NOV. 05 2019 «BUYAN», «AMETS AMERIKARRA» BETETA EUSKALDUN IZATEA LORTU DUEN KOMIKIA Alderantzizko istorioa da «Buyan»-ena: euskaraz sortu bai baina hala argitaratzeko zidorrik topatu ez zuenez, Estatu frantsesetik pasa eta AEBetara bidaiatu zuten egileek. Argitaletxe batek erosi ditu eskubideak, eta lehen ordainketarekin ekoitzi dute euskaraz. Amalur ARTOLA Ameriketatik “aberastuta” itzuli omen ziren haiek bezala, “Buyan” egitasmoaren atzean dagoen laukoteak ere ozeanoa zeharkatu behar izan du bere ametsa bete eta mimoz landutako komikia euskaraz eta kalitatez argitaratu ahal izateko. «Istorio luzea da», aurreratu digu Aritz Trueba ilustratzaile donostiarrak. Eta hastapenera, 2012. urtera, eraman gaitu: Ikastolen Elkartean ari da lanean Trueba, eta bertan ezagutu du Xabier Etxeberria idazle zarauztarra, Martin anaia bikiarekin hainbat eleberriren sortzaile dena. Ilustrazioaren mundua enkarguen mundua da, epeak betetzekoa, eta Truebak badu gogoa presaren eraginpetik libre egongo den proiektu pertsonal bat abiatzekoa, bere zigilua eramango duena, gustuz eta mimoz landua. Xabierri aipatu dio eta honek baietz, anaia eta biek badarabiltela buruan istorio bat, mitologia eslaviarra eta Gengis Khanen inperioa batuko lituzkeena. Gustatu zaie elkarlanaren ideia eta Josu Igoa ere batu zaie lantaldera, informatikaria bera, proiektuaren hirugarren hanka izango den multimedia garatuko duena. Lauren artean jarri dute martxan lapikoa eta, irakinaldirik gabe, su eztian ondu dute “Buyan”. «Orain sei-zazpi urte hasi ginen komikiarekin –zehaztu du Xabier Etxeberriak–. Garai hartan Martin eta biok heriotzaren inguruko gaiak ari ginen jorratzen, aita gaizki genuelako, eta mitologia zenbait begiratzen ari ginela eslaviarrean dagoen mito batekin egin genuen topo: Buyan hildakoen uhartea da, hildakoen arimak antzara edo beltxarga bihurtuta uharte horretara joaten dira. Txaikovskiren ‘Beltxargen aintzira’ ere mito berean dago oinarritua», esan digu. Maansi da fantasia eta historia uztartzen dituen komiki honetako protagonista. XIII. mendean, egungo Errusian kokatua legokeen sorterria utzi eta itsasorako bidea hartuko du, kondairazko uhartea –eta harekin batera bere emaztea– aurkituko duelakoan. Bidea, baina, ez da nolanahikoa izango: itsasoa erdiesteko, Europara hedatzen ari den Mongoliako Inperioaren eta Zaldun Teutonikoen gurutzadak erdiz erdi zeharkatu beharko ditu. «1241ean, Gengis Khanen biloba Batu Khan, Urrezko Horda berriro ere martxan ipini, eta Europa konkistatzera abiatu zen; Vienaraino iritsi zen. Bestetik, Aita Santuaren baimen batekin, Zaldun Teutonikoek kolonizazio gurutzada bat egin zuten kristau ortodoxoak ziren printzerri errusiarren aurka. Bada, guk bi gurutzada horien artean ipini dugu gure protagonista, Maansi», azaldu du Xabier Etxeberriak. Estiloaren auzia Oinarriak finkatuta, eta garai historikoari fidel lotu nahi zaionaren arduraz, dokumentazio lanari ekin zioten. «Guk dokumentazio lana egin behar izan dugu –aipatu du Etxeberriak–, baina batez ere Aritzek, direla armak, janzkerak, eraikuntzak... asko ikasi behar izan dugu». Baina Truebaren ardura, ilustratzailearena, estiloa zen. «Ze estilo erabiliko nuen? Komikigile bakoitzak du berea eta nik dudan abilezia da estilo ezberdinak landu ditzakedala. Nire produktua izango zenez, nik erabaki behar nuen». Eta, erabakitzeak dakarren arduraz, ikertzen jarraitu zuen, eta topatu zituen Sergey Kolesov («asko gustatu zitzaizkidan bere pintzel zikinak, ilunak, kasik deprimenteak»), Julia Sarda («eta bere kolorearen trataera berezi hori, orbainetara, itzal grisetara jotzen duena») eta, batez ere, Antoine Carrion eta “Temudjin” komikia. «Ni txikitan manga estiloa edandakoa naiz, asko kutsatu ninduen, baina urteekin europar estilora hurbildu naiz, eta hau bien arteko nahasketa da trazu aldetik. Eta Carrionen kolore paleta ere asko gustatu zitzaidan», kontatu du Truebak. Sortzaile trebatuenen eran, inguruan duenetik edan eta bere galbahetik pasatuta eratu du “Buyan”-en erabili duen estiloa, trazua zainduz, orbainak bilatuz, koloreari garrantzia emanez. Badoa denbora