larrialdian bizi garela. Ingurura begiratu baino ez dugu konturatzeko jendartean dauden arazoez etxebizitza bat arrazoizko prezioan eskuratzeko. Diru-sarrera baxuak dituztenak eta egoera zaurgarrietan aurkitzen diren asko etxebizitza mantendu ezinik dabiltza, edota alokairuak ordaindu ezinagatik kaleratuak izaten ari dira. Gazteak bizitza proiektu bat aurrera eraman ahal izateko emantzipatu ezinik dabiltza. Familia askotan diru-sarreren gehiegizko zati bat bideratzen da etxebizitza kostuei aurre egitera. Ikasketekin jarraitzeko beraien herritik desplazatu beharra duten ikasleek zailtasun handiak dituzte ordaintzeko moduko pisu bat aurkitzeko… Azken finean, benetako larrialdi egoeran gaude, eta larrialdiei berehalako neurriekin erantzun behar zaie!

Zertarako balio digu 2015ean onartu zen etxebizitza lege aurrerakoiak, oraindik bere alderdirik garrantzitsuenetan garatu gabe badago? Zertarako balio digu etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortua izateak, 250 euroko prestazio batekin estaltzen badu Administrazioak bere eginbeharra? Zertarako balio digu Gaztelagun-en moduko programa batek, bertan jasotzen diren baldintzak ezin badira bete ere egin?

Dagoen etxebizitza beharrari erantzuteko alokairurako etxebizitza parke publikoa handitzea da neurri eraginkor bakarra. Hori garbi dago! Eta horretarako nahiko baliabide jarri behar dira, baina ez soilik etxebizitza berriak egiteko, baita beste etxebizitza eredu batzuk sustatzeko (etxebizitza komunitarioak, erabilera lagapeneko kooperatibak, cohousing edo elkarlaneko etxebizitzak…) edota erabilerarik ez duten apartamentu eta etxebizitzak arrazoizko prezioan erosteko.

Eta parke publiko propioa neurriz handitu bitartean, beharrezkoak izango dira hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko bitartekaritza programak, etxejabe pribatuek Administrazioaren esku utz dezaten etxebizitza horien kudeaketa. Neurri honek etxebizitza parke publikoaren eskaintza handitzea dakar, bai, baina ezin gara horretara mugatu. Eta azkenean, kostata, badirudi etxebizitza huts horiek alokairuan jarri nahi ez dituzten etxejabeak zigortuko direla, kanon bat ezarriz. Ez da batere justua etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik ez duten herritarrak dauden bitartean, beste herritar batzuek beraien etxebizitzak bizitzarik gabeko etxe gisa mantentzen jarraitzea.

Gainera, parke publikoa handitzeak bere eragina izango luke baita alokairurako merkatu pribatuan ere, etengabe eta modu neurrigabean garestitzen ari den merkatuan. Ezin gara konformatu alokairuen erreferentziazko indize bat sortu eta prezio horien azpitik alokatzen duten etxejabeei hobari fiskalak planteatzearekin. Neurri ausartak behar ditugu, eta bat alokairuei muga jartzea litzateke.