GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Txapeldunen Liga, Larrañagarentzat

Azpeitiarrak iraupeneko azken proba luzean erabaki du lehia, Julen Alberdi eta Ruben Saralegi mendean hartzeko.


Atzo eguerdian jokatu zen Urrestillako Txikuri pilotalekuan Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako finala, eta Mikel Larrañaga izan zen garaile garbia. Egin beharreko ariketak gorabeheratsuak izan ziren, batean batak eta bestean besteak lortzen zuen aurrea hartzea, baina, azkenean, iraupeneko proba luzean, hau da, 60 ontzako sei enbor ebakitzen, Larrañaga izan zen nagusi.

Hasiera beti bezala kolpekako probarekin eman zitzaion lehiari, eta hor alde handirik ez zen ikusi hiru finalisten artean. Bigarren ariketan ere, erlojuaren aurka kanaerdiko bat ebakitzen, antzeratsu aritu ziren. Hirugarrenean 45 ontzakoa zutik ebaki behar zen, eta hor Saralegi izan zen azkarrena, minutu bat eta 18 segundo behar izan zituelarik. Ondoren, oinbikoan, Mikel Larrañagak 40 bat segundoko tartean ireki zuen.

Baina txapela iraupeneko proban erabaki zen. Motel samar hasi bazen ere, Larrañagak aurretik zuen abantaila eta, azken enborretan atera zuena kontutan izanik, aise irabazi zuela esan daiteke. Amaieran hauek izan ziren emaitzak: Mikel Larrañagak 28.58, Julen Alberdi Txikia IV.a-k 32.02 eta Ruben Saralegik 34.54. Egurrak, aizkolariek jarriak, zikin samarrak atera ziren eta Saralegik aizkora erdibitu zuen adar batean.

Aizkolariekin txandatuaz hiru emakume aritu ziren harri jasotzen. Karmele Gisasola eta Virginia Finol 88 kiloko zilindroarekin eta 63ko bolarekin aritu ziren. Udane Ostolazak, 14 urteko neskatilak, 63 kiloko kubikari bi minutuko txandan bi jasoaldi eman zizkion eta 50eko bolari bi minututan zazpi.

Txapelketak Basaurin

Basaurin jokatu zen atzo Bizkaiko harri jasotze txapelketa eta irabazlea Inhar Urruzuno izan zen, Jon Gisasola, Aritz Etxebarria eta Julio Jimenezi aurrea hartuta. Binakako aizkolarien txapelketan, aldiz, irabazleak Unai Aldape eta Aitzol Atutxa izan ziren, Larrea aita-semeak, Naredo-Gisasola, Ezpeleta aita-semeak, Garzia-Mendieta eta Lekue-Oregi bikoteei gain hartuta.