Inongo testigurik gabe
Udako sargoriak urriko hego-haizeari lekua egiten dion heinean, ahantzi zaharrak zantzu berritan idazten diren legez, bueltan da berriz ere Iñigo Astiz (Iruñea, 1985), denbora batez harat-honat ibili ostean. Egunkari-orriak edo Gaztela-Mantxako haize-errota erraldoiak (“Kixotenean”, Elkar, 2016) baino ez dizkiogu barrundatu, “Baita hondakinak ere” (Susa, 2012) laga zigunetik. Baina udazkena berrikasten, birbizitzen edo berrirakurtzen hasteko tenorea baldin bada, hutsetik ekin beharra dago, inoiz deus idatzi nahiz irakurri ez duenaren gisan, eta modu horretantxe dakarkigu “Analfabetoa” (Susa, 2019).
Dena dela, azken ekarpen hau ez da itsasoko irla isolatua: “Baita hondakinak ere” kuttun haren jarraipen naturalaren ildoan dagoelakoan naiz. Oro har, Iñigo Astiz barnebiltzen duten xehetasun guztiak doi-doi erakusten dituen lana da: batetik, bada poeta bat, tematikarekin zein testu arteko loturekin temati ageri zaiguna; bestetik, bada kazetari bat, istorioak ezker-eskuin kontatzeko gai dena; horiez gain, bada irudiekin jostalari dirauen eta eszenaren erdigunetik kenarazten gaituen prosalari bat. Iraupen-lasterkaria da Astiz, arnasa luzekoa eta arrasto nabaria uzten duena. Bere poemen tempoa luze samarra da eta badute prosatik, poesiatik beste; berbarako, azken olerkiak 17 orrialde eta 600 bertso-lerro ditu, giza existentziari eta ezintasunari eskainiak.
Subjektu poetikoa argi-fokuetatik urruntzea du xede egileak. Bizia bera da erdigunea eta txikitasunetatik abiatzen da gizateria, kolektibotasuna nahiz denboraren joan-etorria azaltzeko. Bizi osoa idazten daraman autorearen zama du Astizen estiloak, baina, era berean, egungo iturri, influentzia zein ertz orotatik edaten duena.
Ez da kasualitatea, kasurako, Gabriel Aresti, autore amerikarrak, Beñat Sarasola, Stalin, Man Ray, Decathlon, Ikea, Coca-Cola (eta beronen E150d koloratzailea eta E338 azidotzailea), Sylvia Plath, Wiliam Carlos Williams, Izet Sarajlic, Credit Suisse, Mercedes, Volvo eta Filippo Tommaso Marinetti olerki berberean aipatzea. Izan ere, sarritan, norbanakoaren txikitasuna azpimarratzeko munduari leihoak irekitzea baino ez dago-eta.
Idazkera-moldeari dagokionez, prosaikotasunerako joera ageria dakusat, hizkuntza ekonomizatzeko nahiarekin batera: testuari ezer emango ez dionak ez du lekurik lanean eta arranditsu izateak ez du balio. Prosak eskatzen duen erritmoa dagokie testuei, olerkiak izanagatik. Egitura aldetik, aho biko ezpataren pareko produktua daukagu esku artean: obrara emeki sartzen gaituzten bi olerki ditugu hastapenean; ostean, lanaren mamia osatu beharko lukeen atala dator eta, amaitzeko, lanaren amaiera. Baina, Astizek lanaren epizentroa atzeratzeko nolabaiteko hautua darabil eta, horrenbestez, amaierako olerki potolo horrek mamiaren pisu osoa (edo pisurik handiena, behintzat) dauka bere gain eta, zelan edo halan, lanaren ordura arteko tonua beste dimentsio zorrotzago batera darama. Tonu horren baitan, halaber, kutsu poetikoa albo batera utzi eta ohiko poesia-estiloari ihes egiten dio egileak, biziaren aurreko ikusmoldeak zidorrik agerikoenetan zein zuzenenetan barrena azaleratzeko.
Mapa zaharkitu baina argia dugu Astizen poema-sorta hau: zaharkitua, giza existentziaren erradiografia baten parekoa delako, historiaurretik etorkizunera artean; argia, ideiak nahiz kontzeptuak prosaismo bikain, iraingarri eta distiratsuz azaltzen direlako, ilargia eskuarekin estaliz, inongo testigurik gabe.