Pakistango Abbottabadetik Siriako Barishara
Bi argazkiren arteko konparazioan laburbildu du arazoa Ameriketako Estatu Batuetan jada kronifikatu den barne-liskar politikoak. Betiko moduan, barnera begira soil-soilik. Kanpoko mundua dekoratua besterik ez balitz bezala.
Abu Bakr al-Baghdadiren hilketa iragarriz Trumpek egindako agerraldi trauskilaren ondoren, «instituzionaltasun» itxura gehixeagoko argazkiarekin jantzi zuen Etxe Zuriak abagunea: Trump, Pence eta konpainia situation room-ean... posatu bat egiten. Guztiak kamerari begira, traje-gorbata nahiz galako uniformez jantzita. Berehala sutu zen, nola ez, 2011ko maiatzaren 2arekiko alderaketa. Obama, Clinton eta gainerakoak Osama bin Ladenen ehiza arreta biziz jarraitzen, itxura informalagoan bederen. Eta horretan ere ezin irabazi Trumpen bufoi-antzerkiak.
Hausnar serioagorik merezi luke, ordea, bi hilketa goretsion arteko alderaketak. Munduaren ikuspegitik, batik bat. Munduko lehen potentziaren eta haren aliatu nagusietako batzuen arteko harremana dagoelako tartean, bete-betean. Osamarekin, kontuak garbitu nahi izateko arrazoi sendoak zituzten AEBek. Baina aliatu funtsezko bezain zalantzagarri baten babespean zegoen hura. Fisikoki. Pakistango Armadaren akademia nagusietako batetik metro gutxira. Horregatik, luzea, nekosoa eta arriskutsua izan zen Abboattabadeko operazioa. Ondo atera zitzaien estatubatuarrei, epe motzera behintzat.
Beste aliatu funtsezko bezain zalantzagarri baten besoetan zegoen Al-Baghdadi, azkenaldian bederen. Turkiarekiko mugatik bost kilometro eskasera, Barishan dagoen “kaiola” batean, Siriako gerrarako arma-kontrabandoa egiteko berariaz eraikitako azpiegitura batean. Adiskiderik apenas eta etsaiak erruz zituen leku batean. Kaiolan egindako ehiza izan da. Ezin kale egin. Incirlikeko basetik haraino dauden 150 kilometroak zeharkatzeko estatubatuar helikopteroei baimena eman zienarena zen kaiola, noski. Prezioa jakitea falta da orain. Trukea, eta ez doakoa, izan dela nahiko argi baitago.