NOV. 05 2019 Eskalada Euskal eskalatzaileak «super» txapelketan nabarmendu dira Joan den astean, bost egunez, Espainiako Eskalada Txapelketa jokatu zen Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan. Lau modalitate etaadin maila asko egon arren, azpimarratzekoa da Mikel Linacisorok overall-ean erdietsitako garaipena. Andoni ARABAOLAZA Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari, Fedme-ri, bikain atera zaio eginiko apustua. Espainiako Eskalada Txapelketari buruz ari gara. Joan den astean jokatu zen: bost egunez! Bai, asteazkenetik igandera izan zen, eta aldez aurretik aurkeztutako “egitaraua” ikusita, hala behar zuen. Izan ere, lau modalitatetan jokatu da: abiadura, boulder, zailtasuna eta overall. “Super” txapelketa deitu dio Fedmek, eta, hein handi batean, hala izan zen; izan ere, eskalada lehietan antolatzen diren modalitate guztiek izan zuten tokia. Overall-a ahantzi gabe, gainera. Bai, heldu den urteko Olinpiar Jokoetan formatu hori izango da nagusi. Hori gutxi ez, eta Paraeskalada Txapelketa ere jokatu zen. Diziplina horiek guztiak jasoko zituen egoitza egoki baten bila jardun zuen Fedmek, eta erakundeari egokiena aukeratu zuela aitortu behar zaio: Berriobeitiko Rocopolis rokodromoa. Egitura bikainak eskaintzeaz gain, gogoratu behar da espainiar Estatuan abiadura probak antolatzeko murru ofizial bakarra Rocopolisek berak duela. Hain zuzen ere, lehen aldiz, seniorrez gain, 14, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategoriakoek ere abiadura proba batean parte hartu zuten. Eta ez zen berritasun bakarra izan. Bestea, arestian aipatu dugun overall formatua izan zen. Festa hau aurrera atera ahal izateko, bitarteko asko jarri ziren, eta zutabe bat ekipatzaileen taldea izan zen. Sei lagunek jardun zuten bideak eta blokeak hornitzen: Gerard Rullek, Ion Gurutz Lazkozek, Carles Brescok, Toti Valesek, Kimy de la Peñak eta Lucas de Jesusek. Gaztetasuna eta eskarmentua elkartu ziren “super” txapelketa horretan 27 bide eta 78 bloke prestatzeko. Erkidego askotatik iritsi ziren Rocopolisera; hots, makina bat eskalatzailek hartu zuten parte hitzordu nagusi horretan. Arestian esan bezala, bost kategoria izan ziren; hasi 14 urtez azpikoen mailarekin eta amaitu seniorrekin. Bost egun horietan izan diren norgehiagokak kontuan hartuta, laburbilduta esan dezakegu txapelketa bikain atera zela. Bai, eite guztietatik begiratuta. Ikusleei dagokienez, jakina, jaiegunetan askoz ere gehiago hurbildu ziren Berriobeitiko eraikinera. Emaitza bikainak Euskal Mendizale Federazioak zein nafar federazioak ordezkari asko eraman zituzten Espainiako Txapelketara. Denek ez zuten bat egin diziplina guztiekin. Batzuek soilik modalitate batean jardun zuten, beste batzuek gehiagotan eta izan ziren guztietan lehiatu zirenak. Oro har, lasai asko esan dezakegu lortu dituzten emaitzek nota altua izan dutela. Garaipen eta podium asko sinatu zituzten. Eta horien guztien artean nabarmentzekoa da Mikel Linacisorok overall-ean lortutako garaipena. Eta hori azpimarratzen dugu aurrerantzean “olinpiar estilo” horrek gero eta garrantzia handiago izango duelako. Bost egun horietan jokatu ziren kanporaketa, finalerdi eta final guztiak aipatzeak luze joko lukeenez, azken fasean euskal ordezkariek egin zituzten jardunak aipatuko ditugu soilik. Abiadurakoa izan zen lehen finala. Linacisoro, seniorretan, hirugarren postuan sailkatu zen. Baina azpimarratzekoa da 18 urtez azpikoen mailan, mutiletan, podium osoak euskal kolorea izan zuela. Garaipena Iker Carrerarentzat izan zen; bigarren postua, Unax Utergarentzat eta hirugarren postua, Martzel Vicariorentzat. Nesketan, Oihane Ruizek brontzea eskuratu zuen, eta kategoria bat beherago Haizea Osesek, zilarra. Joan den larunbatean, egun osoko jardunaldia izan zuten lehiakideek. Goizez blokeko finalak jokatu ziren eta arratsaldean zailtasunekoek izan zuten protagonismoa. Eneko Carreterok blokeko modalitatean soilik jardun zuen, eta apustua ondo atera zitzaion. Zumaiarraren aurretik Alberto Gines soilik sailkatu zen; hots, Espainiako Estatuan egun dagoen lehiakide sasoikoena. Beraz, Carreterok, seniorretan, zilarra eraman zuen etxera. Diziplina horretan beste euskaldun bat igo zen podiumera: Ainhize Belar, 14 urtez azpikoen mailan. Hirugarren kutxara igo zen. Atseden handirik hartu gabe, arratsaldean zailtasuneko finalak ikusteko parada egon zen. Boulderrekoan ez bezala, euskal ordezkariek domina gehiago eskuratu zituzten. Seniorretan, adibidez, lehen hiru sailkatuek berdinketa egin zuten; gainera, hirurak katera heldu ziren. Baina beste faseetan eginiko lana kontuan hartu ondoren, Gines berriro podiumaren lehen kutxara igo zen. Bigarrena Linacisoro izan zen eta hirugarrena, Bittor Esparta. 14 urtez azpikoetan, Belar gazteak berriro jardun ederra egin eta zilarra erdietsi zuen. Podiumaren laugarren eta azken euskal protagonista Vicario izan zen. 18 urtez azpikoen mailan, hirugarren postuan sailkatu zen. Joan den igandean, bestalde, overall formatuari ere zabaldu zitzaion atea. Seniorrek soilik hartu zuten parte. Sei lehiakidek, hain zuzen ere; hots, beste hiru diziplina horietan sailkapen onenak lortu zituzten eskalatzaileek. Mutiletan erregularrena Linacisoro izan zen. Beraz, bergararrak eraman zuen garaipena, abiaduran (7.84 segundo) lehena izan ondoren, hirugarrena blokean eta bigarrena zailtasunean. Azpimarratzekoa da ere Espartak eginiko lana. “Olinpiar formatu” horretan brontzea eskuratu zuen. Abiaduran seigarrena izan zen, baina boulderrean irabazi zuen proposatutako hiru blokeetan top egin ondoren; hori egiten bakarra izan zen. Eta zailtasunean, laugarren postua sinatu zuen. Azkenik, Paraeskalada Txapelketan bi euskal ordezkarik hartu zuten parte: Pablo Blancok eta Marta Pechek. AU2 eta RP2 kategorietan parte-hartzaile bakarrak izan ziren.