OCT. 28 2019 ZIRIKAZAN Aspaldiko partez Josebe EGIA Aspaldiko partez joan nintzen zinemara lagunekin. Asko gustatu zitzaigun filma, eta amaitu bezain laster hasi ginen komentatzen, aretotik ateratzeko eskaileretan behera, zer-nolako beldurra eragiten duen erotasunak: ero bihurtzeak; horretara eraman zaitzaketen bizipen bortitzek; bortiztasun horri muzin eginda ondorioak pairatu dituzten pertsonekin egin izan diren esku-hartzeek, eta ez sozialki ez politikoki inork ez hartzeak bere gain inolako erantzukizunik, ez eta eroen gaineko benetako ardurarik ere, ahalik eta gehiena ezkutatu beharrean; eta, batez ere, erotasuna zer den, eroa nor den eta nola tratatu behar den, nork eta zeren arabera erabakitzen den garaiaren arabera… Eskaileren amaiera aldera, ama-alaba egokitu zitzaizkidan parean. Alaba pega-pega eginda nuen, koska bat beherago. Beldurra eman zidan atzeko norbaitek bultza egin eta haren gainera joateak, bertan hautsiko ote nuen. Haren gorputz mehe-meheak, haren haragiz bildu gabeko hezurrek, ezingo zuketen jasan nire gorputz hain bestelakoaren, hain kontrakoaren, pisua. Inpresio handia eragin zidan amaren fotokopia zen neska anorexikoak, ama osasuntsuaren gaztetako argazki gaixoak, eta problematika hau zein ahantzirik dugun konturatzeak ere bai. Eta etxeratu nintzen pentsatuz duela hamarkada bat baino gehiago artikulu hau euskaraz argitara ematen hasi ginenean sarri izaten genuela hizpide; jabetuz aspalditik ez dagoela jendarteko auzi larrien mahai gainean nagusiki andrazkoak (adin-mugarik gabe) akabatu ere egin ditzakeen gaitz konplexu hau, jateari uztea, edo modu konpultsiboan jan eta botatzea, sintoma ikusgarriena besterik ez baita; gogoratuz duela bi hamarkada ospitale bateko psikiatria-pabiloia garbitzen ari nintzela zein eroa iruditu zitzaidan, eta zer-nolako ezinegona eragin zidan, neska anorexikoak han giltzapetuta, literalki, ikusteak… bestela tratatu ezinezko zoro arriskutsuak balira bezala, edo beren jokabide “apetatsuagatik” jasotako zigorrarekin lezioa ikastera derrigortuta baleude bezala. Ez dakit, eta jakin nahiko nuke (nahi nuke gaiak garrantzitsua izaten eta hedabideetan lekua eskaintzen jarraitzea), harrezkero emakumeon borroketan aurrera egindako urratsek izan ote duten eraginik, kontsiderazio-tratamendu-lanketa sozialaren aldetik ondoriorik, emakumeon gorputza, beste askotan bezalaxe, gatazka- eta borroka-eremu bihurtzera daraman mendekotasun honetan, ez horren boluntarioa, ez horren indibiduala, eta, jakina, ez horren eroa.