Estilo aparteko lana egin dute italiarrek Bhagirathi IV mendian
Ragni di Lecco taldeko Luca Schiera, Matteo de Zaiacomo eta Matteo della Bordellak seimilakoaren mendebaldeko aurpegia lehenaldiz eskalatu dute. 800 metroko murru hori estilo alpinoan, hogei orduko jardunean eta paraboltak erabili gabe igo dute.
Ez gaitu harritu Italiako Ragni di Lecco taldeko hiru kidek joan den irailean Bhagirathi IV mendiaren (6.193 m, Garhwall, Indiako Himalaia) mendebaldeko aurpegian eginiko lanak. Talde horrek alpinismoan lehen mailako makina bat jarduera egin ditu, eta, horregatik, sona handia izateaz gain, nolabaiteko aura berezia ere jaso du.
Bhagirathi IV mendiko lehen igoera meritu handikoa da, jakina, baina are garrantzitsuagoa izan da hirukoteak indarrean jarritako estiloa. Hori guztia argitzeko, aurreratu behar dugu italiarrek 800 metroko murrua estilo alpinoan, hogei orduko jardunean eta paraboltak erabili gabe igo dutela. Zabaldutako bideari “Cavalli Bardati” deitu diote: 7b eta A0-n bi pausu.
Joan den irailaren 15ean lortutako balentria ulertu ahal izateko, lehenik eta behin esan behar dugu Bhagirathi IV mendiaren mendebaldeko aurpegiak denera zazpi espedizioren bisitak izan dituela. Horietako bat, duela lau urtekoa, lerrootako protagonistek eurek eginikoa. Bi marra ezberdinetan hiru ekinaldi egin zituzten, baina, 6.000 metrora zirela, zailtasun gogorrek behartuta, atzera behar izan zuten egin.
Iragan uztailean berriro itzuli ziren, eta, hilabete eta erdiko espedizioaren ondoren, oso erakargarria zen proiektua biribiltzea lortu zuten. Protagonistek beraiek onartu dutenez, ez da batere erraza izan; izan ere, arrisku objektiboek buruko min asko eragin dizkiete. Egoera hori dela eta, italiarrek estrategiaz aldatu behar izan zuten; horrekin esan nahi dugu igo gabe zegoen hormatzarra eskalatu ahal izateko zenbait saio egin behar izan dituztela.
Della Bordellak aurreratu du pozarren daudela eginiko lanarekin, eta kontatu du egoera benetan arriskutsuak bizi izan zituztela: «Kanpaleku nagusia antolatu bezain laster, girora egokitzeko faseari ekin genion. Bhagirathi II mendian (6.512 m) jardun genuen. Nahiz eta eguraldia perfektua ez izan, dena ondo zihoan. Pronto geunden Bhagirathi IV mendiaren mendebaldeko aurpegian aukeratutako marrari ekiteko. Kanpaleku aurreratura abiatu ginen, eta igo behar genuen balizko bidean luizi ikaragarriak ikusi genituen. Luiziek auto baten neurriko blokeak bota zituzten, eta biharamunean egon behar ginen lekuak mila zatitan puskatu ziren. Zur eta lur geratu ginen! Beraz, marra horretan ez sartzea erabaki genuen. Han ginela, beste alternatiba bat aztertu eta oinarrizko kanpalekura jaitsi ginen».
Murru horretan ikusitakoak ez zituen kikildu. Bhagirathi II mendian eginiko aklimatazioaren ondoren sasoiko zeuden. Gainera, montzoiaren denboraldia amaitu berri zen; euripean pare bat aste igaro zituzten. Klima ere alde zuten. Beno, hori zehaztu egin behar da, bero handia egiten zuelako: «Erabat harrituta geunden eguraldiarekin. Duela lau urte hotza egin zigun. Agian egin zigun beroak eraginda bizi izan genuen arestian aipatu dudan egoera. Benetan diot: bloke ikaragarri handiak ziren eta mila zatitan puskatu ziren... Luiziek harrapatu izan bagintuzte...».