aurrera. Hiru urte daramatzate proiektuarekin, sortu dira –eta ebatzi dituzte– gidoia eta marrazkiaren arteko desorekak eta bestelako uretan sartzeko ordua da. «80. orrian geundela, komikia zuri-beltzean zela, hemen mugitu genuen, baina ezezkoa jaso genuen Euskal Herriko argitaletxeetan», oroitu du Truebak. Kolpea ez zen espero izatekoa, baina ezta bereziki gogorra ere. «Nahiz eta komikiak salto handia eman duen, oraindik ez dago apustu gogorretarako eta normalean gauza xumeak argitaratu edo kanpoan arrakasta duten gauzak itzultzen dira euskarara», azaldu du Etxeberriak. Hala, Estatu frantsesean, komikiaren “meka” europarrean, egin zuten proba. Anguleman «ate guztiak» jo eta bost argitaletxe frantziarren interesa piztu zuen “Buyan”-ek, «baita poloniar batzuena ere, eta galiziar batzuk, islandiar batzuk... argitaletxe dezente», Truebaren hitzetan, eta horrek proiektuari «beste berme bat» ematen ziola sinetsita, AEBetan ere saiatzea deliberatu zuten. «Guk ez genuen negoziaketa maila hori kontrolatzen, bana-banako kudeaketa zaila egiten zitzaigun eta AEBetako argitaletxe potente batek [Insight Editions] hizkuntza guztietarako eskubide guztiak erostea proposatu zigunean, hark dituen sare eta esperientziak ikusita, baietz esan genuen. Hala, argitaletxe guztiekin negoziatzeko beharra kentzen genuen eta beraiek proiektua guk baino hobeto defendituko zuten». Frantsesez, ingelesez... eta euskaraz? San Diegoko Comic-Con-en bildu ziren Insight Editionseko ordezkariekin. Etxeberriatarrek egindako ingeleserako eta frantseserako itzulpenak argitaratuko zituzten. «Baina guk erabaki genuen euskaraz atera behar zela bai ala bai –finkotasunez, Etxeberriak–, amerikanoekin jarri genuen baldintzetako bat hori izan zen, eta egin duguna da egin diguten lehen ordainketarekin inprenta ordaindu, euskaraz ateratzeko. Zigilu bat propio sortu behar izan dugu komikia autoeditatzeko eta hor jada ikasi behar izan ditugu ofizioaren parte guztiak: sormena, produkzioa, banaketa, komunikazioa, promozioa... prozesu osoa eraman dugu guk». Baina merezi izan du. «Orain sei-zazpi urte honekin hasi ginenean, nik argi nuen presarik gabe eta mimoz lantzeko proiektua izango zela –Truebak–. Oporraldietan eta asteburuetan, atsedenari eta beste gauza batzuei denbora kenduta egindako proiektua izan da, askatasunez eta nahierara egina. Gustura gaude emaitzarekin, eta hori da balio duena». «‘Buyan’, berez, ez da hemen bukatzen» Nekatuta daudela aitortu dute, orain atsedena behar dutela. Zazpi urteko proiektu bat luze egiten dela. Baina ez dute “Buyan”-ek segida izan dezakeenik baztertu. «‘Buyan’, berez, ez da hemen bukatzen», azaldu du Xabier Etxeberria, komikiaren gidoilarietako batek. «Badu jarraipena, baina ez dago gure esku», zehaztu, Aritz Trueba ilustratzaileak. Xabier eta Martin anaiek eraikitako kontakizunak hiruzpalau komikitarako ematen duela azaldu dute sortzaileek, baina liburuak merkatuan zer harrera duen, eskubideak erosi dituen Insight Edition argitaletxeak zer asmo duen eta beraiek ere ale berriei ekiteko zer indar duten ikusi behar dutela. «Ez dugu deskartatzen, hori buruan daukagu, baina ez bihar goizean hasteko... Orain, deskantsua behar dugu, batez ere Aritzek, guk gidoia landu dugulako eta zuzenketa-eta egon dira, baina Aritzek izan duen lan kargarekin ezin da konparatu. Eta ez marrazten bakarrik, kolorea ere berak sartu du», baloratu du Etxeberriak. Lan karga horri begira jarrita mintzatu da Trueba ere. «‘Buyan’ oso produkzio garestia da, eta istorioak luzerako ematen du. Hasieran batean bost albumekoa zen istorioa eta horrela jarraituta, lehenarekin zazpi urte eman ditugula kontuan hartuta, nire bizi osoko lan bat bilakatuko litzateke... ez da bideragarria. Argitaletxeak benetako apustu bat egiten duen, merkatuan nola funtzionatzen duen... hainbat faktore daude baloratzeko ea jarraituko dugun, ea jarraituko dudan. Gerora argituko diren galderak dira». A.A. 430 ALE Insight Edition argitaletxe estatubatuarrak egin dien lehen ordainketarekin autoeditatu dituzte euskarazko 430 ale. Gipuzkoako zenbait liburu-dendatan eskura daitezke.