Asier AIESTARAN
Zesta

Beaskoetxea eta Lopez dira Gernikako erregeak

Bertako Grand Slama irabazi ostean, Opena ere bereganatu dute, Goikoetxea eta Inzari bi jokotan irabazita.

Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez izan dira Gernikako erregeak 2019 honetan. Uda partean bertako Grand Slama irabazi ostean, atzo Opena ere bereganatu zuten, Goikoetxeari eta Inzari 2-0 nagusituta. Zumaiako atzelariak sasoi bete-betean dagoela erakutsi zuen, nabarmen agindu zuen Gernikako Jai Alai luzean, eta aginte hori bikain baliatu zuen Beaskoetxeak tanto asko eta ederrak amaitzeko.

Aurreneko jokoa oso parekatua izan zen. Xabi Inza atzelari hendaiarra jokoan sartu ahala, Goikoetxea aurrean agintzen hasi zen eta tarte politak izan zituzten alde markagailuan (4-7, 5-8 eta 6-9). Baina Inzari lana pilatzen joan zitzaion –zazpi galdutako azkenean–, eta bere ezinak Beaskoetxeak baliatu zituen egoerari buelta emateko: 9-3ko partzial bati esker 15-12 irabazi zuten lehen seta.

Bigarrenean, berriz, pilota motelagoa atera zuten gorriek, eta jokoan nagusitasuna nabarmenagoa izan zen. Imanol Lopez oso eroso aritu zen atzeko koadroetan eta 10-4 aurreratu ziren markagailuan. Hori ikusita, Goikoetxeari arriskatzea beste aukerarik ez zitzaion geratu, eta bere trebeziari esker 13-11 hurbiltzea lortu zuten. Baina ez zen nahikoa izan eta Lopezen bi tanto eder tarteko –hiru egin zituen, ikusgarriak denak: bi aurrean eta bat atzean–, 15-11 bereganatu zuten bigarren jokoa ere.

Xistera Durangon

Igandean Durangon jokatu zen Interjai Txapelketako jardunaldiaren ostean, gauzak estu geratu dira sailkapenean. Antxon eta Elkorobarrutia ziren orain arte sailkapeneko buru partida guztiak irabazita, baina Ezkurdin 2-0 galdu zuten Laloo eta Manciren aurka, eta orain berdinduta daude sailkapen nagusian. Beste neurketan, Aaronek eta Zugaitzek finalerdietan izateko pausoa eman zuten Zuloaga eta Urieli 1-2 irabazita.

Nesken hainbat partida ere jokatu zituzten Durangoko jaialdian: Moreno-Elezgaraik 15-20 irabazi zieten Goikoetxea-Murugarreni; Idoeta-Nicolasek 14-20 Aldalur-Fuentesi; Mugartegi-Araik 9-20 Gogenola-Watkinsi; Elezgarai-Lakak 11-20 Goenaga-Etxabururi eta Barrenetxea-Otañok 25-21 Lur-Roblesi. Eta jokoetara jokatutako beste neurketan, Aldazabal eta Lizardik 2-0 irabazi zieten Arakistain eta Hirigoieni (15-3 eta 15-4).