Beste bi saio
Della Bordellak aipatu dituen arrisku horiek saihestu ahal izateko, bigarren ekinaldirako marra zuzenagoa aukeratu zuten. Sartu bezain laster ohartu ziren babesean zirela, baina, era berean, askoz zailagoa zela ere egiaztatu zuten: «Paretan lan egiten hiru egun egin genituen. Goitik atera nahi genuen, baina zailtasun teknikoak oso gogorrak ziren. Erabat leuna zen sekzio batera heldu ginen. Hura begiratu, aztertu... eta ezinezkoa zen jarraitzea. Saio horrek adorerik gabe utzi gintuen».
Bazirudien espedizioa bertan behera utziko zutela. Tresneria guztia kanpaleku aurreratuan zuten, eta, hura jaso eta alde egin baino lehen, Della Bordellak izaera horretako murru alpino bati aurre egiteko oso ohikoa ez den proposamena egin zien taldekideei: «Gau osoa pasa nuen buruari eragiten. Agian pentsatzen ari nintzenak ez zuen zentzurik, baina barru-barruan sartu zitzaidan eta ez zidan lorik egiten uzten. Ñabardura eta jokaleku guztiak ondo baino hobeto aztertu behar nituen. Eta ondoren, nire sokakideei aurkeztu. Ez nekien zer erantzungo zidaten. Baina ausartu egin nintzen. Eta mahai gainean saio azkar bat egitea proposatu nien. Hots, egun bateko eskalada eskatuko ziguna. Bibaka egin gabe. Arin, oso arin. Ezinezkoa zirudien, besteak beste, hormatzarretan zabaldutako bideek eskuarki lau egun edo gehiago eskatzen dutelako. Baina probatzera animatu nituen. Onartu zuten, eta, azkenean, ondo irten zen!».
Irailaren 15a izan zen “D eguna”. Kanpaleku aurreratutik gauerdian atera ziren. Bizkar-zakuek apenas zuten zamarik. Bazirudien Alpeetan eskalatzen ari zirela. Goizeko hiruretan eskaladaren lehen urratsak egin zituzten. Sokaren ardura osoa Schierak eta Della Bordellak hartu zuten. De Zaiacomok, berriz, petatea igotzen jardun zuen.
Behin betiko ekinaldi horretan tenperaturak behera egin zuen, eta, hein batean, eskertu egin zuten: «Kopeta-argiarekin hasi ginen eskalatzen. -10 graduko tenperatura egiten zuen. Sokaburu jarri eta sei luze gainditu zituen Lucak. Lekukoa hartu eta hurrengoak nik egin nituen buruan. Eskalada ez zen batere atsegina; ez zuen zerikusirik duela lau urtekoarekin. 6c/7a zailtasuneko artesi ederrak ziren, baina luizien eraginez oso-oso zikin zeuden. Baina ni baikorra nintzen. 5.900 metrora geunden, eta, ni neu, Grand Capucinen eskalatzen ariko banintz bezala sentitzen nintzen».
Hamar luze igo ondoren, bidearen giltza aurrean zuten: 60 metroko sekzio bat. Bi camalotekin pendulu bat egin eta “buruhauste” hori atzean utzi zuten. Luze zikinenak gaindituta zituzten, eta, gainera, arrokaren kalitateak hobera egin zuen. Hori horrela, Della Bordellak dioen modura, «rallya» hasi zen: «Bloke ezegonkorrak dituen azken tartean geunden. Matteok petateekin lan izugarria egin zuen, eta ez zuen gure erritmoa mantsotu. Luze batzuk egin eta Luca sokaburu jarri zen. Pastelari ginga jarri behar zion. Gaua zen. Kopetako-argia lagun, eskistoan bi luze arriskutsu egin eta granitoa aurkitu zuen. Arroka amaitu eta azken elur aldatsean geunden. Hiru lagunentzat bi kranpoi pare genituen. Metro batzuk egin, soka finkatu eta nire kideek jumareatu egiten zuten. Tontorra gaueko hamaiketan lortu genuen».
Gailurrean atseden hartu ostean, Ragni di Lecco taldeko hiru ordezkariak ekialdeko aurpegitik jaitsi ziren. Azken hausnarketa hau egin nahi izan dute: «Ez genuen etxera esku hutsik itzuli nahi. Luizien ondoren, zaila zen motibazioari eustea, baina lortu genuen. Estiloari begiratuta, behin betiko saioa apustu handia izan zen».