Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Askatasunak jomugan

Herenegun sartu zen indarrean Estatu espainoleko azken lege-dekretua. Bere urgentziazko tramitazioa azken asteotako gertakari larriekin argudiatu dute: testuan literalki Herrialde Katalanak aipatu gabe, baina lege-dekretuaren propagandan «online eta offline independentzia», ez bata ez bestea ez direla posible izango azpimarratuz.

Nire ustez, lege-dekretu honek ezartzen dituen aldaketen larritasuna, batez ere, bi erabakitan dago. Batetik, Espainiako Gobernuak edozein motatako eta mailatako komunikazio digitalak bertan behera utzi ahalko dituela, urgentziaz eta justiziaren esku-hartzerik gabe. Edozein mota eta mailatako komunikazioak; eta erabaki judizialik gabe. Bertan behera uzteko arrazoien hedapen esanguratsuan dago berritasuna: ordena publikoa eta Estatu espainolaren segurtasuna mehatxupean egotea gehitzen du. Bi hitzetan: nahi dutenean.

Bestetik, norbanakoen identifikaziorako sistema baliagarriak mugatu egiten ditu. Lege-dekretu berriarekin, Estatu espainoleko nortasun agiria da identifikazio fisiko eta digitalerako bide bakarra. Eta, esplizituki, identifikaziorako tresna gisa, erregistro banatuko teknologien erabilera debekatzen du. Blockchain teknologiaz ari dira. Modu horretan, Europak prozedura publikoetan blockchain teknologiaren erabilera erregulatu bitartean, debekua ezartzen da. Esan gabe doa, honek idCat proiektua du jomugan (idcat.cat). Eta definizioz, eta EAEra ekarriz, Izenpe erakundearen egitekoa deuseztatzen du.

Legea salbuespenezkoa eta behin-behinekoa omen da. Teknologien zuzenbideko zenbait adituk errekurtsoak aurreikusten dituzte, espainiar Konstituzioaren aurkakoa dela iritzita. Agian propaganda elektoral hutsa da. Baina jada indarrean dago. Eta herritar gisa ditugun askatasun digitalen aurkako urrats larria da.

Areago, egun, askatasun demokratikoak ezin ditugu askatasun digitalak hor sartu gabe ulertu. Eta Herrialde Katalanen askatasunen kontrako mezu gisa saldu den arren, gure askatasun(ar)en murrizketa ere ekarriko du.